Garabide

Gure lana

Garabide Elkartea kooperazio era berria egiten duen Gobernuz Kanpoko Erakundea da. Zehazki, lankidetzaren alorrean munduko hizkuntza gutxituen biziberritze prozesuak bultzatzen ditugu euskararen esperientziatik abiatuta.

Zergatik diogu lankidetza modu berri bat dela? Lankidetza klasikoan gailendu izan den “Zenbat diru dugu emateko?” galderari buelta pare bat eman eta “Zein esperientzia dugu elkartrukatzeko?” galdegiten hasi ginelako 2005ean Garabide martxan jarri genuenean. Izan ere, hor baitago gakoa kooperazioa laguntza asistentziala izan ez dadin. Itaun berri honek lagunduak-laguntzaileak dinamika aldatzen du eta polo guztiak (dualitatetik haratago) jakintza eta bizipenen hartzaile eta emaile bilakatzen ditu; horrela doa sortzen berdinen arteko lankidetza harremana, duina eta aberasgarria.

 

Hizkuntza lankidetza

Gure herriak munduarekin partekatzeko zein esperientzia edo jardunbide bereizgarri dituen pentsatzen hasita ezinbestean dator burura euskararen biziberritze prozesua. Euskalgintzak azken 40-50 urtetan egindako lana handia da oso, aurrerapauso nabarmenak eman ditu eta erreferente bihurtzen ari da beste herri askorentzako, nahiz eta euskararen bideak ere baduen zer hobetu eta besteengandik zer ikasi. Dena den. ekimen zibiletik sortu eta azpiegitura sarea oinarri duen hizkuntza biziberritze esperientzia moduan ez du pareko gehiegi. Hori dela eta, euskararen biziberritze bidean pila(tu)tzen dugun jakintza altxorra da munduko hizkuntza gutxitu askorentzat, are gehiago hizkuntzen galera prozesua inoiz baino biziago den garai honetan.

 

Helburuak

Garapenerako euskal lankidetzaren ardatz potentzialetako bat izanik, orain arte mamitu ez den kooperazio ildo bati oinarria eskaintzea da Garabideren egitekoa. Honako helburu hauek formulatzen ditugu:

· Garapen bidean dauden herrietako hizkuntza komunitate minorizatuekin lankidetza bideratzea, euskara eta euskal kulturaren garapen esperientzien trukean oinarrituta.

· Norabide horretan, munduko hegoaldeko hizkuntza komunitate minorizatuetako eragileekin lankidetza proiektuak garatzea. Lankidetza proiektu horiek hizkuntzaren, kulturaren eta nortasunaren garapen-alor desberdinetan gauzatzea, hezkuntzaren alorrean indar berezia jarriz.

· Euskararen eta euskal kulturaren garapenean lanean ari diren erakundeek Hegoaldeko hizkuntza komunitate minorizatuekiko lankidetzarako beren esperientzia eskaini dezaten sustatzea, horretarako markoa eta bideak eskainiz.

Hori guztia, beti ere kontuan izanik hizkuntzaren eta kulturaren biziberritze prozesua nahitaezko oinarria dela jasangarritasunaren, giza eskubideen, genero berdintasunaren eta ekitatearen aldeko eraldaketa mugimenduetan.

 

Lan arloak

Batetik, hizkuntza komunitate gutxituetako eragileekin lankidetza proiektuak hitzartu eta aurrera eramatea da Garabideren lana. Hizkuntza komunitate horietan dauden beharrak identifikatu ondoren euskararen esperientziatik ekarpena egiteko, zubi lana egiten dugu euskalgintzarekin. Hau da, Garabidek euskalgintzan bilatzen ditu behar horiei erantzuteko eragileak eta, prozesuan, euskalgintzaren esperientziaren didaktifikazio eta zabalkundea bultzatzen ditu. Bestetik, Euskal Herrira begira aktibazio eta sentsibilizazio lana egiten dugu gizarteko alor desberdinetan (hezkuntzan, herrigintzan, enpresetan...).

Laburbilduz, gure jarduna ondorengo lan arlotan antolatzen dugu nagusiki:

facebook
0
twitter
Lagun bati bidali

 

 2020 Garabide

Larrin Plaza 1, 20550 Aretxabaleta, Gipuzkoa
688 63 24 33 / 943 250 397
garabide[arroba]garabide[puntu]eus