Satorrak, zubiak, legamia eta kontrabandistak

(1)

Joseba Sarrionandia bere azken liburuaren hitzaurrean:

Euskaldunak satortxoen moduan ibili dira. Debekuen azpitik, oztopoen gainetik, zailtasunen aldamenetik, hanka labur eta indartsuz lurpetik eginez tunelak eta galeriak. Landa-lurren eta kale-asfaltoen azpitik, behatzazkal nekaezinez, estatuaren aparatuen oinarri bortitzekin borrokan askotan, batera eta bestera zulo-bideetan barrena, kultura baztertu eta kaltetua berrosatzen.

Egon dira sator-langintza hori lanbide bihurtu dutenik.

(2)

Han-hemengo ikastarotan, ikuspegi herritar eta komunitarioarekin engaiatuak diren (garen) teknikarien papera goraipatzen entzun dut. Administrazioaren eta herrigintzaren arteko zubi-lana egiten omen dugu. Funtsezkoak omen gara. Praktika, ordea, bestelakoa da. Esango nuke administrazioan ez gaudela ongi ikusiak eta mesfidantza bat edo beste sortzen dela gure inguruan.

Izan ere, administrazioaren eta herrigintzaren dinamikak ez datoz beti bat:

  • Sarritan bide paraleloak eramaten dituzte: antzeko helburuak, antzeko proiektuak… baina lankidetza gutxi. Teknikariek zubi funtzioa izan dezakete. Bi munduak batu eta, halamoduz besterik ez bada ere, norabide berean jarri.
  • Noiz edo noiz (ez gehiegitan) lankidetza-giro egokia lortu izan da. Halamoduzko konbergentziak eta konplizitateak. Parada horiek aukera-leiho moduan ikusi beharko genituzke. Teknikaron lana da leihatila horiek baliatzea, proiektu komunak bideratzeko. Nonbait “legamia” funtzioa deitzen zitzaion horri (edo katalizatzailea)
  • Kontrakoa ere sarritan gertatu izan da: mesfidantzak, elkar ezin ikusteak, interes ezberdinak (zilegiak zein bastartak). Teknikaria orduan kontrabandista da. Muga horiek alde batetik bestera zeharkatzen ditu, batetik bestera gauza baliotsuak eramaten.

Badira zerbitzu publikoan zinez sinisten duten teknikariak; baina badira ere, herrigintzan sinisten dutenak. Aukeran bigarren horiekin geratzen naiz ni.

Ikasketa Kulturalak Euskal Herrian

Azken aldian Ikasketa Kulturalei buruzko hainbat gauza entzun eta irakurri ditut, eta interesgarriak iruditu zaizkit. Zalantzak zalantza, apunte batzuk hartu ditut:

  • Ikasketa kulturalen paradigmatik ikertzea zerbait berezia da. Ikerketa tripetatik hasten da, norberaren minetik, egonezinetik. Ikerketa inplikatua da. Ezabatu egiten du subjektu-objektu dikotomia.
  • Ikasketa kulturalek praxiari begiratzen diote: praktika da, teorian oinarritua, eraldaketa soziala helburu. Helburua eragitea da, baina baita ezagutza sortzea ere. Ez lehen teoria eta gero praktika. Bi prozesuak batera gertatzen dira. Dena den, ez du teoria orohartzailerik sortzea helburu. Konkretuaren gainean teorizatzen du, egoera konkretu bat ulertzeko. Behar dituen kategoriak eta kontzeptuak behar den lekutik bereganatzen ditu, baina helburua ez da teoria kontzeptu berriekin aberastea.
  • Ikasketa kulturalak ez dira diziplina bat. Izatekotan, transdisziplina bat dira. Gainditu egiten dituzte diziplinaren mugak. Ez dute metodologia propiorik sortzen. Ez da hori haien helburua. Nola deituko genioke: Anarkismo metologikoa? Eklektizismo estrategikoa?
  • Egia da diskurtsoaren azterketa edota etnografia bezalakoak ikasketa kulturalekin ondo ezkontzen direla, baina ez horiek soilik. Etnografia, azken batean, deskripzio bat egitea da, ekintzak eta esanahiak… baina baita zentzua ere: zentzugintza. Ikasketa kulturalek, etnografia erabiltzen dutenean, ekarpen horixe egiten dute: gertatzen dena deskribatzeaz gain, gogoetatu egiten dute horrek guztiak gure gizarteari buruz zer adierazten duen.
  • Ideologia gai zentrala da ikasketa kulturaletan. Ideologia ez da kontzientzia faltsu bat. Eratu egiten gaituzten ideiak dira, nor egiten gaituzten ideiak. Ideien sistema bat. Sistema hitza garrantzitsua da, ideien artikulazioa esan nahi duelako (ez batuketa hutsa). Ideologia ez da kontu etereoa, gorpuztua baizik: praktikara jaisten da.

Bada ikasketa kulturalei lotutako kontzeptu eta kategoerien hiztegia egiteko saikera interesgarri bat: Diccionario de Estudios Culturales Latinoamericanos. Besteak beste honako hauek ageri dira bertan: hegemonia, alteritatea, gerra kulturalak, diskurtsoa, frontera, globalizazioa, kolonialismoa, identitatea, industria kulturalak, subalternitatea, kulturartekotasuna, kultura herrikoiak, subjetibitateak, queer teoriak…

Nire ez-jakintasunik… EHn, gaur egun, nork lantzen ditu ikasketa kulturalak? Nor ari da kontzeptu eta kategoria horiekin lanean? Iruditzen zait Jakin aldizkariaren bueltan badagoela paradigma horretan kokatuko nukeen jendea. Aldeak alde, urtero antolatzen dituzten topaketek eta aldizkariak berak horren guztiaren kutsua dute… eta gustatzen zait. Garai batean HUHEZI unibertsitateko Sorgunea ikerketa taldeak ere bazuen hortik zerbait. Azken aldi honetan galdu diet pista. Izen propioei dagokienez ere, lau-bost izen okurritzen zaizkit garbi-garbi, baina ez naiz horiek ematera atrebitzen. Ausartegia litzateke nire aldetik.