Elefantea, autoritatea, zorua eta beste

patxi-saez_contentElefantea

Oso istorio ezaguna da. Zenbait gizon itsuk elefante baten gorputza ukitu behar zuten, nolakoa den jakiteko. Bakoitzak atal bat ukitu du, eta ezin dira ados jarri: tronpa ukitu duenak suge luze baten antza duela dio; hanka ukitu duenak zuhaitz-enbor baten modukoa dela uste du; belarria ukitu duenak abaniko baten itxura hartu dio… Inork ezin du elefante osoa irudikatu.

Iruditzen zait puntu horretan gaudela. Aurrean elefante bat dugula adostu dugu. Elefante nolakoa den adostea falta da. Bada horretarako lana.

Paradigma berria.

Ezagutza eta erabilera gurdi bereko bi gurpilak dira: ezinbestean elkarrekin biratu behar direnak, gurdia ondo ibiliko bada. Beharra da gurdiaren ardatza. Patxik bete-betean asmatu duela iruditzen zait. BEHARRA DA GAKOA. “Beharrezkotasuna”. Era ezberdinetan formulatu daiteke: arnasgune (geografikoak zein soziofuntzionalak), espazio normalizatuak, espazio hegemonikoak, dentsitate handiko guneak… edo –Patxik dioen moduan– “euskaraz egiteko ziurtasun eremuak”.

Autoritatea

Lidergo-kontuak zailak dira Euskal Herrian. Euskaltzaindiaren antza izango duen zerbait eskatzen da, edota Euskaltzaindiak berak lidergoa izatea. Ez dakit, bada. Manex Agirrek agian arrazoi du: «Euskaltzaindiaren antza izatekotan izan dezala, autoritate-izaeran, eta ez lan-metodologian eta dinamismoan». Kritika gogorxeagoak ere entzun dira (dinosaurioak, gerontokrazia…). Euskaltzaindia aldatu egin da garai batetik hona, baina onartuko didazue, oraindik ere, baduela elitismo kutsu nabarmen bat.

Iruditzen zait autoritateari beste zentzu bat eman behar diogula, edo bestelako autoritate mota bat eraiki. Kike Amonarrizek “lidergo partekatuaz” hitz egin zuen: ados. Euskararen munduan “lidergo eraldatzaileaz” ere hitz egin izan da: aktibazioa bilatzen duen lidergoa; nork bere ardura hartzera animatzen duena; prozesuak abian jarri eta prozesuei eutsi egiten dien autoritatea, prozesu horien emaitza baldintzatu gabe. Horrelako zerbait behar dugu. Ez inork gogoeta burutsua egin, eta gero horren berri ematea, baizik eta gogoeta prozesu kolektiboa: euskara elkarteetan, euskara zerbitzuetan, enpresetan… Imajinatzen duzue? Kolosala litzateke.

Zoru komuna

Topalabeko kideen arabera, zoru komuna da “izaera anitzeko euskaltzaleok maila kolektiboan partekatzen dugun konpromiso-esparrua, non euskaldunontzat eremu komun eta eroso bat egongo den, bizitzeko, elkarrekin lan egiteko, eta etorkizun-proiektu bat partekatzeko”. Hortaz, zoru komuna ezin da izan alde bateko eta besteko jarreren arteko zatitzaile komun handiena ( % 80? ). Bi gauza ezberdin dira, ezta?

Sei apunte, aktibazioaz

fotonoticia_20151221111824_800Gustura jarraitu ditut Topaguneak egin berri duen topaldiaren hitzaldiak. Apunte hauek hitzaldiak entzun ondoren idatzitakoak dira.

APUNTEAK

Bat.- Nonbait irakurri dut aktibazioa propietate bat dela motibazioari energia ematen diona: egin nahi izatetik egin egitera daraman energia, alegia. Ez da azalpen txarra!

Bi. – 2013ko Udaltop jardunaldietan ere aktibazioa aipatu zen sarri. Handik Eduardo Apodakaren hitzaldia dut gogoan. Oker interpretatu ez banuen, gakoa zentzugintza dela defendatzen zuen: alegia, gauzak zergatik eta zertarako egiten ditugun (egiten ditugun gauzak zein egiten ez ditugunak). “Praktika esanguratsuak” zentzuz ondo horniturik egiten ditugunak dira. Horri buruz hemen irakurri ahal duzue.

Hiru. – Aktibaziotik aktibismora jauzi semantiko txikia dago. Pragmatikaren ikuspegitik begiratuta, ez nago ziur jauzia horren txikia ote den.

Lau. – Ohartu zarete? Aktibismoa eta enprendizajea hitz berberarekin izendatu ohi ditugu: ekintzailetasuna. Jon Sarasuak, duela gutxi, elkarrizketa batean aditzera eman duenaren arabera, agian ez daude horren urrun: ekintzailetasun enpresariala eta ekintzailetasun soziala aipatzen ditu berak. Elkarrizketa hemen: Jon Sarasua, ekintzailearen atzean

Bost. – Elkarrizketa horretan ekintzailetasuna sorkuntzarekin lotzen du Sarasuak. Biak oso gertu daudela dio, existitzen ez den zerbait sortzea delako: «existitzen ez diren posibilitate batzuk pentsatzea, eta posibilitate horiek materializatzea». Stephen Hessel-en liburu txiki eta ospetsuaren hitzak ekarri dizkit gogora: «Sortzea erresistitzea da, eta erresistitzea sortzea da».

Sei.- Portzierto, ez dakit aktibismotik militantziara jauzirik ote dagoen… baina gustukoa dut Joxemi Zumalabe fundazioko kideek militantziaren zentzuaz egin duten lana. Bejondeila! joxemizumalabe.eus