BATZORDE INTERDEPARTAMENTALAK

Inoiz egokitu al zaizue batzorde interdepartamental batean partea hartzea edo dinamizatzea?

Quim Brugué eta beste irakasle batzuen ustez interesgarria da egitura horiek aztertzea. Lau aztergai-multzo identifikatu dute, eta hainbat batzorderen azterketa egin. Aztergaiak honakoak izan dira:

  • Helburuak: zergatik eta zertarako dira batzorde interdepartamentalak?
  • Aktoreak: Nortzuek hartzen dute parte?
  • Faktore tangibleak: prozesuak eta errekurtsoak
  • Faktore intangibleak: harremanak, konfiantza eta lidergoa

Imagen1Irakasle hauen esanetan zeharlerrotasuna termino fetitxea da, edozertarako balio baitezake. Batzorde interdepartamentalak kontzeptu hura operatibo bihurtzeko sortu ziren, baina arrakasta txikia izan dute: helburu argiak eta errelebanteak betetzeko sortu ziren, eta espazio lausoak eta irrelebanteak bihurtu dira. Hori da marka, gero! Zeharlerrotasuna irtenbide gisa proposatu, eta arazo bihurtu.

Quim eta enparauen ustez, antzerki baten modukoak dira batzorde interdepartamentalak: zaharlerrotasuna antzezten dute, baina den-denak kontzienteak dira errealitatea oso bestelakoa dela. Batzorde hauen helburua informazioa partekatzea da, eta kontzientziak lasaitzea… askoz gehiago ez. Espazio erritualizatuak dira, ez deliberazioa bermatzeko edota irtenbideak era kolektiboan eraikitzeko espazioak. Ez dute erabakirik hartzen, eta ez dute erabakirik inplementatzen. Ez dira organo politikoak, ezta organo tekniko huts-hutsak ere: beren helburu nagusia ez da erabakiak hartzeko prozesuetan intzidentziarik izatea, ezta politika publiko eraginkorragoak izatea ere… edo bai: bi helburuak dituzte aldi berean, eta bakar bat ere ez.

Faktore intangibleak ere garrantzitsutzat jotzen dituzte. Egitura piramidaletan autoritatea da funtzionamenduari eusten dion zementoa; egitura horizontaletan, ordea, konfiantza. Konfiantza igurtzitik sortzen dela esan ohi da, eta igurtzi gutxiko organoak dira batzorde interdepartamentalak. Lidergoari dagokionez egoera ezberdinak identifikatu dituzte: oro har lidergo politikoa urrun samar atzeman dute, eta lidergo teknikoa ez erabat egokia. Izan ere, zeharlerrotasunak lidergo berezia eskatzen baitu, intentsoa eta apala era berean: intentsoa, inertziak gainditzeko intentsitatea behar delako; apala, beharrezkoa delako lankideen ezagutzatik elikatu behar garela onartzea.

Ikuspegi derrotista samarra? Ez dakit, bada! Ni neu bi ondoriorekin geratzen naiz:

  • Lehen esan bezala, batzorde interdepartamentala ez da espazio politikoa eta ez teknikoa. Zer da, bada? Artikuluaren egileen ustez, ikasketarako espazioak dira: elkarrizketa eta elkarrekintzaren bidez elkarrekin ikasteko espazioak eta deliberazioaren bidez ezagutza praktikoa sortzeko espazioak
  • Batzorde interdepartamentalak hainbat baldintza behar ditu ondo funtzionatzeko: lehentasun politikoa, helburu ondo definituak, arduradunen konpromiso esplizitua eta lidergo errelazionalaren bultzada. Baldintza horiek betez gero, aberasgarriak izan daitezke.

Eta ideia probokatibo bat, amaitzeko: euskara planetarako batzorde interdepartamentalak beharrezkoak al dira? Kontuan izan! Irakasle hauen arabera, batzorde interdepartamentalek soil-soilik zentzua dute, baldin eta gaia lehentasunezkoa bada, eta baldin eta benetan agintarien agenda politikoan badaude.

Oso ikuspuntu kritikoa, baina oso artikulu interesgarria. Hemendik eskuratu dut:

¿Inteligencia administrativa para abordar “problemas malditos”? El caso de las comisiones interdepartamentales. Quim Brugué, Ramón Canal, Palmira Paya. Gestión y Politica Pública. http://www.scielo.org.mx/scielo.php?pid=S1405-10792015000100003&script=sci_arttext