Hizkuntza politikaren gobernantzaz

Orain dela hilabete batzuk Txillardegi Gogoeta Guneak jardunaldi bat antolatu zuen “XXI. menderako hizkuntza politikaz“. Bereziki interesgarria iruditu zitzaidan Iker Salaberriaren hitzaldia.

Ikerrek Eduardo Apodakak eta Jordi Moralesek idatzitako testu bati egin dio erreferentzia: La gobernanza lingüística en la Comunidad Autonoma Vasca: racionalidad neoliberal y demandas comunitarias (hemen). Testu deserosoa da, zer pentsatua ematen duena. Horregatik iruditu zait horren interesgarria.  Hemen ageri direnak nire interpretazioak dira.

Artikuluaren arabera, diskurtso instituzionaletan nabari-nabaria da arrazionalitate neoliberala. Logika hori dispositibo, artefaktu eta disposizioen bidez zabaltzen da. [Maite dut terminologia hori 😉 ]. Dispositiboak dira planak, legeak, ordenantzak, kudeaketa linguistikorako ereduak eta abarrekoak; artefaktuak inkesta soziolinguistikoak dira,  baita mapak, ikerketak eta abar. Disposizioak, azkenik, balioak, sinismenak eta imaginarioak dira.

Disposizio, dispositibo eta artefaktu horietan zein ideia nagusitzen dira?

  • Autoritatea eta legitimitatea instituzioei dagokie; hizkuntza politika haien ardura da.
  • Herri ekimena ondo dago, administrazioen hizkuntza politikaren osagarri gisa.
  • Kontsentsua da bitarteko eta helburu.
  • Hizkuntza hautu pertsonala da.
  • Planifikazioan despolitizazioa eta teknifikazioa dira gakoak. Hizkuntza biziberritzea kontu teknikoa da: arazoak identifikatzea eta konponbiderik onena bilatzea.
  • Diglosia eutsigarria da helburua; bi hizkuntzen arteko oreka iraunkor bat.

Ezagunak egiten zaizkizue?

Gero gobernantzaz hitz egiten du. Aldaketa nabariak izan dira. Instituzioetan  gobernantzaren ideiak bide bat egin du honezkero. Aldeak daude herrialde batetik bestera (baita udal batetik bestera ere), baina badira hainbat urte instituzioetan gobernantza kolaboratiboaz hitz egiten dela. Ikerrek gobernantzaren definizio klasiko bat ekarri zuen hitzaldira: “Gobernantza merkatuko aktoreak eta gizarte zibilekoak gobernatzeko ekintzara ekartzean oinarritzen den erregulaziorako, koordinaziorako eta kontrolerako modu espezifikoa da”. Gobernantzaren hirukia: estatua + merkatua + gizarte zibila.

Inork zioen moduan, hitzak gehiegi zabaltzen direnean, esanahia galtzen dute. Halakoetan adjektiboak behar izaten dira, kontzeptuei egoki eusteko: gobernantza irekia, gobernantza kolaboratiboa, gobernantza komunitarioa

Azken horren atzean ikusten ditu argi-izpiak: gobernantza komunitarioak, azken batean, bestelako arrazionalitea dakar, hizkuntza-politikez hitz egiteko garaian. Apodakak eta Moralesek dioten moduan, “hizkuntza planifikazioaren moduko terminoak instituzioen kontrolari eta esku-hartze hierarkikoari lotuta ulertu izan dira”. Planifikaziotik gobernantzara jauzia egiteak bestelako tresna kontzeptualak ekartzen dizkigu: askotariko aktoreak, eskala anitzak, eragin sare konplexuak…

Gogoan dut Mtz de Lunari hitzaldi batean entzun nion aipu bat. Haren ustez, hurrengo hilabeteetan herrietan euskara sustatzeko ekintza planak egiten ditugunean, plan instituzional hutsak izatetik harago, plan komunitarioak izatea da erronka. Hala bedi!

arazo gaiztoak (wicked problem)

Politika publikoei buruzko literaturan arazo gaiztoak terminoa erabili izan da irtenbide erraza ez duten arazo konplexuak eta multidimentsionalak izendatzeko. Ingelesez wicked problem deitu izan dira, eta gaztelaniaz problemas malditos. Izan ere, arazo gaiztoek kausalitate harreman ugari biltzen dituzte beren baitan, eta ez daude beti ondo mugatuak. Zaila da bereiztea arazoa arazo ote den edo beste zerbaiten sintoma besterik ez (besterik ez??!!!)

Joan Subirats irakasleak oso azalpen interesgarria egiten du hemen: https://labur.eus/GFsyU

Esan izan digute behar-beharrezkoa dela egoeraren diagnostiko ona eta zehatza izatea. Ona da, bai; baina batzuetan akatsa da pentsatzea lehen-lehenik arazoa ondo definitu behar dugula eta gero erantzuna bilatu. Sarritan ez baitago erabateko erantzunik. Agian arazoa gaizki planteatzen ari gara. Arazoari ekin aurretik, arazoa ulertu nahi dugu; eta ez da hori bidea: arazoari ekin behar diogu, arazoa ulertzera iristeko. Logika positibistatik urruntzea da kontua; “arazo bat, irtenbide bat” binomioaren ilusio faltsuari uko egitea. Arazora hurbildu, ikusi, ekin, prototipatu, probatu, ebaluatu, egokitu, doitu, berriro probatu, irtenbide bat baztertu eta hurrengoari ekin, aztertu… Prozesu iteratiboa da: beta mugagabea.

Hizkuntza indarberritzeaz ari garela, ez zait arazo bakar bat ere okurritzen, arazo gaiztoen sail horretan sartuko ez nukeenik. Eta —aitortu behar dut— mina egiten dit etengabe programa “enkapsulatuak” eta “prefabrikatuak” probatzen tematzen garenean: produktuak dira eta ez prozesuak, irtenbide “azkarrak” baina ez-eraginkorrak…

Agian desazelerazioa da kontua: industriaren logikatik artisautzaren logikara itzultzea; ikerketa-ekintza, berrikuntza, diseinu-pentsamendua… Edo, agian ez. Nik zer dakit!

Zergatik gure proiektuak berritu?

Programak ezagutzen ditut 10 urte iraun dutenak, funtsezko aldaketarik gabe. Eta oraindik ere badute bere arrakastatxoa: hala edo nola funtzionatzen dute.

Seme-alaben ikastolako irakasle batek halaxe aipatzen du sarri: “funtzionatzen badu, zertarako aldatu?” Inoiz ez dut erantzuteko betarik hartu, baina egunen batean animatuko naiz.Innovacion_Ruedas

Ez da ona etengabe berritasunen atzetik ibiltzea. Hori ere egia da. Nobedadea moda bihurtzen denean, kontsumoaren legeen atzaparretan erortzen gara: moda-modako tendentziak gurera ekarri, eta programa berria “diseinatu”. Berrikuntza, halakoetan, alferrikakoa bihurtzen da: dena berritu, dena berdin jarraitzeko. 

Enpresaren munduan, hala ere, badakite negozioak etengabe mugimenduan egon behar direla. Etengabeko hobekuntzaren kontzeptua asmatu dute, dena kontrolatzeko obsesio dosi handi batekin bada ere: “Neurtu behar da. Neurtzen ez dena ezin da hobetu. Eta hobetzen ez bada, lehenago ala beranduago txarrera egingo du.

Programak ezagutzen ditut 15 urte iraun dutenak; baina, noiz edo noiz, ukituren bat edo beste behar izan dute. Tarteka orden apur bat jarri behar izan da: berrantolatu, bizirik jarraitzeko.

Naturan eta unibertsoan dagoen kaos eta desorden mailari entropia deritzo. Entropia etengabe handitzen da. Termodinamikaren bigarren printzipioa da: desordena da unibertsoaren legea, sistema guztiak desordenerako joera dute. Kaosa da berezko tendentzia. Gure proiektuekin ere gauza bera gertatu ohi da: dena txukun-txukun antolatu, baina desordena nagusitzen da etengabe. Gelditu, aztertu eta berriztatu beharra dago aldioro.

Programak ezagutzen ditut 20 urte iraun dutenak; baina, uneren batean, goitik behera berrikusi eta berritu behar izan dira.

Proiektuak izaki bizidunen modukoak dira: jaio, elikatu, hazi, ugaldu… eta —tarte horretan inork berritzen ez baditu— hil egiten dira.

A priori ez dugu uste gure proiektuek iraungitze-datarik dutenik. Ez dugu programen obsoleszentzia programatuan sinisten. Baina argi dugu ezinbestekoa dela berrikuntzaren klabeak gurera ekartzea.