Euskararen periferia

UEUko udako ikastaroak Gasteiztik ere igaro dira. Ekainaren 30ean bi izan ziren IAK kulturgunean; izenburuak zein baino zein iradokitzaileago: lehena, Euskararen periferiak / periferia euskaldunak: esperientziak eta oinarriak eta bigarrena, Gaur egungo Euskal Herria, kolonialismoaren emaitza al da? Pena bietara joan ezina. Gainera hasieratik nahiko nabaria zen bi gaien arteko gurutzaketa interesgarriak egon zitezkela.Lehenean egon nintzen ni.

Antza denez Edurne Azkarateri Hala Bedi irratian egin zioten elkarrizketa batean sortu zen ikastaroaren ideia. Elkarrizketa hemen: https://halabedi.eus/es/halabeditarrak-edurne-azkarate-jendea-nazkatu-egin-da-bigarren-mailako-euskaldun-izateaz/ Edurne Azkarate bera ikastaroan egon da eta oso ideia probokatzailea bota zuen: Periferiako euskaldunok behar-beharrezkoak gara, erdiguneko euskaldunek Euskal Herriaz duten irudiari eusteko. Gu gabe, haiek ere ez lirateke izango.

Periferia ezberdinak daude eta dira. Hiztun berri arrazializatuak periferiakoak dira. Herri erdaldunduetako euskaldunak periferikoak gara. Emakumeak periferikoak dira. Are gehiago genero-disidenteak. Funtsezko ideia da intersekzionalitatea, nahiz eta ikastaroan esplizituki apenas aipatu.

Dane Sarriugarteren aipu batekin ere gogoratu naiz. Erdi brometan eta erdi serio esan ohi du eredu heteronormatiboa den gizon zuri, hetereo, zis, klase ertainekoak baduela parekide bat euskararen munduan: gizon gipuzkoarra, euskaldun zaharra, landa eremukoa… Horiek omen dira euskararen erdigunea, eta. hortik kanpo, periferietan bizi garen guztiok, disidenteak gara, neurri batean edo bestean. Broma bat da, jakina… baina, aitortu behar da, duela ez horrenbestera arte, bazegoela halako ideia bat gure imajinarioan..

Aspalditxo Oionen antolatu zen Araba Euskaraz gogoratu dut. “Non eta mugan” leloa erabili zuten erdiguneko jendea erakartzeko. Abestia ere sinplea zen, baina zuzena:  Hor konpon Araban Euskaraz! Hor konpon mugaraino goaz! Inpresioa dut mezuak eta leloak ederki funtzionatu zutela.

Ondoko ikastaroan ez dakit zertaz hitz egin duten. Zeozer jarraitu dut sareetatik baina ezer gutxi. Pentsamendu dekolonialetik irakurri dudan apurrak Gloria Anzaldua antropologoaren izena ekartzen dit gogora. Bere pentsamenduak badu periferiarekin zerikusirik, berak mugalde kontzeptua erabiltzen badu ere. Izan ere Anzalduak mugalde kontzeptu hori landu du, ikuspegi dekolonialetik. Haren hitzetan mugaldea espazio liminal bat da (nola esaten da liminala euskaraz?), non kulturak, hizkuntzak eta identitateak gurutzatzatu egiten diren, batzuetan elkarrekin talka eginez eta beste batzuetan txirikordatuz. Mugaldeak disputa-guneak dira. Identitateak etengabe negoziatu behar direneko lekuak: egokitu eta berreraiki, harik eta identitate hibridoak osatu arte. Mugaldeak ez du zertan kutsu negatiboa izan: autodeskubrimendu-prozesua ere bada, gogoetarako gunea, espazio sortzailea… 

Mugaldea zubia ere bada: bi lurralde lotzen dituen espazioa. Esan gabe doa, Anzalduak mugaldeaz hitz egiten duenean ez dela soilik mugalde geografikoez ari.

Anohni and the Johnsons taldeak diska oso bat sortu zuten Anzalduaren ideia horretan oinarritua: ‘My Back Was A Bridge For You To Cross’. Entzun nahi?

On-line kurtso batean ikasiak

lurraldea-eta-hizkuntza

Bi ikastaro egin berri ditut MOOC formatuan (MOOC: Massive Open Online Course). Bata UABk Coursera plataforman antolatutakoa; bestea UEUk Moodle plataformaren bidez emandakoa. Coursera MOOC ikastaroak antolatzeko berariazko plataforma da, Moodle ikastaro birtual tutorizatuak emateko sortua da, nahiz eta, malgua denez, MOOC formatuan ere ondo funtzionatzen duen. Ikastaro biak oso ezberdinak izan dira. Lehen begiratuan UABren ikastaroa hobeto antolatua iruditu zait: ikastunitate landuagoak, materialak ikastarorako berariaz sortuak, edukiak hobeto artikulatuak. Perspektiba zabalago batetik, ordea, ez dakit zer esan… UEUk antolatutako ikastaroa oso aberasgarria iruditu zait. Ikastaroa zein izen den? Euskararen lehentasuna eta hizkuntza prebentzioaren ikuspegia Euskal Herriko marko juridikoetan: etorkizuneko erronkak

Ikastaroak euskara eta lurraldetasuna landu ditu, hizkuntza ekologiaren ikuspegitik. Ataza pare bat proposatu du, bereziki interesgarriak iruditzen zaizkidanak.

Ekologiaren metaforatik tira eginik, arlo horretan natura-gune sare bat osatzea eta gune horiek pasabide ekologikoen sistema baten bidez lotzea proposatzen den era berean, ikastaroan ere halako zerbait proposatu da: nork bere eskualdean, lau arnasgune nagusi identifikatu (geografiko zein sozio-funtzional) eta horien arteko harremana indartzeko praktika ekologiko bat diseinatzea. Interesgarria. Hona batzuk:

  • Udaleko kirol eta euskara sailak eta herriko elkarte eta ikastetxeak uztartzea, eskola kirola euskara hutsez eskaintzeko; edo, Kataluniako “Plans educatius d’entorn” horien modura, tokiko eragile guztiak inplikatzea aisialdia euskaraz planifikatzeko.
  • Praktika komunitateak sortzea, hainbat administraziotan zein euskalgintza sozialean euskara planei buruz sortzen ari den jakintza partekatzeko.
  • Ikastetxeko eta euskaltegiko ikasleak inplikatzea, inguruko auzo euskaldunetako aiton-amonen hizkera dokumentatzeko.
  • Sentsibilizazio ikastaroak (Zergatik Ez, EusLider…) antolatzea, DBHko ikasleak eurak dinamizatzaile bihurtuta.
  • Arnasgune kontzeptua modu pedagogikoan azaltzea eta kurrikuluan integratzea.
  • Hileroko euskara-topaketak: helduak normalizazio-gaietan formatzen diren bitartean, ekintza ludikoak haurrentzat.
  • Eskualdeko arnasgune sozio-funtzionalen katalogoa egitea.
  • Mendi taldearekin batera, gune euskaldunak bisitatzea.
  • Gaztetxoak berri-emale bihurtzea, eta inguruko auzo euskaldunen albistegiak osatzea.

Proposamen bereziki originalik ez dagoela pentsa daiteke, baina hazi biltegi txiki baten moduan irudika daiteke… Baliteke horietakoren bat inon sustraitzea.

Beste atal batean, ikastaroan zehar landutako gaiak oinarritzat hartuta, gogoko testu edo material bat aukeratzea eta, iruzkin txiki batekin batera, partekatzea proposatu dute. Hor ere esteka-bilduma polita sortu dela iruditu zait. Adibidez:

Esan bezala, aberasgarria iruditu zait.