Kontsentsuaren alde… eta kontra

> Bat

Matematika gaztelaniaz ikasitakoa naiz. Gogoan dut kosta egiten zitzaigula máximo común divisor (zatitzaile komunetako handien) eta mínimo común múltiplo (multiplo komunetako txikien) bereiztea. Gerora, bestelako testuinguruetan erabili behar izan dugunean ere, hibrido bitxi samarra asmatu izan dugu bi jarreren puntu komunak adierazteko: mínimo común divisor. Matematiketan alferrikako operazioa da, bi zenbakiren zatitzaile komun txikiena beti “1” delako.

Bi

Duela gutxi termino berri bat ikasi dut, oso-oso egokia: zoru komuna. Zoru komuna oinarri-oinarrizko adostasun-multzoa da, elkarrekin zerbait eraikitzeko beharrezkoa dena. Mikel Irizarri irakurri nion lehen aldiz hemen.  Besteak beste, honela zioen:

Zoru komunekin gertatzen da ogiaren orearena: zabaldu ahala mehetu egiten dira. Hau da, jende askok partekatzen ditu ideia gutxi batzuk eta, partekatzen dena trinkotu ahala, ados daudenen kopurua jaitsi egiten da.

Zeru komuna ez da helburua, kontsentsuak eraikitzeko abiapuntua baizik.

> Hiru

Tomas R Villasante irakasleak ere halako zerbait esan ohi du planifikazio partizipatiboen inguruan. Bi kontsentsu mota bereizten ditu: gehikuntza bidezko kontsentsua eta minimoen gaineko kontsentsua. Lehenak ezer gutxirako balio duela esan ohi du, eta zoritxarrez halako asko dagoela: denon eskakizunak jaso, eta bata bestearen ondoan jarri, kontraesanik bada ere.

> Lau

Villasanteren ustez, planifikazioaren arazoak formulatzeko eta irtenbideak elkarrekin bilatzeko prozesua denez, interesgarria da ahalik eta talde kritikorik dentsoena biltzea ekintzari ekiteko: conjunto de acción, esaten du berak. Horretarako, ideiak eta jarrerak mapeatzea gomendatzen du, eta prozesu dialogikoak bideratzea.

Ohartu zarete? Ez du handia hitza erabiltzen, dentsoa baizik.

Lau jarrera bereizten ditu harek: afines (kidekoak), diferentes (ezberdinak), ajenos (besteak) eta contrarios (aurkariak):

  • Gureak (kidekoak) ezagutzen ditugu. Erraza da bilera batera deitzea. Ezagutzen ditugu beren jarrerak, baina ñabardurak interesatzen zaizkigu.
  • Ezberdinekin gauza komun asko ditugu: antzeko arazoak, antzeko kezkak. Ikuspegi ezberdinak ere bai. Haiekin negoziatu behar da, eta erabakiak hartzeko espazio zabalagoa sortu.
  • Besteak urrunago daude, bestelako logika baten arabera mugitzen omen dira. Erakarri nahi ditugu; limurtu eta pertsuaditu.
  • Alferrik da jarrera antagonikoak (aurkariak) integratu nahi izatea. Villasantek errebertsioa edo isolamendua proposatzen du. Euren proposamenen arrakasta eragoztea da kontua.

Honela laburtzen du:

GRAFIKOA

 > eta Bost

Amaitzeko txio zahar bat berreskuratu nahi dut, eta hona ekarri:

Ongi izan!

Don`t call me vasco

BAT

Kantu hau entzun duzue inoiz? DON’T CALL ME VASCO (soundcloud).

BI

aek-k duela urte askotxo egin zuen kanpaina bat ekartzen dit gogora:

SER VASCO/A NO ES SUFICIENTE
IZAN EUSKALDUN!
EL EUSKERA ES LA DIFERENCIA

Akordatzen?

Garai hartan euskararen inguruko publizitate gutxixeago egiten zen. Esango nuke euskaltegien matrikulazio kanpainak horregatik zirela esanguratsuak: nonbait, euskararen inguruko diskurtsoaren parte handi bat kanpaina horien bidez definitzen zen urtez urte. Agian gehiegi esatea da, baina nik halako oroitzapena dut.

Kontua da kanpaina horrek haustura txiki bat eragin zuela, ordura artekoekin alderatuta. Ordura arteko matrikulazio kanpainak koloretsuak ziren, bizi-biziak, atseginak, “amableak”. Kanpaina horrek hainbat kontzientzia astindu nahi zuen, eta mezua identitatearen ideiaren inguruan oinarritu zuen. Mezuak bazuen halako “deserosotasun” puntu bat, baina ondo funtzionatu zuen.

HIRU

Kathryn A. Woolard antropologoak defendatzen du hizkuntza baten zilegitasuna bi ideia nagusiren baitan aldarrikatu ohi dela; bi ideologia linguistikoren baitan, alegia: egiazkotasunaren ideologia eta anonimatuarena. Hau da, hizkuntza gurea delako defendatzen dugu (gure identitatearen adierazpidea) edo denona delako (unibertsala, ez inongoa). Hizkuntza propioaren eta hizkuntza komunaren arteko tirabira da, azken batean.

Hizkuntza minorizatuek egiazkotasunaren ideologian oinarritu ohi dute beren estrategia. Hizkuntza hegemonikoek anonimatuan.

LAU

Woolard-ek Kataluniako egoera aztertu du bereziki. Han ere nabaritu du gazteen artean hizkuntzarekiko atxikimendua aldatu egin dela. Hizkuntzarekiko kezka bestelakoa da, antza; eta garai bateko “dolor de llengua” liburua aipatu du. Batzuentzat axolagabekeria da arazoa. Kontua da gazteek hizkuntza ez dutela ikusten gatazka edo arazo moduan: katalana dakite, eta hitz egiten dute; gaztelania ere badakite eta nahieran erabiltzen dute.

Woolard-en ustez, hori guztia trantsito baten ondorioa da: egiazkotasunetik anonimatura. Halako trantsito bat beharrezkoa omen da, maila batetik aurrera hizkuntzaren hedapenari eutsi nahi izanez gero.

BOST

Dena den, Woolard-ek dio, bi ideologia horietatik, ez batak ez besteak ez diola katalanaren beharrei egoki erantzuten. Hirugarren bide baten beharra aldarrikatzen du. Aukerak ere ikusten ditu: aniztasunaren ideian oinarritzea, diferentzian, hizkuntzaren aldakortasunean, heteroglosian, hizkuntzarekiko jolasean, errepertorio linguistikoak aldarrikatzea…

Oharra. Woolard-en ideiak artikulu honetatik atera ditut gehienak: Les ideologies lingüisti­ques: una visió general d’un camp des de l’antropologia lingüstica. Revista de Llengua i Dret, num. 49, 2008