Albisteak

BIHAR ekimenaren aurkezpen ekitaldia (Bilbo, 2026-04-15)
BIHAR ekimenaren aurkezpen ekitaldia (Bilbo, 2026-04-15)

BIHAR ekimena aurkeztu dugu, aurtengo irailean hizkuntza komunitate gutxituak erdigunera ekarriko dituen Nazioarteko Kongresua

2026/04/15

Gaur goizean aurkeztu dugu Bilboko Euskararen Etxean, BIHAR egitasmoa; hizkuntzak biziberritzeko kontakizunak edo diskurtsoak erdigunean jartzen dituen ekimena. Egitasmo hau datorren irailaren 23tik 26ra Bilbo, Irun eta Hendaia artean burutuko den Nazioarteko Kongresuaren bidez burutu eta plazaratuko da.

 

Egitasmo honen baitan, hainbat erakundek hartu dugu parte: Soziolinguistika Klusterrak, Taupa Euskaltzaleen Mugimenduak, Plazara kolektiboak eta Garabide Elkarteak. Gaurko aurkezpenean bertan izan ditugu:

  • Imanol Larrea Mendizabal (Soziolinguistika Klusterra)

  • Jasone Mendizabal Altuna (Taupa Euskaltzaleen Mugimendua)

  • Eneko Gorri Gantier (Plazara kolektiboa)

  • Gorane Ayesta Maidagan eta Iñaki Martinez de Luna Perez de Arriba (Garabide Elkartea)

BIHAR egitasmoak biziberritzen ari diren hizkuntza komunitate gutxituak ekartzen ditu erdigunera, hizkuntzak biziberritzeko diskurtso edo kontakizunetan jartzen delarik fokua. Bi urteko prestaketa lanen ondoren aurkeztutako proiektu hau hiru fasez osatu da: Nazioarte mailako diagnostikoa, Euskal Herri mailako sozializazio ariketa, eta arestian aipatu den, irailean eskainiko den Nazioarteko Kongresua.

 

BIHAR Nazioarteko Kongresuaren egitaraua:

  • Irailak 23, asteazkena (Bilbo, Euskalduna jauregia): Kongresuaren hasiera ekitaldia
  • Irailak 24 eta 25 (osteguna eta ostirala)

    • Irun, Ficoba: kongresuaren muina osatuko duten hitzaldiak, mahai-inguruak eta tailerrak

    • Hendaia: programazio kulturala osatuko duten ekintzak

  • Irailak 26, larunbata (Hendaia): manifestuaren aurkezpena eta itxiera ekitaldia

 

Kongresuan izena emateko epea datorren maiatzaren 11n, astelehenean, irekiko da.

 

BIHAR ekimenaren informazio zabalagoa ekimenaren webgunean aurkituko duzue: https://bihar.eus 

Erlazionatutako proiektua

facebook
0
twitter
Iruzkinak
0
Lagun bati bidali

 

 2020 Garabide

Larrin Plaza 1, 20550 Aretxabaleta, Gipuzkoa
688 63 24 33 / 943 250 397
garabide[arroba]garabide[puntu]eus