Legamia…

Hitzaldi bati buruzko iruzkina irakurri dut: Izan zaitezke feminista euskaltzale izan gabe?
Eta ekologista? Izan zaitezke ekologista euskaltzale izan gabe? Eta justizia sozialean sinetsi?
Jon Sarasuak hiru motibazio nagusi aipatu ohi ditu: fluxu motibazioa, pragmatikoa eta balio erantsiarena. Laugarren eta bostgarren bat ere eransten ditu: paradigmaren motibazioa eta mintzoaren ahalmena. Sarasuak esan ohi du paradigmaren motibazioa aurrekoak baino minoritarioagoa dela. Legamia ere deitzen dio. Honela azaltzen du berak:

Aurreko hiru motibazio horiek pertsona batzuen kasuan ez ziratekeen aski izango, hizkuntza beste amets zabalago baten gako izan ez balitz. euskara bestelako mundu baten ametsaren garraiatzaile ere izan da askorentzat, paradigma zabalago baten apustu.

Ez dago gaizki esana!

Antzeko ideia Txepetxi irakurri izan diogu. Buruz ari naiz [eta -agian- oker ere bai, aipua ez baitut inon aurkitu]. Oker ez banago, hizkuntza funtzioak zerrendatu ondoren (identitatea, familia, lana, herria, nazioa, kultura eta nazioartekoa), Txepetxek iradoki omen zuen euskara eta gainontzeko hizkuntza minorizatuak funtzioen eskalan denik eta funtziorik garrantzitsuena betetzera deituak direla: elkartasunaren hizkuntzak izatera, alegia.
To eta no!

Populismoak kutsu peioratiboa du gure artean: demagogiarekin lotu ohi da, planteamendu arrazionalen gainetik planteamendu emozionalak nagusitzearekin, lidergoekin…Ernesto Laclau-k “La razon populista” liburua idatzi zuen 2005. urtean eta bestelako esanahia proposatu zuen: horren arabera, populismoa subjektu kolektiboa eraikitzeko prozesua da, demanda partikularretatik abiatzea osotasun bat eraikitzeko. Hortaz, demanda partikular horiek artikulatzea da gakoa: “ekibalentzia-kateak” eraikitzea eta demanda horiek guztiak ekibalente bihurtzea. Artikulazio horretarako zerbait behar zela zioen: ideia bat, pertsona bat… inorena ez delako denona izan daitekeen zerbait… demanda horiek guztiak ordezkatu ditzakeen¬†ideia bat… Significante vacio deitu zion horri.Ideia baten aurkia eta ifrentzua dira.
Badakit euskara ez dela demanda partikular bat, ezta feminismoa, ekologismoa eta¬†justizia soziala ere… baina erronka interesgarria da horiek guztiak nola edo hala artikulatzea.