Atzo, irailak 21, astelehena, Gari Iturbe Aretxabaletako alkateak eta Iñaki Martinez de Luna Garabideko lehendakariak harrera ofiziala egin zieten Hizkuntzak Biziberritzeko IV. Formazio Programako kideei Aretxabaletako udaletxean.
Ekitaldian, aurtengo 11 kideei ongi-etorria eman zitzaien eta hizkuntza lankidetzaren beharra aldarrikatu zen, Garabideren formazio programa honen nondik norakoak azaltzearekin batera. Esker oneko hitzak izan zituzten gonbidatu guztientzat
Gari Iturbek, Aretxabaletako alkateak, Hizkuntzak Biziberritzeko Formazioaren garrantzia azpimarratu zuen, zentzu horretan, urtero Aretxabaleta eta Euskal Herria "munduko hainbat hizkuntza gutxituren elkargune" bihurtzen direla aldarrikatuz. Garabide Elkarteak urtero antolatzen duen egonaldi hau "balio eta batasun-erakusle" handikotzat jo zuen, munduko hizkuntza-komunitateek udaletxeko ateak "zabalik" dituztela azpimarratuz. Segidan, Iñaki Martinez de Luna Garabideko lehendakariak ere hizkuntza-lankidetzaren eta elkarlanaren garrantzia azpimarratu zuen, eta elkarrekin "egonaldi atsegina" pasatzeko gonbita egin zien parte-hartzaileei
Programako kideek ere parte hartu zuten ekitaldian; hain zuzen ere, ekitaldia erritual kaqchikel batekin hasi zen, ekitaldia hizkuntza adina kolorez jantziz. Ondoren, Txileko maputxeen ordezkariak beraien lurraldeko dantza bat eskaini zuen; talde osoaren izenean, berriz, bubien komunitateko ordezkariak esker oneko hitzak izan zituen Euskal Herria eta euskal komunitatearekiko izandako harreragatik. Hain zuzen ere, "Aretxabaletara eta Euskal Herrira, ikastera etorri direla" azpimarratu zuen, baina era berean, "beraiek emateko dutena eskaintzera" etorriko zirela ere nabarmendu zuen, hilabete eta erdiko egonaldia emankorra izango zela adieraziz. Azkenik, partaide guztiek nasa komunitatearen erresistentzia-kanta bat kantatu zuten, hizkuntza guztien batasunaren erakusgarri.
Hona hemen atzoko ekitaldiko irudiekin osatutako argazki-galeria












2020 Garabide