Albisteak

ADITU ikastaroko kideak Urkuluko urtegian (Aretxabaleta, 2026-09-20)
ADITU ikastaroko kideak Urkuluko urtegian (Aretxabaleta, 2026-09-20)

Euskaratik abiatuta, biziberritzen ari diren mundu osoko hizkuntzez inguratuta osatu dugu formazio programaren 1. astea

2026/09/29

Pasa den ostiralean, irailak 18, elkar ezagutzeko erritual, aurkezpen eta dinamiken bidez ekin genion Hizkuntzak Biziberritzeko IV. Formazio Programari, Aretxabaletako Garabideren egoitzan, egun osoko jardunaldia osatuz. Horri esker, programako 11 partaideek elkar ezagutzeko parada izan zuten, giro onean, eta irribarre bana ezpainetan. Eta giro ederrarekin jarraitu genuen, eguraldi atsegina lagun, bi egun beranduago, hilaren 20an, igandean, Aretxabaletako Urkulu urtegiari bira emanez egunpasa planean. Elkar ezagutuz eta bakoitzak bere komunitateko esperientziak elkartrukatuz, sintonia oneko hasiera izan du formazio saioak. 

Era berean, azpimarratzekoa izan da beste urte batez, Aretxabaletako Udalean egindako harrera eskuzabala, pasa den astelehenean (hilak 21). Bertan, Gari Iturbe alkateak eta Iñaki Martinez de Luna Garabideko lehendakariak harrera egin zieten Adituko aurtengo parte-hartzaileei; hainbat parte-hartzailek ere esker oneko hitzak eta ekintzak izan zituzten euskal komunitatearekiko (horren erakusle izan ziren ekitaldian izandako kaqchikel, nasa eta maputxeen komunitateetako ordezkarien keinuak).

Astelehen eta asteartean, hilaren 21ean eta 22an, Formazio programako lehen oinarri teorikoak jaso dituzte Aditu programako parte-hartzaileek: Hizkuntza-aniztasuna edo eleaniztasunaren oinarriak (Unesco Katedrako Itziar Idiazabal eta Leire Diaz de Gereñuren eskutik), hizkuntzak biziberritzeko gakoak eta eremuak (Jon Sarasua), hizkuntzak biziberritzeko soziolinguistika (Iñaki Arruti), helduen irakaskuntzarako oinarriak (Ane Ortega) eta eskolaren edo hezkuntzaren rola, hizkuntzak biziberritzeok prozesuetan (Andoni Barreña).

Asteazkenean, hilaren 23an, Bilbon igaro genuen eguna. Lehenik, Euskararen Etxea bisitatu genuen, Euskalgintzako hainbat elkarte biltzen diren zentroaren kudeaketa ezagutzeaz gain, bertan dagoen Euskararen Interpretazio Zentroa ezagutuz, bisita gidatu atsegin bezain emankor batean. 

Eta asteazken arratsaldetik, larunbatera bitartean (hilak 26), BIHAR Nazioarteko Kongresua zuzenean eta bertatik bertara jarraitzeko aukera izan dute Aditu formazioko parte hartzaileek ere. Asteazkenean, hilak 23 ,Bilboko Euskalduna Jauregitik hasita, eta ostegunean (hilak 24)  zein ostiralean (hilak 25), Irunen (Ficoba Erakustazokan) zein Hendaian izandako hitzaldi, mahai-inguru eta tailer dinamikoetan egoteko parada izan dugu. Lau egunez, mundu mailako 40 komunitatetako hizlarien errealitatea gertutik ezagutu dugu, Hizkuntzetatik jalgitzen ari den mundua lelopean, eta hainbat errealitate ezagutu ditugu. Are gehiago, kongresuan bertan zuzenean parte hartzeko aukera izan dute formazioko hainbat kidek ere, hala nola Delfina Libia Reyes ayoouk hiztuna den mixeak, Miguel Ángel Verón guaraniak eta Milouda El Hankari zein Asmaa Aouattah amazigek. Eta nabarmentzekoa izan da, Kongresuari larunbatean (hilak 26) eman diogula amaiera, Irun eta Hendaia artean, Hizkuntzak Biziberritzen ari diren hizkuntzen manifestuaren irakurketarekin. Era berean, mundu mailan biziberritzen ari diren Hizkuntzen Federazioaren inguruko aurkezpenaren lekuko ere izan gara.

Horrela bada, euskaratik eta euskalgintzatik abiatuta, mundu mailako hizkuntzen esperientziak ezagutuz biribildu dugu astea. Eta klase zein kongresuetatik harago, jai giroan egoteko parada ere izan dute parte-hartzaileek Aretxabaletako San Migel jaietan (dena ez baita lana, alegia!).

Erlazionatutako proiektua

facebook
0
twitter
Iruzkinak
0
Lagun bati bidali

 

 2020 Garabide

Larrin Plaza 1, 20550 Aretxabaleta, Gipuzkoa
688 63 24 33 / 943 250 397
garabide[arroba]garabide[puntu]eus