Hizkuntzen ekologia eta ekologiaren hizkuntza

> Bat

Bikaina iruditu zait Unai Pascualek eta Dylan Inglisenek People and Nature aldizkarian argitaratu duten artikulua. Bikaina irudi zait, halaber, Elhuyar aldizkariak eman dion titularra: “Hizkuntza gutxituen defentsa instrumentu ahaltsua da planetaren jasangarritasuna lortzeko”.

Izan ere, azaldu dutenaren arabera, naturari hiru balio-mota ematen dizkiogu nagusiki: balio instrumentalak, balio intrintsekoak edo harreman-balioak. Egileek frogatu dute badela patroi bat perfil soziolinguistikoaren eta natura balioztatzeko moduaren artean. Horren arabera, erlazionaturik daude euskal hiztuna izatea eta naturari harreman-balioa ematea, hau da, euskal hiztunengan nagusi dira harreman-balioak. Zergatik? Elhuyar aldizkarian erantzuna: “Harreman-balioek zerikusi handia dute gure identitatearekin. Eta identitate hori hainbat gauzarekin elikatzen da. Euskaldunok lotura estua dugu gure paisaiarekin eta baita euskararekin ere, gure identitatearen parte dira”.

> Bi

Esango nuke adin batetik gorako euskaltzaleak aldi berean mendizaletu eta euskaltzaletu egin zirela. Nik neuk ere nahiko loturik bizi izan ditut euskara, natura eta mendia. 

Bitxikeria bat: Gasteizko mendi-talde nagusietako batek Gazteiz izena duela (bai… biak z letraz idatzia). 50 urte bete ditu. Taldea sortu zutenek ez zuten, ziur aski, euskara maila handi-handirik izango, baina garbi zuten taldearen izena euskaraz izan behar zela.

> Hiru

Arran Stibbe irakasleak Ecolinguistic liburua argitaratu zuen duela zenbait urte. Bigarren izenburua are esanguratsuagoa da: “Language, Ecology and the Stories We Live By” (Hizkuntza, ekologia eta bizi gaituzten errelatoak).

Egilearen arabera, ekolinguistikak bi enfoke biltzen ditu: hizkuntzen ekologia eta ekologiaren hizkuntza, nolabait esatearren. Lehen enfokearen helburua da kultura- eta hizkuntza-aniztasuna defendatzea. Bigarrenak ekosistema kaltetzen duten diskurtsoak identifikatzea eta agerian jartzea du helburu.

Hori horrela, “bizi gaituzten errelato horiek” egitura kognitiboak direla azpimarratzen du, pertsonengan edo jendarteetan sortuak (kognizio sozialak ere baitaude). Egitura kognitibo horiek baldintzatu egiten dute ingurunearekin nola harremantzen garen. Ekolinguistikak errelato horietako batzuk desenmaskaratu nahi ditu: kontsumoari buruz hitz egiten duten errelatoak, etenik gabeko hazkundeari buruzkoak, publitatearenak, natura erraminta edota baliabide huts gisa aurkezten dutenak, eta abar… Liburuan, horien atzean dauden mekanismoak azaltzen ditu: ideologiak, framing-ak, metaforak, balioespenak edo ebaluazioak, ezabapenak, identitatearen teoriak, usteak eta sinismenak, errelatoak… Hori guztia on-line ere bada, ikastaro bihurtua, eta libre da sarbidea. Hemen: http://storiesweliveby.org.uk/

> Lau

Yásnaya Elena Aguilar Gil mixe hiztuna da: hizkuntzalaria, idazlea, itzultzailea, ikerlaria eta, batez ere, hizkuntza aktibista. Oso aktiboa da sare sozialetan eta handik ezagutzen dugu askok. Hizkuntzei buruz ari garela, Mexikoko eta Abya Yala osoko ahotsik interesgarrienetako bat dela iruditzen zait. Merezi du bere testuak irakurtzea. Blog bat idazten du hemen: https://estepais.com/blogs/ayuujk/

Hizkuntzaren eta lurraldearen defentsa aldarrikatzen du, eta ingurumenak ere bereziki kezkatzen du. Azken hilabeteetan dokumental-sorta bikain batean parte hartu du, Gael Garcia Bernal aktorearekin batera (Mozart in the Jungle). “El Tema” du izenburu, eta krisi ekologikoaz dihardu. Dokumentalak Youtuben daude ikusgai: https://www.youtube.com/playlist?list=PLbMoWSB2Wa9pNH1ruQT_p8pqUs6A4H1eU

> Bost

Iruditzen zait Bitoriano Gandiaga izan dela naturarekiko eta hizkuntzarekiko maitasuna hobekien uztartu dituen euskal idazlea. Gandiaga euskaltzalea ezagutzen genuen:  

“Hemen / euskaraz ez dakienak / berak jakingo du / zergatik ez dakien. / Baina hemen / euskaraz ez dakienak / ez digu uzten / euskaraz egiten. / Baina eta hemen / euskaraz jakin arren / euskaraz mintzatzen / ez denak ere / ez digu uzten / euskaraz egiten”.

Joxe Azurmendiren “Azken egunak Gandiagarekin” liburua irakurri berritan, ordea, deigarria egin zait naturari eta lurrari buruzko bere ikuspegia. Atabismo kutsua antzematen zaio Gandiagari (Teologia baino lehen geologia dago. Mendiok giza arrastoen kaligrafiaz idatzita daude. Bakarrik kaligrafia hori irakurtzen jakin behar da). Natura ezagutu eta natura maitatu. Kasik imajinatu dezaket, Arantzazutik gorako bideetan, txoko, landare eta harri guztiak ezagun dituela.

Joxe Azurmendiren ustez, Gandiagak ederki bateratzen zituen bi ikuspegiak: hizkuntza eta lurraldea. “Euskara ere lurragaz identifikatzen da: “lur baten/ azalpen/ jatorra” (HGB, 107). Lurra ama da, “magalean naukan… Ama”. Euskararen alde borrokatzeak eta euskara lantzeak, Gandiagarengan, bere lurra –bere Natura, identitatea– defendatzearen eta lantzearen aiurria du.”

> Sei

Jon Sarasuak Arantzazutik Aizkorrirako igoera erabiltzen du euskara indarberritzeko bidearen irudi gisa. Duela 50 urte ekin genion eta meritu handiko bidea egin dugu, baina orain «Urbiako lainopean» gaude, hemendik aurrerakoa argitu nahian.

Arabarra izanik, Zumarraunditik abiatuta egin ohi dugu Aizkorriko bidea (edo Otzaurtetik). Nik neuk gutxitan igo dut  Arantzazutik. Eta egia aitortu behar badizuet (barkatuko didazue, ezta? ), beti pentsatu izan dut ibilbidea Urbiatik aurrera bihurtzen dela benetan interesgarri.