Euskara teknikarion identitate profesionala

Zer esan nahi du irakasle izateak Euskal Hezkuntzan sistema? Horixe izan zen Eusko Ikaskuntzak Gasteizen antolatu zuen topaketaren izenburua. Joateko asmoa nuen, baina ez zen posible izan. Topaketak bi parte izan zuen: hitzaldi “inspiratzaileak” eta parte hartzeko dinamika. Lehen partea youtube-ra igo dute duela gutxi. Hemen: https://youtu.be/KsijkMjEWvo?si=1WDzhXBmQvac-cmQ

Laburbilduz:

  • Irakasleen identitate profesionala (gustatzen zait kontzeptua) hiru une nagusitan eraikitzen dela azaldu zuten: irakasle-eskolan, eskolako lehen urteetan eta ibilbide profesional osoan zehar.
  • Eraikuntza hori ez da zerotik abiatzen. Irakasle-eskolan (Hezkuntza fakultatea deitzen da orain) sartzen direnean ere, iraskaslegai horiek beren motxila daranate, uste eta sinismen multzo bat eta hainbat bizipen. Eskola esperientzia komuna da, baina, era berean, oso pertsonala.
  • Irakasle-eskolak paper garrantzitsua du irakaslegaien identitate profesionala eraikitzen… baina ez dago horretarako asignaturarik.
  • Ikasketak amaitutakoan, eskolara iristen denean, zenbat denbora behar du irakasleak autonomia profesionalaren mailara iristeko? Literatura espezializatuan 6 bat urte aipatzean da. Tarte horretan irakaslearen motxila (usteak eta sinismenak) eraldatu egiten da, han bizi duenaren arabera. Ze nolako mekanismoak daude ikastetxeetan prozesu hau bideratzeko edo errazteko?
  • Bide batez, ohar zaitezte autonomia profesionalak eta egonkortze laboralak ez dutela zertan beti bat etorri.
  • Eta zer esan etengabeko prestakuntzari buruz? Motxila hori ihartzen eta usteltzen utziko al dugu? Ala etengabe eraldatzen jarraituko dugu? Identitate profesional eraldatzailearen eta irakasle gogoetatsuaren ideiak ekartzen dituzte gogora.

Bikain… Baina ekar dezagun hori guztia euskara teknikariaren mundutxora:

  • Hasierako formazioa definitu gabe jarraitzen du. Formazio iturri izan zen HIZNET ikastaroa (Eusko Ikaskuntzak bultzatua) bertan behera geratu zen, Jaurlaritzak berak bultzatu behar zuen masterra abian jartzeko. Egia aitortu behar badut, badakit zeozertan ari direla (hemen), baina pista dezente galdu diot gaiari.
  • Zein da euskara teknikariok lanbidera ekartzen dugun motxila? Zein da gure identitate profesionala? Garai batean asko eta asko (gehienok) militantziatik etorri ginen (euskalgintzatik) eta horixe zen gure motxila (batzuek gerora askotxo traizionatu badute ere). Orain?
  • Teknikari bat lanpostura iristen denean, ze nolako formazioa jasotzen du? Gehienetan txosten-sorta bat mahai-gainean, “irakurtzen joateko” (ezagutzen dut teknikaririk, bere lana zehazki zein izango den jakin gabe, astebete luzez txostenak irakurtzen egon denik).
  • Eta etengabeko formazioa? Ikastaro, saio, topaketa eta jardunaldiak ugari dira… egia; baina tokian tokiko erakundearen formazio-politikaren mende zaudenez, horren arabera izango duzu bertan parte hartzeko aukera gehiago edo gutxiago. Horren hutsunez, formazioa jarrera pertsonala bihurtzen da beste ezer baino gehiago. Gainera… inpresio dut formazio-saio horietako askok identitate profesional teknokratikoa dutela jomuga eta ez identitate eraldatzailea.

Esandakoa! Oraindik ere uste dut beharrezkoa dela gure lanbideari buruzko eztabadaida.

Terminologiatik haratago

Honezkero ohartuko zineten terminologiarekin halako obsesio txiki bat dudala, ezta? Zer egingo diogu bada? Nork bere zoroak bizi ditu. Gauza batek hamaika izan baditu, zerbait izendatzeko hainbeste arazo badaude eta izenarekin ados jartzerik ez badago… bada hor esploratzeko zerbait interesgarri: zerbait esanguratsua, handik tira egiteko eta ikasteko.

Eduardo Apokadaren hitzaldi batean harribitxi txiki bat topatu dut: Hizkuntzen kudeaketa; gobernantza eta aktibismoaren artean da hitzaldia [bideoa hemen]. Besteak beste, terminologiaz jardun du:

hizkuntzaren aldeko mugimedu soziala, euskalgintza,
hizkuntza normalizazioa,
hizkuntza politika, hizkuntza planifikazioa,
hizkuntza injenieritza, hizkuntza kudeaketa,
hizkuntza biziberritzea, hizkuntza indarberritzea,
hizkuntza zaharberritzea, hizkuntza berpiztea,
hizkuntzaren berpizkundea,
hizkuntza sustatzea, hizkuntza dinamizazioa…

Haren ustez oso molde orokorrak erabili izan ditugu, ñabardurak kontuan izan gabe, eta atzean zer dagoen hausnartu gabe.

Hizkuntza gobernantza proposatzen du: hizkuntzaren gobernantza komunitarioa, hobe esanda, modan jartzen ari den gobernantza neoliberalaren eremutik ondo bereziteko. Gobernantza komunitarioaren testuinguruan komunitateak bere burua antolatzen du bere arazoei irtenbidea emateko. Hizkuntza ere halakoxea da: “ondare” komun bat da eta eragile publiko, pribatu eta sozialek bat egiten dute hura lantzeko eta zaintzeko. Ingelesez ere existitzen da terminoa: linguistic governance. Euskaltzaindiak berak hizkuntzaren gobernantza terminoa erabili izan du, corpus plangintzaz ari direlarik [hemen].

Izenaren ondoan, izana dator… eta galderak. Hizkuntza politikatik gobernantzara alde handerik al da? Eta nor dira gobernantza horretan eragileak? Euskara teknikariak? Haren hitzetan, gaur egun mugak oso lausotuak dira: profesionala, teknikaria, aktibista, langilea, politikaria… Elkarteetako kide liberatuak zer dira? Aktibistak ala teknikariak?

Teknikariez ari garela… zer dakigu euskara teknikariei buruz? Nor dira euskara teknikariak? Zenbat dira? Nondik datoz? Non ikasi dute ikasi dutena, zeintzuk trebetasun dituzte eta non eskuratu dituzte. Bada, hor, zer ikertu.

Soziolinguistika Klusterrak ikerketa interesgarria egin zuen 2008an: Soziolinguistika Arloko Teknikarien Formazio Premien Azterketa [hemen]. Lanbide konplexua da. Bartzelonako Diputazioak antzeko lan bat egin zuen partehartzerako teknikarien formazioari buruz: Disseny de la formació per als professionals en participació ciutadana [hemen]. Hortik ere bada zer ikasia gure lanbiderako.

Mereziko luke lan horiek berreskuratzea eta eguneratzea. Ez zaizue iruditzen?

 

On-line kurtso batean ikasiak

lurraldea-eta-hizkuntza

Bi ikastaro egin berri ditut MOOC formatuan (MOOC: Massive Open Online Course). Bata UABk Coursera plataforman antolatutakoa; bestea UEUk Moodle plataformaren bidez emandakoa. Coursera MOOC ikastaroak antolatzeko berariazko plataforma da, Moodle ikastaro birtual tutorizatuak emateko sortua da, nahiz eta, malgua denez, MOOC formatuan ere ondo funtzionatzen duen. Ikastaro biak oso ezberdinak izan dira. Lehen begiratuan UABren ikastaroa hobeto antolatua iruditu zait: ikastunitate landuagoak, materialak ikastarorako berariaz sortuak, edukiak hobeto artikulatuak. Perspektiba zabalago batetik, ordea, ez dakit zer esan… UEUk antolatutako ikastaroa oso aberasgarria iruditu zait. Ikastaroa zein izen den? Euskararen lehentasuna eta hizkuntza prebentzioaren ikuspegia Euskal Herriko marko juridikoetan: etorkizuneko erronkak

Ikastaroak euskara eta lurraldetasuna landu ditu, hizkuntza ekologiaren ikuspegitik. Ataza pare bat proposatu du, bereziki interesgarriak iruditzen zaizkidanak.

Ekologiaren metaforatik tira eginik, arlo horretan natura-gune sare bat osatzea eta gune horiek pasabide ekologikoen sistema baten bidez lotzea proposatzen den era berean, ikastaroan ere halako zerbait proposatu da: nork bere eskualdean, lau arnasgune nagusi identifikatu (geografiko zein sozio-funtzional) eta horien arteko harremana indartzeko praktika ekologiko bat diseinatzea. Interesgarria. Hona batzuk:

  • Udaleko kirol eta euskara sailak eta herriko elkarte eta ikastetxeak uztartzea, eskola kirola euskara hutsez eskaintzeko; edo, Kataluniako “Plans educatius d’entorn” horien modura, tokiko eragile guztiak inplikatzea aisialdia euskaraz planifikatzeko.
  • Praktika komunitateak sortzea, hainbat administraziotan zein euskalgintza sozialean euskara planei buruz sortzen ari den jakintza partekatzeko.
  • Ikastetxeko eta euskaltegiko ikasleak inplikatzea, inguruko auzo euskaldunetako aiton-amonen hizkera dokumentatzeko.
  • Sentsibilizazio ikastaroak (Zergatik Ez, EusLider…) antolatzea, DBHko ikasleak eurak dinamizatzaile bihurtuta.
  • Arnasgune kontzeptua modu pedagogikoan azaltzea eta kurrikuluan integratzea.
  • Hileroko euskara-topaketak: helduak normalizazio-gaietan formatzen diren bitartean, ekintza ludikoak haurrentzat.
  • Eskualdeko arnasgune sozio-funtzionalen katalogoa egitea.
  • Mendi taldearekin batera, gune euskaldunak bisitatzea.
  • Gaztetxoak berri-emale bihurtzea, eta inguruko auzo euskaldunen albistegiak osatzea.

Proposamen bereziki originalik ez dagoela pentsa daiteke, baina hazi biltegi txiki baten moduan irudika daiteke… Baliteke horietakoren bat inon sustraitzea.

Beste atal batean, ikastaroan zehar landutako gaiak oinarritzat hartuta, gogoko testu edo material bat aukeratzea eta, iruzkin txiki batekin batera, partekatzea proposatu dute. Hor ere esteka-bilduma polita sortu dela iruditu zait. Adibidez:

Esan bezala, aberasgarria iruditu zait.