Emozioak eta euskararen aldeko ekintza kolektiboa

Egun hauetan bi testu izan ditut eskuartean: Ane Larrinagaren artikulu bat eta Antoni Gutiérrez-Rubíren liburu ttiki bat. Izenburuak: “Emozioak ekintza kolektiboan. Emoziozko testuinguruaren bilakaera euskararen aldeko mugimenduan” eta “Gestionar las emociones políticas”. Biak ala biak interesgarriak, eta, elkarren jarraian irakurrita, zer pentsatua ematen dute

Ana Larrinagaren urtez, kolektibo baten bizia ezin da ulertu osagai emozionalaren eta afektiboaren aktibaziorik gabe. Testutik honakoak ekarri ditut:

  • 60 eta 70ko hamarkadetan mugimendu euskaltzalea sortu zenean, injustizia baten kontzientziatik sortu zen: euskararen galera traumatikoaren bizipenetik. Erresistentziarako aktibismo moduan sortu zen.
  • Hasieratik indar afektiboen katalizatzailea izan zen. Kapital emozionalez ondo hornitua sortu zen. Indar afektibo horiek mugimenduaren ekintza kolektiboa elikatu zuten.
  • Instituzionalizazioak, ekintza kolektiboa ulertzeko bi moduen arteko talkaz gainera, metatutako kapital emozionalaren eta atxikimendu afektiboaren parte bat galtzea eragin zuen.
  • Beranduago, mugimendu euskaltzaleak eraginkortasunaren aldeko apustua egin zuen, eta profesionalizatu egin zen. Protestatik eta erreibindikaziotik esku-hartze profesionalera igaro zen mugimendua. Horrek ere kapital emozionala hoztea ekarri zuen. Aitortu beharra dago, hala ere, ahalegin ugari egon dela aktibismoa eta engaiamendu emozionala jardun profesionalarekin uztartzeko.
  • Sarri Txepetxen ekarpena mugarri gisa ikusi izan da. Berrantolatze kognitibo bat eta interpretazio-marko berri bat ekarri zituela esan izan da. Baina ez zen ekarpen teoriko hutsa izan. Osagai emozional potente bat egon zen, gogo-egoera berezi bat. Artikuluan esaten den bezala, “[bildu ziren] energia bat, nahi izate indartsu bat barrenean, esperientzia eta oinarri teoriko batzuk, hausnarketarako joera bat…”
  • Mobilizazioa gorputzen elkartze fisikoa da. Horixe da ekintza kolektiboaren oinarria. Egun mobilizazioa, berezko erantzun bat izan ordez, errituala bihurtu da: interakzio-errituala. Erritual moduan bi mekanismo ditu: (a) arreta puntu komun bat jartzea eta (b) afektibitate kolektibo kontsistente bat sortzea. Helburua ez da uneko asaldura kolektiboa sortzea. Erritualak energia-hornitzaileak dira: helburua da energia sortzea, gero beste egoera sozial batzuetara desplazatzeko. Euskalgintzaren kasuan, energia emozional hori guztia hizkuntza praktikaren eraldaketara bideratu nahi da.

Bigarren liburuak emozioak utopiaren zerbitzuan jartzea aldarrikatzen du. Honako ideia hauek nabarmenduko nituzke:

  • Progresismoak, sarri, arrazionalismoaren apologia egin du, eta gutxietsi egin ditu estrategia emozionalak. Estrategia perbertsoak direla pentsatu izan du, bere printzipioak eta baloreak kutsatu egiten dituelako. Kontserbadurismoak, ordea, jakin izan du jendearen pultsio emozionala ustiatzen.
  • Kapital emozionalaren gestioa ezinbestekoa da, eta ekintza kolektiboaren fase guztiean izan behar da: protestan, mobilizazioan, hauteskundeetan eta ekintza politikoaren errelatoa egiteko garaian ere bai. Emozioek egiten gaituzte. Emoziorik gabe ez dago ez kolektiborik, ez pertenentziarik. Emozioek sozializatu egiten gaituzte. Emozioek interpretazio-markoak sortzen dituzte eta ekintzarako eszenarioak ere bai.
  • Pertzepzioek, sentimenduek eta kognizioek hiruki bat osatzen dute: ikusten duguna, sentitzen duguna eta pentsatzen duguna. Pentsamendua eta ezagutza unibertso emozionalaren ataritik igaro behar dira, bai ala bai: dena handik pasatu behar da. Lehen-lehenik esperientziak daude, gero errelatoak eta interpretazioak. Kontakizunak funtsezkoak dira. Narrazioa da esperientziak transmititzeko modua.
  • Aipu bat (James Baldwin): “Mundua aldatzeko idazten dugu (…) Mundua aldatuko da, mundua ikusteko modua aldatzea lortzen bada. Errealitateari begiratzeko modua aldarazten badugu, milimetro bat bada ere, mundua aldarazteko gai izango gara”.

Ondoriorik? Bai. Funtsezkoa da kapital emozional hori guztia gestionatzea, eta ezin da emoziorik kutsatu, gu geu emozionatzen ez bagara. Gugan hasten da bidea. Gure esperientzia politikoa (edo, nahiago baduzue, esperientzia aktibista) pasioz, ilusioz eta entusiazmoz bizitzea merezi du. Jar dezagun emozio dosi bat gure proiektuetan. Maitemindu gaitezen. 

Emozioak eta hizkuntzak

Gogoratzen al duzue Nelson Mandelaren esaldi ospetsu hura? “Inori ulertzen duen hizkuntza batean hitz egiten badiozu, haren burura iritsiko zara. Haren hizkuntza propioan hitz egiten badiozu, haren bihotzera iritsiko zara.” Nelson Mandelak, Robben Island preso egon zen bitartean, afrikaans ikasi zuen eta afrikaans hizkuntzaz jarduten omen zuen bere zaindariekin.

Esaldia zentzu metaforiko hutsean ulertu izan dugu, baina hori baino gehiago omen da. Kontua haratago doa, alegia. Koxka hau da: egoera baten aurrean erabaki berdin-berdinak hartuko genituzke, gure hizkuntza propioan eta atzerriko hizkuntza batean? Antza denez, ez.

Jon Andoni Duñabeitia hizkuntzaren zientzia kognitiboan aditua da, eta Nebrija unibertsitatean ari da lanean. Hitzaldi bat eman berri du Gasteizen, HABEk antolatua, euskaltegien ikasturte akademikoari hasiera emateko.

Jon Andonik tranbiaren dilema azaldu zuen:

(a) Tranbia bat kontrolik gabe doa abiadura bizian, eta, ezer egin ezean, aurrean dituen bost pertsona hilko ditu. Aukera bakarra dago: tranbidea desbideratzea. Baina, tamalez, hori eginez gero, tranbiak ondoko trenbidean dagoen pertsona bat hilko du ezinbestean. Bizitza bat bosten truke.

(b) Tranbiaren dilemak bigarren parte bat du. Egoera berbera da, baina orain dagoen aukera bakarra da zubi baten gainean dagoen seigarren laguna trenbidera bultzatzea. Bere gorputzarekin tranbia geldiaraziko du, baina hilko da. Hemen ere bizitza bat bosten truke.

Hainbat lagun bildu eta dilema proposatu omen zieten. Bi talde egin zuten: batzuek bere lehen hizkuntzan jardun zuten (H1), eta besteek bigarren hizkuntza batean (H2). Emaitzak alderatu zituzten, alde esanguratsurik ote zegoen ikusteko:

  • Lehen kasuan ez zuten alderik ikusi. Talde batean zein bestean, % 80k erantzun zuen trenbidea desbideratuko zuela.
  • Bigarrenean, bai. Bigarrenean aldeak ikusi ziren. Soilik % 20 izan zen seigarren laguna trenbidera bultzatzearen aldekoa, bere hizkuntza propioan aritu zirenen artean, baina kopuru hori bikoiztu egin zen bigarren hizkuntzan jardun zutenen artean (% 40).

Bigarren hizkuntzan ari garenean, hortaz, erreflexiboagoak omen gara: erantzun hotzagoak eta arrazionalagoak ematen ditugu, ordenadore baten aurrean egongo bagina bezala. Gure hizkuntza propioan ari garenean alde emozionala nagusitzen da.

Entzun bezala kontatu dizuet. Bitxia, ezta?

Hitzaldia bideoz grabatu zuten. Hemen duzue: bit.ly/EmozioakEtaHizkuntzak