Albisteak

"Semana de Lengua mixe" jardunaldietako irudi bat (Oaxaca, Mexiko)
"Semana de Lengua mixe" jardunaldietako irudi bat (Oaxaca, Mexiko)

Mixe komunitatea: hezkuntzaren bidez hizkuntza garatzeko proiektu berriaren baitan (II. zatia)

2026/06/12

Hezkuntzaren eskumena, Mexikoko estatuaren menpe dago erabat. Iñaki Gonzalezek nabarmentzen du, “kontzientzia duten irakasle hiztunak” badituztela, eta komunitate-harremana garatua dutela, baina hezkuntzako gidalerroak Estatuak markatzen dituenez, “zaila da hezkuntza-testuinguruetan hizkuntza biziberritzeko estrategiak martxan jartzea, oso ikuspegi politikoa ematen delako”, hau da, hain justu arestian aipatutako zentzu komunitarioaren aurkakoa. Izan ere, hezkuntza arloan ere, gaztelaniazko hezkuntza-sistema soilik da nagusi, eta mixe hizkuntza irakasteari astean 20 minutu eskaintzen zaizkio soilik. Horregatik, ezinbestekotzat jotzen da hezkuntza-sistemako irizpide linguistikoak aldatzea, mixe hizkuntzari dagokion lekua emanez, Haur Hezkuntzatik bertatik.

COLMIX erakundeak, azken hilabeteotan, hezkuntza-eredu berri bat martxan jartzeko asmoa azaldu du, Haur Hezkuntzan mixe hizkuntza murgiltze-ereduan txertatzeko asmoz. Mixe hizkuntzaren hezkuntza-komunitateak garbi ikusi du, esperientziak elkartrukatuz elkarrengandik ikasteko beharra, eta bertako komunitateetan, linguistikoki daukaten aniztasuna kudeatzeko bolondresak ere lortu dituzte azkenaldian. Zentzu horretan, Arizmendi Ikastolan Pertsona Ereduan oinarritutako hezkuntza-plangintzetan hasiak direla kontuan izanik, eta Iñaki bera Garabideko boluntarioa izanik, aukera suertatu zen Mixe komunitatearekin harremanetan jartzeko eta hemengo esperientziak hara eramateko, programa honen baitan, Ikastolen Elkarteko esperientziak azalduz. Iñakik horrela azaldu du, komunitate txikietan halako programak ezartzearen garrantzia: “Makro ereduetatik mikro ereduetara” iristean dago gakoa”.

Hainbat aditurekin batera, apirilean zehar ospatutako Semana de la lengua Mixe jardunaldietan hartu du parte Iñakik Oaxacan, eta lau egunetan, bakoitzean sei orduko saioen bidez, praktika konkretuak identifikatu dituzte eta pertsona-ereduaren baitan mixe hiztunak gai konkretuen inguruan informatzeko saio orientatiboak (hitzaldiak, mahai-inguruak…) eskaini dituzte.

Esperientzia hauetatik proba piloto bat diseinatzen ari da une honetan Mixe hezkuntza-komunitatea, bereziki komunitatea osatzen duten hiru eskualde zehatzetan, eta aurtengo udan martxan jartzeko asmoa erakutsi dute. Lau astez, bertako eskoletan martxan jarriko lukete proiektua, eta asmo nagusia, ikasleen artean hizkuntzaren erabilera sustatzeaz gain, “hizkuntzaren estandarizazioa lortzeko urrats garrantzitsuak” ematea ere izango da. Aipaturiko proba pilotoa Ayutla, Tlahuitoltepec eta Totontepec eskualdeetan burutuko lukete, hain zuzen ere, mixe hizkuntza egoerarik larrienean legokeen eremuetan. Proba pilotoa egin ostean definituko lituzkete hezkuntza-eredu honen irizpide zehatzak, epe ertain-luzera hezkuntza-proiektu bat osatzeko.

Horrela bada, Mixe komunitatea beraien lan-ildoak berdefintzen eta garatzen ari da, garapen-prozesu betean, Ikastolen Elkartearen Hezkuntza proiektuko oinarri nagusietako bat den Pertsona eredua, besteak beste, eredutzat hartuta. Iñakik lankidetza-ildo horretan jarraitzean egin du azpimarra: “Pertsonetan oinarrituta, denok daukagulako elkarri zer ikasi eta elkarrengandik zer irakatsi” .

Egun batzuk barru argitaratuko dugun hirugarren eta azken kronikan, berriz,, Mixe hizkuntzaren ezaugarriak eta azken urteetan izan duen bilakaera azalduko ditugu

Erlazionatutako proiektua

Erlazionatutako hizkuntza komunitateak

facebook
0
twitter
Iruzkinak
0
Lagun bati bidali

 

 2020 Garabide

Larrin Plaza 1, 20550 Aretxabaleta, Gipuzkoa
688 63 24 33 / 943 250 397
garabide[arroba]garabide[puntu]eus