Albisteak

Besteak beste, Garabideko lan-taldearekin ere izan ziren nasak
Besteak beste, Garabideko lan-taldearekin ere izan ziren nasak

Nasak Euskal Herrian izan dira, Katalunian izan ostean

2026/07/06

Ekainaren 17tik 20ra Bartzelonan burutu zen Hizkuntza Aniztasunaren Foroan, (Linguapax erakundeak antolatuta, Fosterlang ekimenaren baitan), Kolonbiako Cauca departamentuko nasa komunitateko hizkuntza-aktibistak diren Carlos Ruda, Diego Yatacue eta Viviana Gonzalezek, 2025eko Linguapax Nazioarteko Saria jaso zuten, duela hamabost urtetik martxan jarri duten biziberritze-prozesuaren harira. Hain zuzen ere, komunitatean zein autoritateengan lortu duten inplikazioa azpimarratu zuten, eta baita beste komunitate batzuekin izandako saretzea ere, prozesuak izandako ikuspegi integratzailea nabarmenduz.

Kongresuan izan eta gero, ekainaren 22ko astean, Euskal Herrian izan dira bisitan, Kataluniako kongresuaren gertutasuna aprobetxatuz. Lehen egunean, Unesco Katedrako kideekin elkartu ziren Gasteizko EHUren campusean. Izan ere, Unesco Katedrako hainbat sustatzailek hasieratik ezagutu eta babestu dute beraien biziberritze-prozesua, eta horren erakusle da Katedrako kide diren Ane Ortega, Arkaitz Zarraga eta Andoni Barreñak sarri bidaiatu izana Caucara, bertako prozesuaren harira, euskararen biziberritze-esperientziak konpartitzera. Beraiekin bildu ziren hain zuzen ere, Unesco Katedrako Itziar Idiazabal, Ibon Sarasola, Haizea Saez de Egiluz, Ines Garcia eta Laura Villarreal Katedrako kideak. Nasek, Katedrari “emandako laguntza” eskertu diete, eta Katedratik ere, “euren eskutik ikasitakoa” goraipatu dute. Hala nola, egungo prozesuaren egoera, lurraldearen testuingurua eta elkarlanaren jatorriaz aritu ziren hizketan. Azkenik, filologia arloan egiten diren askotariko ikerketak ezagutzeko aukera ere izan zuten nasek. 

Hurrengo egunean, Gipuzkoako Foru Aldundiko Lankidetza Departamentuarekin bildu ziren, Ana Priede buru zutelarik. Departamentuak urteak daramatzanez nasen biziberritze-proiektua babesten, nasek esker ona emateko aprobetxatu zuten. Bide batez, prozesuaren ezaugarriak azaldu zituzten, eta Kolonbia zein nazioarteko testuinguruaren inguruan ere hausnartu zuten. Lankidetzak denboran jarraitzeko interesa berretsi zuten bi aldeek.

Ondoren, Garabideko lantaldearekin elkartu ziren nasak, Aretxabaletako egoitzan. Bertan ere, izandako prozesuaz eta testuinguruaz jardun zuten. Orain arte emandako lanaren emaitzak nabarmendu zituzten, eta prozesuaren bigarren jauzi honetan bilatu beharreko kolaborazio forma berriak ere izan zituzten mintzagai. Hizkuntzak Biziberritzeko Formazioetatik urteetako harremana izana dute Garabide Elkartearekin, eta elkarren arteko loturak sendotzeko ere balio izan zuen topaketak.

Azken egunean, Durangon izan ziren nasak, Garabideren arteko lankidetza tarteko. Hala, Durangoko Udalak eta Garabide Elkarteak lankidetza hitzarmena berritu dute, Caucako komunitate indigenen kultura eta Nasa Yuwe hizkuntza sustatzeko. Udaleko ordezkarien hitzetan, bisitak “bi herrien arteko harremana sendotzeko” balio izan du, bereziki kultura eta hizkuntza-biziberritze prozesuetan elkarlanean jarraitzeko, eta 16.000 euroko ekarpena egingo du norabide horretan, Caucako eskualdean Nasa yuwe hizkuntzaren erabilera indartuz, irakasle indigenen prestakuntza lagunduz eta tresna pedagogiko berriak garatuz.

Egonaldiarekin amaitzeko, azken urteetan prozesuaren kolaboratzaile izan direnekin lagunarteko bazkaria egin zuten nasek, eta astearen amaieran itzuli ziren euren herrira.

Eskerrik asko bisitagatik eta laster arte, lagunok! We'we'sx fxi'zenxi 

Erlazionatutako hizkuntza komunitateak

facebook
0
twitter
Iruzkinak
0
Lagun bati bidali

 

 2020 Garabide

Larrin Plaza 1, 20550 Aretxabaleta, Gipuzkoa
688 63 24 33 / 943 250 397
garabide[arroba]garabide[puntu]eus