Apirilean izan zen Iñaki Gonzalez, Arizmendi ikastolako irakaslea, Mixe komunitatean (Mexikoko Oaxaca estatuko ipar-eskualdean), hain justu bertako hizkuntzaren astea ospatu zen egunetan (Semana de Lengua mixe). Horren harira, Iñakiren bertako jarduna testuinguru horretan kokatu da, COLMIX erakundearen baitan. 2012. urteaz geroztik, mixe hizkuntzarekin lotutako hainbat egitasmo antolatu dituzte, gehienbat kultura, hezkuntza eta nazio-ikuspegietatik, eta aurten plazaratuko duten azken proiektua, mixe hizkuntza hezkuntza-plangintzan haur eskoletan txertatzeko murgiltze-eredu bat abiatzea izan da. Hain justu, Iñaki bera Garabideko boluntarioa ere badenez, aukera ezin hobea izan da Ikastolen Elkarteak garatutako Pertsona ereduan oinarritutako hezkuntza-ereduaren zertzeladak Oaxacan aurkezteko.
Egonaldiari dagokionez, esperientzia “ederra” eta “oso gustura” ibili dela azaldu digu Iñakik. Mixe komunitatea identitate lokalean edo herri nortasunean oinarritzen dela azaldu digu, eta horren harira, hizkuntza berezitasuna presente dagoela ere azpimarratu du: “Mixe komunitatean hizkuntzaren aldaera bat baino gehiago daude; ez da erabat berdina, baina aldera daiteke euskararen kasuan ditugun euskalkiekin. Beraiek, ordea, hizkuntza aniztasunaren baitan hartzen dituzte aldaera hauek, hau da, mixe hizkuntzak azpi-hizkuntza bat baino gehiago balitu bezala”. Oaxaca estatuko mixe hizkuntza zehazki, mixe-zoque familia linguistikoaren baitan kokatzen da. Gutxi-gorabehera 140.000 hiztun inguruk hitz egiten dute mixe hizkuntza (populazio osoaren %75ak).
Iñakiren hitzetan, ziur aski, eremu geografikoak eragin nabarmena izango luke hizkuntza-berezitasuna izatean, izan ere oso ingurune menditsua baita: “Herri batetik bestera joateko distantzia luzeak egin behar dira, hortaz, hizkuntzaren aldaera nahitaez aldatzen da”. Politikoki ere bereiztasun nabarmenak dituzte. Izan ere, beraien antolaketa propioa Mexikoko estatuarekin zuzenean bideratzen dute. Ez dute partidu politikorik, eta herriko lurrak komunitatearenak dira. Familiarekiko lotura oso errotua dute. Iñakik dioenez, zentzu komunitarioaren baitan, “arduraren bat duten langileak, logika komunalaren arabera aldatu edo txandatu egiten dira”. Zentzu horretan, mixe komunitateak kontzientzia nazional estandarizatu bat baduela ikusten da.
Dena den, hezkuntza eta lege-esparruetan hizkuntzak babes eta euskarri gehiago behar ditu. Horri hauspoa emateko sortu da garatze-fasean dagoen eta Iñakik parte hartu duen hezkuntza-proiektu berri hau.
Bigarren kronikan, murgiltze-ereduaren ildotik eraikitzen hasia den hezkuntza-ereduaren zertzeladak azalduko ditugu.













2020 Garabide