Proiektuak

Hizkuntza indigenak Ama Lurra zaintzen

PROIEKTUAREN ABIAPUNTUA

IrudiaProiektu hau 2018ko udazkenean abiatu zen, Garabide Elkarteak Mondragon Unibertsitatearen Aretxabaletako HUHEZI fakultatean antolatutako Hizkuntza Biziberritzeko Estrategiak Aditu Ikastaroaren baitan, hain zuzen ere. Zehazki, ikastaro horretan Mikel Mendizabalek gidatutako Kultur Ekoizpenaren moduluan.


Hasiera gehienak bezala, gurea ere xumea izan zen. 2018ko udazkenean Hizkuntza Biziberritzeko Estrategiak Aditu Ikastaroan parte hartzen ari ziren 20 indigenek 3 hilabete egin zituzten Euskal Herrian, euskararen biziberritzeko prozesua aztertzen eta eztabaidatzen, eta euren herrietako bizipenak eta prozesuak partekatzen. Elkar ezagutze horretan, hizkuntzen biziberritze esperientzien elkartrukean, beharra sortu zitzaigun ikastaroaz harago ere elkarren berri izateko eta gure arteko sareak ehuntzeko. Izan ere, aldeak alde, hari berberaz josita geunden denok: gure hizkuntzen, kulturen eta identitateen biziraupenerako konpromisoaz.

 

LIBURUA

Beraz, hasieran Kultur Ekoizpenaren moduluko ariketa bat zenak bestelako dimentsioa hartu zuen: ikasgelan landutako istorio eta marrazkiak atondu eta liburu batean biltzeari ekin genion. 2020an lortu genuen liburua argitaratzea Garabide elkartearen, Easo Politeknikoaren eta EHUko Munduko Hizkuntza Ondarearen Unesco-Katedraren arteko elkarlanari esker.

 

Liburua argitaratzeak bi helburu nagusi zituen: batetik, gure jardunbidea den hizkuntza lankidetza nola ulertzen dugun adieraztea. Hau da, zein balio, zein garrantzia eta zein aukera dituen bistaratzea. Bestetik, isilarazitako herri indigenetara hurreratzea, euren sentipenak eta sentiberatasunak ezagutzeko. Hori lortzen saiatzeko, bildumak 11 ipuin edo mito labur biltzen ditu, desagertzeko arrisku larrian dauden hizkuntza banatan idatzita eta komunitate bakoitzari dagokion hegazti txiki bati lotuta, metafora moduan.

 

Liburua hemen eskuratu dezakezu debalde formatu digitalean eta formatu fisikoan nahi baduzu eskatu hemen 5 euroren truke (gehi bidalketa gastuak).

 

ERAKUSKETA

Argitalpenarekin batera, "Hizkuntza indigenak Ama Lurra zaintzen" erakusketa ibiltaria prestatu genuen, liburuaren helburuak bestelako euskarrien bitartez ere lortu ahal izateko. Ordutik biran dabil Euskal Herriko kultur etxe, ikastetxe eta bestelako guneetan eta esan beharra dugu oso harrera ona izaten ari dela.

Zurean erakusketa antolatu nahi baduzu jarri harremanetan gurekin. Hementxe duzu erakusketa ibiltaria Orion izan zeneko bideo labur bat:

 

GIDA DIDAKTIKOA

Azkenik, proiektuak egindako bidea ikusita, eta hezkuntza komunitateak hala eskatuta, pauso bat harago eman genuen 2022an: liburuaren eta erakusketaren osagarri den gida diaktikoa plazaratzea.

 

Bertan proposamen bat biltzen da hizkuntza aniztasunaren gaia lantzeko. Gogoeta eragiteko ariketa sorta 14 urtetik gorako ikasleentzat pentsatuta dago, baina erraz moldatu daiteke bestelako ezaugarriak dituzten taldeetara.

 

Hementxe duzu debalde eskura gida didaktikoa.

Erlazionatutako albisteak

facebook
0
twitter
Iruzkinak
0
Lagun bati bidali

 

 2020 Garabide

Larrin Plaza 1, 20550 Aretxabaleta, Gipuzkoa
688 63 24 33 / 943 250 397
garabide[arroba]garabide[puntu]eus