Euskalgintzaren balio-sistema (eta bi)

Ikuspegi apreziatiboak abantaila handiak ditu. Baikorra da. Adorea ematen du, eta bizipoza ere bai. Akatsak onartzen ditu, baina ez doa propio haien bila, helburua hori ez baita. Ondo egindakoetan oinarritzen da, aurrera-pausuak —eta ahal dela, aurrera-jauziak— emateko. Palankak indarguneetan bilatzen ditu.

Euskalgintzaren balio-sistemari buruzko azterketa ildo horretan oinarritua sortu da.

Kontraesan gehixeago sortzen dizkidaten ideiak badira. Ez nago erabat horien kontra, nik neuk ere nahi baino barneratuxeagoak ditudala iruditzen baitzait. Esango ditut, gogoetarako besterik ez bada ere.

Proiektua pertsonen gainetik

Militantzia, ardura, konpromisoa, eskuzabaltasuna, sakrifizioa… euskalgintzaren ideia gakoak izan dira. Ziur aski tradizio judeo-kristautik eratorritako kontzeptuak dira. Gakoak izan dira iritsi garen lekura iristeko, baina mina ere min ugari egin dute. Zenbat jende erre da bidean? Hitz egin ahal da burnout sindromeaz euskalgintzan? Egin dira ahaleginak ideia horiek erlatibizatzeko eta bere lekuan eta bere neurrian jartzeko. Gustatu zitzaidan Joxemi Zumalabe fundazioak horretaz egin zuen azterketa eta gogoeta. Iruzkin bat egin nuen hemen:  http://www.garabide.eus/blogak/allartean/2014/10/26/adorez-eta-atseginez/

Ekosistema xinpleagoa beharko genuke

Aho txikiz bada ere, sarri entzun den iritzia da: “euskalgintzan erakunde gehiegi gara; ekosistema xinpleago beharko genuke”. Diseinu perfektuaren mitoa dago horren atzean: goitik behera ondo diseinatutako euskalgintza behar dugu; erakunde bakoitzak bere funtzioa behar du, eta funtzio bakoitza erakunde batek bete behar du era kasik-esklusiboan; diseinuan bertan bermatu behar da ez dela disonantzirik sortuko; eta “zuzendaritza” bakarra eta komuna izango bagenu… hori “demasa” litzateke.

Esajeratzen ari naiz? Litekeena da, baina… funtzio banaketaz edota euskalgintzaren baitan lidergoaz eta gidaritzaz hitz egiten dugunenan, ez ote dugu ideia hori buruan?

Ez hartu hau guztia seriosegi! Barruan ditugun kontraesanak dira, besterik ez.

Euskalgintzaren balio-sistema (bat)

Euskararen biziberritze-prozesuaren baitan, hainbat erakunderen balio-sistemak aztertu dituzte Elhuyarrek eta Agirre Lehendakaria Center-ek. Joan den hilean aurkeztu zuten Martin Ugalde parkean.

Ikerlanean bada kontu interesgarririk. Zer pentsatu ugari ematen du, bai edukien aldetik eta bai metodologiaren aldetik.

Edukien aldetik:

  • Bost erakunde horietan identifikatu diren balioak oso ezagunak egiten zaizkigu: parte-hartzea, horizontaltasuna, berdintasuna, elkarlana, aliantzak, berrikuntza, auzolana, konpromisoa, ausardia, errefentzialtasuna… Euskalgintzak balio sistema konpartitu oso potentea du.
  • Orain dela 40 urte, ekimen horiek guztiak nola sortu ziren eta nola iritsi dira gaur egunera? Arrazoi pragmatikoetatik harago, bestelako bulkadak izan dira: motibazioak, sinismenak, balio-sistemak… Kontzeptu horiek guztiek oso lotura estua dute. Kultura ere, era zabal batean ulertuz gero, ez dago hortik oso urrun.
  • MIT institutuak landu duen U teoriaren baitan esan ohi da  arrakastaren gakoa ez dela ZER egiten dugun, baizik eta NONDIK egiten dugun: barneko zein lekutatik, alegia. Proiektuak norberaren balioekin lotzea proposatzen dute: norberaren NI sakonarekin, U teoriaren terminologia erabiltzen badugu. Horretarako bi galdera proposatzen ditu: a) Nor naiz ni? Zer da niretzat garrantzitsua? Zerk mugitzen nau? b) Zein da nire lana, nire eginkizuna edo nire “misioa”? Helburua da proiektua norberaren balioekin ondo lerrokatzea. Euskalgintzak ez du horretaz gehiegi teorizatu, baina egin egin du.

Metodologiaren aldetik

  • Soziologia kritikoak analisi instituzionala proposatu zuen 70.eko hamarkadan. Ikuspegi horren arabera, instituzioak arau unibertsal moduan eratutako sistemak ziren: hezkuntza, ezkontza, osasungintza… instituzioak ziren. Instituzioak ezin ziren era zuzenean ikertu, mugatzeko zailak baitira. Ikerketarako, analizadore kontzeptua sortu zuten: analizadore historioak eta analizadore eraikiak. Analizadore historikoak iraganeko gertaerak dira, taldearen memoria historikoan geratu direnak, eta horien bidez (gertaera horien narratiba berrosatuz) aukera dugu taldearen jarrerak, balioak edo jokabidea aztertzeko.
  • Horixe bera da euskalgintzaren balio-sistema ikertzeko erabili duten estrategia. Elkarte bakoitzari hainbat une edo gertaera esanguratsu hautatzeko eskatu diete, eta gertaera hori aztertu dute, hor jokoan sartu diren balioak zein izan ziren aztertzeko. Enfoke metodologikoa ez da berria, baina bai gure artean berritzailea.
  • Beste lantxo bat aurkitu dut, enfoke hori bera erabili duena: David Nunanen liburu bat. Nunan bigarren hizkuntzen irakaskuntzaren ikertzaile ezaguna da. HABEk bere liburu bat argitaratu zuen 1995. urtean, eta helduen euskalduntzearen berrikuntza kurrikularraren erreferentzietako bat izan zen garai hartan: Hizkuntzak irakasteko metodologia. Beranduxeago beste liburu bat argitaratu du, bigarren hizkuntza ikasten ari diren ikasleen artean identitatearen inguruko kezkak aztertzeko: Language and Culture: Reflective Narratives and the Emergence of Identity. Hemen proposatzen den enfoke metodologiko bera erabiltzen du han: erreflexibitatea eta narratibitatea oinarritzat hartzen ditu, bizipenei zentzua emateko eta pertsona inplikatuen ikuspuntuak agerian jartzeko. Testu interesgarria da enfoke metodologiko horren ahalmena eta aukerak ikusteko.

Hortaz, gustura irakurriko dut Elhuyarren ikerketa.