Moda-modako soziolinguista ;-)

Moda-modako soziolinguista da Marina Massaguer. Umorez diot, baina errespetu osoz eta inolako ironiarik gabe. Ezetz asmatu hilabete exkaxean zenbat aldiz agertu zaidan sareetan? Bat-bi-hiru-lau?

Bai horixe, 4 aldiz 😉

Bat. Hitzaldi zoragarria eman zuen Udaltopen. Hitzaldia grabatua geratu da [https://www.udaltop.eus/eu/multimedia] eta ponentzia ere irakurgai duzue [https://www.udaltop.eus/eu/dokumentuak].

Bi. Batzuetan polita da testu “akademiko” horiek kazetari baten filtrotik pasatzen direnean. Bestelako ñabardurak agertzen dira… baita, sarritan, litekeena da pertsona hori gehiago “bustitzea”. #Berria egunkarian elkarrizketa luze bat argitaratu zuten aste horretan bertan. Hemen: «Euskaldunik ezagutzen ez baduzu, ez duzu hitz egingo, eta, areago, erresistentziak jarriko dituzu» 

Hiru. Òmnium erakundeak Guillem AgullĂł eskola antolatzen du. Badu podcast bat aktualitate politikoa lantzen duena: “Com dir-t’ho”. Azken atalak “Fer crĂ©ixer el catalĂ  izan du izenburua: Marina Massaguer, Avel·lĂ­ Flors eta Eloi GummĂ ren arteko mahai-inguru bat.

Lau. Interaccio kultura-politikei buruzko gogoeta eta eztabaida espazio bat da, agintari eta profesionalei zuzendua. Bartzelonako Diputazioak antolatzen du. Webgune interesgarria dute, eta , tarteka, kultura arloko pertsona esanguruak elkarrizketatzen dituzte. Berriki Marina Massaguer-i egin diote elkarrizketa: ‘L’objectiu ha de ser que als territoris catalanoparlants el catalĂ  esdevingui una llengua per a tothom’. Amaieran Isidor MarĂ­ soziolinguistaren esaldi borobil horietako bat ageri da: “el futur de la llengua no es pronostica, sinĂł que es construeix” (hizkuntzaren etorkizuna ez da pronostikatu behar, baizik eta eraiki).

Denak interesgarri! Baina azken aldian irakurri dizkiodan horien guztien artean emantzipazio bikoitzaren ideia interesatu zait bereziki. Buruan grabatu beharko genukeen ideia bat iruditzen zait. 

Haren ustez hizkuntza politikak bi aldiz izan behar dira emantzipatzaileak: batetik, bertako hiztunak ahaldundu behar dituzte, baina baita hizkuntza hori ikasten ari direnak edota ikasiko dutenak ere. Bere ustez, segregazio soziala eta sumisio linguistikoa txanpon beraren bi aldeak dira. Agian asko esatea da, baina nik honela formulatuko nuke: “Segregazio sozialari aurre egin nahi dion politika ez da egokia izango, hizkuntza gutxituaren egoerari ere mesede egiten ez badio.  Era berean, sumisio linguistikoari aurre egin nahi dion politika ere ez da egokia izango, segregazio sozialari ere aurre egiten ez badio.”

Asko esatea al da?

Bourdieu eta merkatu linguistikoak

Bourdieu soziologo bete-betea da. Ez, ordea, askoren ustean, soziolinguista betea. Soziologiaren eta soziolinguistikaren arteko muga iraganezina ikusten dute batzuek. Klaseen arteko gatazkak ikertu eta ekinbidearen inguruko teoria bat sortu zuen Habitus kontzeptuaren inguruan. Botereaz jardun zuenez, bere lanek ezinbestean izan behar zuten inpaktua teoria soziolinguistikoan.

Linguistikak uste duenaren kontrara, egoera jakin batean zein hizkuntza erabiltzen den ez da soilik kontu linguistikoa. Ez da (soilik) hiztunen hizkuntza gaitasunaren edo motibazioaren araberakoa. Merkatu linguistikoak ere funtsezkoak dira. Horren arabera ekuazioa honela sinplifikatu daiteke: hizkuntza gaitasuna + erabiltzeko motibazioa + aldeko baldintzak.

Bitxia egin zait, azken asteetan haren hainbat aipamen aurkitu baititut, han eta hemen.

Rosa Ramos soziolinguista nafarrak proiektu berri (eta interesgarri) bati ekin dio: UHARRI soziolinguistika aplikatua [https://uharri.eus/]. “Haurren aurrean, helduak heldu” proiektuaren baitan eman zuen hitzaldi batean horren aipamen bat entzun nuen. Bere blogean ere horrelako ohartxo bat irakurri diot, hiztun berriei buruz ari denean: “… sortu dugu euskaldunen arteko binarismoa: hiztun berria edo hiztun zaharra, ihes egiterik ez dago. Sailkapenak, bistan da, hierarkia dakar: hizkera batzuk beste batzuk baino zilegiagoak dira eta hobeki kokatuta daude gure azoka linguistikoan.”

Kathryn A. Woolard soziolinguistikak artikulu bat argitaratu du Treballs de SociolingĂŒĂ­stica Catalana aldizkariaren azken zenbakian: Bourdieu i l’economia de la llengua a Catalunya. Bertan Bourdieu-k kapitalen inguruan sortu zituen teoriak azaltzen ditu eta, kontraesanak kontraesan, teoria horiek herrialde katalanetan nola funtzionatu duten azaltzen saiatzen da. Kapital ekonomikoaz, sozialaz, kulturalaz eta sinbolikoaz dihardu. Horiek azaltzen dute merkatu linguistikoek nola funtzionatzen duten. Kapital ekonomikoa da zuzen-zuzenean dirutan bihurtu daitekeena. Kapital sozialaren atzean harreman-sare iraunkor bat dago: elkar ezagutzeko eta elkar onartzeko sare bat ,alegia. Kapital kulturalak forma ezberdinak hartzen ditu, instituzionalizatua izan daiteke edo barneratua. Kapital sinbolikoak ez du berezko izaerarik… gainerako kapitalek hartzen duten forma da, besterik ez. Zein da hizkuntza batek duen balioa (kapitala, alegia). Kapital linguistikoa sinbolikoa da nagusiki. Artikulua hemen: https://revistes.iec.cat/index.php/TSC/article/view/150528

Marina Massaguer irakasleak Llengua i Dret aldizkariak antolatutako topaketa batean parte hartu du: “Les mobilitats com a repte per a la sostenibilitat de les llengĂŒes minoritzades”. Harek ere gaia dezente landu du. Aztertu egin du katalanak zenbateko eragina du katalan-hiztun ez diren pertsonen kapitalizazio eta deskapitalizazio prozesuetan. Bereziki katalana lehen hizkuntza ez duten pertsonen inguruan egin ditu bere azterketak. Bi joerak ikusten ditu:

  • Bestelako kapitalak dituzten pertsonek (kapital linguistikoa, sinbolikoa zein soziala), litekeena da katalana beharrezkotzat ez jotzea.
  • Kataluniara iritsi eta beren burua deskapitalizaturik ikusten dutenek, ordea, katalana aukeratzat har dezakete, kapital berriak eskuratzeko; hots, balio sozial, ekonomiko eta sinbolikoak irabazteko: beren burua kapitalizatzeko.

Hitzaldia hemen ikus daiteke: https://www.youtube.com/watch?v=Aw_lIyvX8as

Ez dakit, bada. Ez dira ideia berriak, baina iruditzen zait horren guztiaren atzean badela gure soziolinguistika aberasten duen begirada ezberdin bat.