Bultzada txikien indarra: nudgegintza

JEAN-CLAUDE CORBEIL Quebeceko soziolinguistak komunikazio instituzionalak eta komunikazio indibidualizatuak bereizi zituen, dinamika soziolinguistikoak hobeki azaltzeko. Horren arabera, posiblea da hizkuntza komunitate batek komunikazio instituzionalizatuetan aurrera egitea eta komunikazio pertsonalizatutan atzera. Horrelako adibide ugari ditugu, eta ez oso urrun. Egia esanda… da horren sinplea. Ikuspegi sistemiko batetik, elkarreragina da, beti ere. Komunikazio instituzionaletako erabilerak eragina du pertsonarteko erabileran, eta alderantziz.

Horiek horrela, Albert Bastardas irakasleak mikropolitika linguistikoak aldarrikatu izan ditu pertsonarteko erabileran eragiteko. Bere ustez, ahalegin bat egin behar dugu hizkuntza jokabideen atzean dauden mekanismoak ulertzeko, eta horietan eragiteko.

Besteak beste, “nudge” kontzeptua proposatu du, ekonomian Richar Thaler-ek formulatu zuen teoriaren haritik. Izan ere, jokabidea estimulu edo ekintza txikien bidez bideratu daitekeela uste du. Bultzada txikiak garantzitsuak dira pertsonek bestela hartuko ez lituzketen hautuak hartzen laguntzeko. Ez da inposizio bat. Testuinguru egokiak sortzea da besteek guri interesatzen zaigun zerbait bat dezaten, behartuak edota “bideratuak” sentitu gabe. Hautatzen uztea, baina testuinguru egokia sortzea hautaketa “ona” izan dadin. Erabakiak ez dira prozesu arrazionalak; erabakiak ez dira hartzen aldeko eta kontrako faktoreak ondo aztertu ondoren. Erabaki txikiak, batez ere, testuinguruaren arabera hartzen dira… eta ez dago testuinguru neutrorik. Politiketan, hortaz, bidezkoa da gure helburuetarako testuinguru egokiak eraikitzea: erabakien arkitektuak izatea.

Horri guztiari “paternalismo libertarioa” deitu dio Thaler-ek bere liburuan. Ingelesez, “Nudge: Improving Decisions About Health, Wealth, and Happiness” du izenburua. Gaztelaniaz, “Un pequeno empujon (Nudge)”.

Adibide batzuk:

  • Hainbat herrialdetan pentsatzen hasi dira pentsio-funtsetan izena emateko prozedura automatikoa izatea. Gero, jakina, norbera libre da, nahi izanez gero, baja emateko.
  • Internet ere mundiala da horretarako. Zapata berriak erostekotan, begiratzen ari zarela: “artikulu hau agortzear dago. bi ale besterik ez da geratzen” agertuko da. Zaila da abisu horri aurre egitea. Liburu bat erosi berri duzula ere, antzeko oharra agertuko da: “liburu hau erosi dutenek hau eta hau ere erosi dituzte. Erosi nahi dituzu?”.
  • Konturatu zarete? Janariak zapore hobea du izen luze edo exotikoa duenean, Zer nahiago duzue bigarren platerako? Arraina ala Arrain zuria erroma erara limoiarekin? Diotenez, eraginkorragoa da janari osasuntsua ikusgarriago egitea zabor-jana debekatzea baino.
  • Zergak ordaintzeko orduan, ohartxo bat bidali ohi dute Estatu Batuetan. Azterketa txiki bat egin zuten hiru mezurekin: lehenak zergak ordaintzearen onura sozialak azpimarratzen zituen; bigarrenak zergak ez ordaintzearen ondorio legalak; eta hirugarrenak, herriko zergadunen artean gehiengo handi batek zergak ondo eta garaiz ordaintzen zituela informatzen zuen. Hirugarrena izan zen eraginkorrena. Antza denez, ez da komeni eragin sozialaren indarra gutxiestea.

Horiek guztiak nudge-ak dira: bultzada txikiak. Gure arloan ere egin izan dira, eta gehiago egin zitezkeen. Esate baterako, nudgeak dira:

  • Ordenadore edo mugikorretako sistema eragina defektuz euskaraz izatea.
  • Erakundeetako harrera guneetan, hizkuntza paisaia lehentasunez euskaraz izatea. Lehen hitza euskaraz izatea…
  • Kirol saioak programatzeko orduan, euskarazko saioak ordurik egokienean antolatzea.
  • Dena delako ikastaroa, euskaraz bada, merkexeagoa izatea.
  • Telebistako albistegiak berregituratzea. ETB1 eta ETB2. Zeinek ordutegirik onena? Zeinek emango du informazioa osatuago?
  • Liburutegietan eta liburu-dendetan euskarazko liburuak non jarri?
  • Zer egin ahal dugu euskaltegietako matrikulazio-prozesua ahalik eta sinpleena eta ahalik eta azkarrena izateko? Trabak nola kendu? Klik bakar batekin matrikulatzeko bidea nola sortu?
  • Erronka txikiak sortzea eskoletan, X denbora tartean euskara gehien erabili duen gela zein izan den ikusteko eta saritzeko.
  • /…/

Azken batean, hiruki bat sortzea da: arauak, pizgarriak eta bultzadak.

Albert Bastardasi gaizki ulertu ez badiot, mereziko luke horren guztiaren lanketa sistematiko bat egitea, eta eraginkortasuna ebaluatzea.

Txikiak handi: maila mikroan jardutearen handitasuna

Mikrosoziolinguistika

Sorreratik bertatik bere diziplinartekotasunaren apologia egin du soziolinguistikak: hainbat iturritatik emaria jaso, urak nahasten utzi, eta ur berria eskaini.

Nahasketa horretatik makro eta mikrosoziolinguistikaren arteko bereizketa interesatzen zait bereziki. Badirudi makrosoziolinguistika soziologiatik gertuago dagoela; eta mikrosoziolinguistika, aldiz, soziolinguistika bariazionaletik, komunikazioaren etnografiatik edo soziolinguistika interakzionaletik.

Eztabaidagarria izan daiteke, jakina. Xabier Erizek, esate baterako, bien arteko lotura azpimarratzen du: “bi lagunen arteko elkarrizketa bat mikro-soziolinguistikari dagokiola esan daiteke, baina bata euskalduna eta bestea erdalduna baldin badira, baliteke haien elkarrizketan bi hizkuntza komunitateen arteko harreman orokorrak islatuta agertzea, eta, orduan, makroarekin topo egingo genuke”.

Niri ere —Txerrak esan ohi duen bezala– mikrosoziolinguistika interesgarriagoa egiten zait, eguneroko harreman sareak eta lekuan lekukoak ikertzen dituelako.

Mikropolitika linguistikoak

Treballs de Sociolingüística Catalana aldizkariaren azken alean [2019] Emili Boix-Fuster-ek elkarrizketa luze bat egin dio Albert Bastardas irakasleari. Bertan mikropolitika linguistikoen beharra aldarrikatzen du, eskolarako, bereziki.

Ideia iradokitzailea da: «mikropolitikak»proposatzen ditu, egoera informaletan euskararen erabilera handitzeko. Bere ustez, lehentasunezkoa da katalana harreman interpertsonaletan indartzea, batez ere, katalana lehen hizkuntza ez duten haur eta gazteei begira. Eguneroko elkarrekintza horiek behar-beharrezkoak dira, haur eta gazte horiek katalanez behar besteko jariotasuna eta bat-batekotasuna eskura ditzaten. Eskolak ezin die hori eman, eta hori gabe nagusitu egiten da gaztelaniaren inertzia.

Haur eta gazte horien ahozko hizkuntza «kolokializatu» behar da. Horretarako estrategiak bilatu behar dira. Hor dago, Bastardaren ustez, gakoa. Ikasleek ezin dituzte gaitasun horiek ikasgelan jaso. Gauza batzuk nekez ikasi daizteke : didaktikoen bidez. Hizkuntza kolokiala nekez irakatsi daiteke gelako lau hormen artean. Gakoa da horrelako interakzioak ugaritzea: ahalik eta interakzio gehien, ahalik eta esanguratsuen; kantitatea eta kalitatea, alegia.

Mikronazionalismoak

Feminismoak garatu duen «mikromatxismo» kontzeptutik abiatuta, Micro Nacionalismos liburua argitaratu du Jorge Cagiao irakasleak. Mikronazionalismoak, mikromatxismoen antzera, oharkabean joan ohi dira, arreta handiz begiratu eta aztertu ezean. Liburuak horixe nahi du: jokabide horiei mozorroa kendu, eta agerian jarri. Joxe Manuel Odriozolak oso artikulu polita idatzi du horretaz, berria egunkarian: mikronazionalismoa

This image has an empty alt attribute; its file name is NacionalismoBanal_150ppp-1-e1565199021221.jpg

Michael Billig soziologoak Nacionalismo banal kontzeptua sortu zuen fenomeno hori adierazteko. Erabat ezarrita dauden komunitateetako nazionalismoari “Nacionalismo banal” ditu dio: mekanismo ideologiko bat da, komunitate horretako kideei etengabe gogoratzeko komunitate (hots, nazio) horretako kide direla, eta, beraz, beste komunitateetako (beste nazioetako) kideengandik ezberdinak. Nazionalismo hori ez da une jakinetan ageri; etengabea da, erabat jarraitua, endemikoa. Oharkabean joan ohi da, paisaiaren parte baita. Ez dago agerian: eguneroko bizimoduaren parte bihurtu da.

Mikrodesobedientziak

Lurralde Askea mugimenduak “Ongi bizitzeko 100 konpromiso” izeneko liburua kaleratu zuen orain dela urte pare bat. Maila indibidual zein kolektiboan, eraldaketarako konpromiso txikiak dira, barne-barnean desobedientziaren ideia dutenak. Mikrodesobedientziak dira. Atal batek oso-osorik euskara du hizpide, eta hainbat konpromiso proposatzen ditu: euskararen aldeko ekimenak babestea, euskaraz ari den talde baten komunikazioa ez oztopatzea, euskara ikastea eta hobetzea, elkarrizketa guztiak euskaraz hastea, euskararen aldeko diskriminazio positiboa bultzatzea eta abar.

Liburuak merezi du.