Pertzepzioaren balioa

547123-340x340Jordi Solé i Camardons irakasleak Sociolingüística per a joves liburua argitaratu zuen 1988. urtean. UEUk eta EKBk euskarazko bertsioa egin zuen urte batzuk beranduago: Soziolinguistika Gazteentzat. Orain dela lau urte, 2012an, liburu horren edizio berritua egin dute herrialde katalanetan: Sociolingüística per a joves del segle XXI. Una perspectiva catalana.

Azken bertsio horrekin aritu naiz azken asteotan.

Bigarren kapituluan soziolinguistikaren hainbat kontzeptu orokor azaltzen ditu: hizkuntza erabilerak, egitura linguistikoak, erabilera-eremuak, erabilera intentzionala, erabilera konbentzionala, erabilera-arauak, gizartearen funtzio linguistikoak eta hizkuntzaren funtzio sozialak, glotofagia, hizkuntzaren eskaintza eta pertzepzio linguistikoa (edo hizkuntzaren balioari buruzko pertzepzioa).

Azken horri garrantzi berezia ematen dio. Egileak M. Strubell irakaslearen iritzia ekartzen du liburura, haren ustez pertzepzioak aldatzea eraldaketa soziolinguistikoen abiapuntua izan baitaiteke. Haren ustez, erabilerari eta prestigioari buruzko pertzepzioak era bateko edo besteko jarrera sortzen ditu, eta horren araberakoak izango dira hizkuntza jokabideak. Honela eskematizatzen dute:

  • Egoera soziolinguistikoa 1 + pertzepzioa 1 = jokabide linguistiko ez nahikoa.
  • Egoera soziolinguistikoa 1 + X normalizazio-neurriak + Hizkuntzaren eskaintza handiagoa = pertzepzioa 2.
  • Egoera soziolinguistikoa 1 + pertzepzioa 2 = jokabide linguistiko berria

Iruditzen zait planteamendu horrek zerikusi handia duela Giles, Bourhis eta Taylor ikerlariek proposatu zuten bizindar etnolinguistikoaren eredu teorikoarekin. Horien arabera, bizindar etnolinguistikoa hiztun-taldeari kolektibo gisa jokatzeko gaitasuna ematen dioten faktoreen multzoa da: faktore demografikoak, estatusa eta sostengu politiko-administratiboa. Faktore objektiboekin batera, bizitasun etnolinguistiko subjektiboa ere mahai gainean jarri zuten; alegia, faktore horien inguruan hiztunek dituzten usteak eta hautemateak.

Pertzepzio horik jasotzeko galdetegi estandar bat sortu zuten: «Subjective Vitality Questionnaire» (SVQ). Kataluniako egoerari egokitutako galdetegia eskuratu ahal izan dut (gazteleniazko bertsioan). Galdetegiak 22 item ditu, eta katalanaren zein gaztelaniaren inguruko pertzepzioak galdetzen ditu: bost estatusaren inguruan, sei faktore demo-linguistikoen inguruan eta zortzi sostengu intituzionalaren ingurukoan.

Hona galdetegia:

galdetegiaHoriez gain bi item global ditu galdetegiak: galdetzen zaie hizkuntzetako bakoitzak gaur egun duen indarraz eta balioaz,  eta hemendik 30 edo 40 urtera izango dutenari buruz.

Ez dakit zuei, baina niri galdetegi interesgarria iruditzen zait oraindik ere. Horregatik pentsatu dut hona ekartzea.