Mixe hizkuntzaren errealitatea ulertzeko, ezinbestekoa da komunitatearen inguruan osatzen duten eredu politikoa ulertzea batetik, eta baita identitate lokalaren baitan dagoen hizkuntza berezitasunaz kontziente izatea, bestetik. 140.000 hiztun inguruko eremu honetan, ohikoak dira komunitate txikiek euren egunerokoan jasan behar izaten dituzten arazoak. Hizkuntza-kontzientzia badago, eta hizkuntza aktibaziorako estrategiak martxan jartzen ere hasiak dira. Garabiderekin harremanetan ere egon dira, hain zuzen ere, azken urteetan bi aldiz hartu dutelako parte Aditu ikastaroetan (Hizkuntzak Biziberritzeko Formazioetan.
Zentzu horretan, linguistikoki estandarizazio bat erdietsi nahi dute, nahiz eta Iñaki Gonzalezen esanetan, gramatika bateratua lortzeko lan-ildoak definitzen ari diren, hainbat estrategia linguistiko definituz: “Mixe hizkuntza osatzen duten komunitate ezberdinetan linguista sareak daude, eta hezkuntza-arloko materialen kudeaketan, oinarrizko estandarizazio edo bateratzea ia bermatuta legoke”.
Hiztun kopuruari dagokionez, 2020an emandako datuen arabera, populazio osoaren %75a litzateke mixe hiztuna. Halere, datuak kezkagarriak dira; adin-tartea zenbat eta baxuagoa izan, ama-hizkuntza mixea dutenen kopurua geroz eta murritzagoa da; horrek esan nahi du, haurrak ez direla mixe hizkuntza ikasten ari, eta euren ama-hizkuntza gaztelania dela. Gaur gaurkoz, populazio osoaren %20aren ama-hizkuntza da mixe hizkuntza, baina portzentaia hau gutxitzeko arriskua dago. Horren ondorioz, hizkuntza-transmisioaren etena gertatzen ari da.
2003. urteaz geroztik, Mexikoko Hizkuntza Indigenen Hizkuntza Eskubideen Legea eta Oaxaca Estatuko ezkuntza Lege Orokorra onartu dira, besteak beste. Bertan, mixe hizkuntzan bizi eta hitz egiteko eskubidea onartzen zaie herritarrei, nahiz eta gaur gaurkoz oraindik, “babes teoriko-juridikoa” bermatu arren, praktikan ez diren betetzen.
Horrela bada, mixe hizkuntza garatzeko hezkuntza-proiektu honek bide luzea luke oraindik egiteke, baina Iñaki baikor azaldu da, komunitateen arteko “elkar-ezagutza kolektiboa” badutelako, soziolinguistikaren arloan egin diren ikerketa-lanak, argitaralpenak, inprenta-zerbitzuak edo liburuak adibidetzat jarriz. “Orain, esperientziak saretzea eta elkarlan hori estandarizatzea da mixe hizkuntzaren erronka”.













2020 Garabide