Europa mailako proiektua den Fosterlang ekimenaren baitan antolatu du Linguapax erakundeak Nazioarteko Kongresua pasa den astean. Hain zuzen, proiektu honek, aniztasun-krisia irauliz, eta Europako gizarte-onurak aktibatuz hizkuntza gutxituak bultzatzea eta Europako hizkuntza-kapitala sustatzea ditu xedetzat. Duela aste batzuk Euskal Herrian egin bezala, lau egunez Hizkuntza Aniztasunaren Foroa (El Fòrum de Diversitat Lingüística) burutu da, hizkuntza-aniztasuna, hizkuntza-justizia eta hizkuntza gutxituetako hiztunen ahalduntzea sustatzeko ezagutzak, jardunbide egokiak eta estrategiak partekatzeko, horretarako hainbat hitzaldi, jardunaldi eta mahai-inguru eginez.
Mundu-mailako hainbat eragile eta adituren artean, bertan parte hartu dute Kolonbiako Cauca departamentuko nasa komunitateko hizkuntza-aktibistek. Izan ere, azken urteetan burutu duten biziberritze-prozesuagatik 2025eko Linguapax Nazioarteko Saria irabazi zuten, eta horren harira, aldarrikapenen bidez saria jaso eta aitortzeko unea ere izan da aurtengo kongresua. Kongresuan zehar izan da, Garabide Elkarteko ordezkaritza ere.
Lau eguneko kongresua, nazioarteko dimentsioa hartu duen ikuspegi integratzailearen baitan
Kongresua pasa den ekainaren 17tik, asteazkena, hilaren 20ra bitartean burutu zen Bartzelonan. Bertan, beraien hizkuntzak biziberritzeko prozesuak martxan dituzten hainbat komunitateetako kideak bildu ziren, tartean nasak.
Ekainaren 18a, osteguna, izan zen kongresuko unerik garrantzitsuenetako bat. Nasek, Carlos Rudaren eskutik, duela hamabost urte martxan jarri zuten biziberritze-prozesua azaldu zuten, eta interes handia sortu zuen. Besteak beste, komunitatean zein autoritateengan lortu duten inplikazioa azpimarratu zuen, eta baita beste komunitate batzuekin izandako saretzea ere (hala nola Yukatango maiekin, Ekuadorreko kitxuekin eta euskaldunokin). Prozesuak duen ikuspegi integratzailea ere nabarmendu zuten.
Hitzartzearen ostean jaso zuten 2025ean aitortutako saria Carlos Ruda, Diego Yatacue eta Viviana Gonzalez hizkuntza-aktibistek. Bertan, sariaren garrantzia nabarmendu zuten, batetik taldearentzako aitortza oso garrantzitsua izan delako; eta bestetik, komunitatean ere prozesuaren dimentsioaz jabetzen ari direlako. Hain zuzen ere, prozesua aurkitzen den testuinguru berezian zentzu osoa hartzen du, horri esker, azkenerako euren esperientzia nazioarteko sare baten baitan kokatzen baita.
Dena den, kongresuan askotariko gaiak landu ziren mundu mailako hainbat aditu eta hizkuntza-aktibisten eskutik; besteak beste, hizkuntza minorizatuen komunitateetan prozesu migratorioek duten eragina edota biziberritze prozesuaren aldeko dinamiketan garapen soziokomunitarioa aintzat hartzeak ekar ditzakeen aukerak.
Kataluniako egonaldia egin ostean, ekainaren 22ko astean, kongresuaren gertutasuna aprobetxatuz, nasak Euskal Herrira etorri dira bisitan, eta besteak beste, Garabide eta hauekin kolaboratzen duten beste erakunde eta elkarteekin bildu dira. Aste honetako kronikaren berri datozen egunetan izango duzue.












2020 Garabide