Albisteak

BIHAR Kongresuko parte-hartzaileak eta antolatzaileak (Ficoba, Irun, 2026-09-24)
BIHAR Kongresuko parte-hartzaileak eta antolatzaileak (Ficoba, Irun, 2026-09-24)

Hizkuntzen biziberritzea komunitateen onura gisa

2026/09/24

Hizkuntzen biziberritzean lankidetzak, diskurtsoen berritzeak eta ikuspegi intersekzionalak duen garrantzia nabarmendu da gaur Ficoban (Irun, Euskal Herria), BIHAR nazioarteko kongresuaren bigarren jardunaldian. Lau egunetan zehar, mundu osoko 40 hizkuntza komunitate inguruk hartuko dute parte Kongresuan.

Sarrerako hitzak Kongresuko lau eragile antolatzaileetako lehendakariek egin dituzte: Iñaki Martinez de Luna (Garabide), Maite Asensio (Soziolinguistika Klusterra), Irati Iciar (Taupa Euskaltzaleen Mugimendua) eta Ihintza Etchart (Plazara).

Ondoren, Bihar Kongresuaren lehenengo fasea izan den ikerketaren xehetasunak kontatu ditu Soziolinguistika Klusterreko Belen Uranga hizkuntza teknikari eta ikertzaile soziolinguistak. Hizkuntzak biziberritzeko nazioarteko egungo diskurtsoen diagnostikoa osatzea izan da euren lana. “Hizkuntzak biziberritzeko prozesuetan erabiltzen diren diskurtsoak identifikatzea izan da helburua. Ez gara hizkuntzaren bila joan, arrazoien bila joan gara. Komunitate ezberdinetan aktibo dagoen jendearekin hitz egin dugu”, azaldu du. Eta aipatu ditu zein dimentsiotan sailkatu dituzten diskurtso horiek: sinboliko-identitarioa, politiko-eraldatzailea eta pragmatikoa. Eta, besteak beste, lehenengo dimentsioari begira,azaldu du identitateari dagokionez, badagoela joera bat hizkuntza identitatetik bereiztekoa, eta pragmatismora jotzekoa. Horren arriskuaz ohartarazi digute, ez da komeni gehiegi bereiztea. Bestalde, memoria kolektiboa ezin da imajinatu komunitate horren hizkuntzaren erabilerarik gabe”

Aotearoako Te reo maoria den Rahera Cowiek dimentsio kultural eta identitate atxikimenduari heldu dio, hain zuzen. “Maoriak eman didan opari ederrena ez da hizkuntza bera izan, baloreak baizik. Hitz ezberdinak dauzkagu izendatzeko adibidez errespetua, lurraldea eta besteak ondo zaintzea edota afal ondoren nola jaso mahaia. Nor garen eta nor izan nahi dugun topatzeko modu bat da”. Urteetako debekuen ondotik, maoria biziberritzeko egiten ari diren ahaleginak nabarmendu ditu. “Konpromiso handia dago gazteen partetik, hiztunen erdiek 30 urte baino gutxiago dituzte eta haurrentzako barnetegiak ere badaude, zoragarria da. Pasio handiz bizi dute, ulertzen dute munduaren parte garela. Gobernuak milioi bat hiztun lortu nahi ditu 2040rako, lan handia dago egiteko”.

Ekuadorretik etorri da Paolina Vercoutere Quinche, Kichwa-Otavalo komunitateko liderra, Imbaburako gobernadore eta viceprefecta izandakoa, Warmi Imbaburako sortzailea eta hizkuntza eta kulturaren biziberritzearen aldeko erreferentea. Hizkuntza, identitatea eta ezagutza komunitarioaz aritu da eta azaldu du Euskal Herrira egindako bisita batean ikusi zuela bere hizkuntza berreskuratzeko beharra. “Bandera berri bat hartu nuen hemen: emakumeen eskubideak eta herrien eskubideak banituen lehendik; hizkuntza eskubideen kontzientzia hartu nuen hemen”. Eta hiru borroka horiek uztartu zituen bere proposamen politikoa osatzeko. “Hizkuntza izan da tresna bat biolentzia matxistaren aurka egiteko. Feminizidio eta erasoen inguruko inkesta batlehen aldiz bi hizkuntzatan zabaldu genuen eta, 2.500 inkestetatik erdiak kichwan erantzun ziren”. Biolentzia pairatu duten emakumeak artatzen dabiltzan profesional guztiak bi hizkuntzatan gaitasuna izatea jarri zuen arau. “Kichwa profesionalak sartu ditut funtzionario, Estatuak izan behar duelako justizia sozialerako tresna ere”.

Nepalgo Nabraj Lama Tamang hizkuntzaren ordezkari gisa aritu da, aniztasuna, iraunkortasuna eta balio ekologikoak aztertuz. “Tamang hiztuna nintzen 7 urterekin eskolaratu arte. Nepalierazko eskola zen, eta ez nuen zipitzik ulertzen; ez nintzen gai ezta komunera joateko eskatzeko ere. Irakasleek ere ez ninduten ulertzen”. Azaldu du transmisioan hutsune handia dagoela gaur egun, jende askok uste duelako ingelesa dela garapenerako hizkuntza. Baina niri ateak ireki dizkit”. Hunkituta aipatu du nola aurten izan diren uholdeetako hildako asko soilik Tamang hiztunak ziren. “Gobernuak ohartarazpenak soilik nepaleraz bidali zituten. Gertaeraren larritasunak mezuak tamangeraz ere bidali behar ziren. Gertaera horrek milaka heriotza ekarri zituen inkomunikazioa egon zelako. Dena joan da: jendea, kultura, hizkuntza... dena”.

Eta goizari itxiera emateko, Taupa Euskaltzaleen mugimenduko Irati Elizalde Komunikazio eta Hedapen arduradunak eta Onintza Olaizola herrigintza arloko arduradunak azaldu dute nola izan den Soziolinguistika Klusterrak egindako diagnostikoa Euskal Herrian zehar begirada intersekzional batetik sozializatzea. Arlo ezberdinetako eragileekin egindako bileretatik Olaizolak esan du “agian prozesu honek uzten digun galderarik emankorrena ez dela soilik zer diskurtso berri behar duen euskarak. Agian galdera beste hau ere bada: zer gizarte-proiektu proposatzen dugu euskaratik? Izan ere, kontakizun berriak ez dira sinesgarriak izango hitzak bakarrik aldatzen baditugu. Komunitate irekiagoaz hitz egiteak gure praktikak ere berrikustea eskatzen du. Justizia sozialaz hitz egiteak desberdintasun materialei begiratzea eskatzen du. Eta aliantzak aldarrikatzeak beste borroketan ere presente egotea eskatzen du. Eta hortxe ikusten dugu etorkizunerako lan-eremu emankor bat: euskara aniztasunarekin, berdintasunarekin, bizikidetzarekin eta komunitatearen etorkizunarekin lotzen duen proiektu partekatu gisa irudikatzea”

 

Hizkuntza osasuna ere bada

Varsoviako Unibertsitateko Kultura Jarraipenerako ikerketa eta praktika zentroko zuzendaria da Justina Olko eta harremanen unibertsoaz hitz egin du: hizkuntza minorizatuak eta indigenak justizia sozialerako eta ongizaterako tresna gisa. Begirada akademikoa ekarri du. Azaldu du, besteak beste, nola erabili den “dialekto”terminoa hizkuntza ezberdinak politikoki diskriminatzeko. Non daude hizkuntzen arteko mugak? Eleaniztasunak dakartzan onurak aztertu ditu, lurralde indigenetan egindako azterketen ondorioz. Besteak beste, euren hizkuntzan gehiago hitz egiten dutenak trauma sintoma gutxiago dituztela. Eta ongizate sentsazioa askoz ere handiagoa da”.

Bukatzeko, Toroga Breda, Hegoafrikako Khoikhoi komunitate indigenako eta Munanai erakundeko ordezkari gisa. Hizkuntzen balio pragmatikoaz arituko zaigu, zehazki, diskurtso pragmatikoaren arriskuez: birsortzea eta folklorizazioa.

Goizean zehar izan da kultur emanaldirako tarterik ere. Mixel Etxekopar eta Ihitz Iriart abeslariek Zuberoako piezak eskaini dituzte. Eta bazkal ondoren, Miguel Angel Verón Gomezek Paraguayko guarani komunitateko abesti bat ekarri du.

Erlazionatutako proiektua

facebook
0
twitter
Iruzkinak
0
Lagun bati bidali

 

 2020 Garabide

Larrin Plaza 1, 20550 Aretxabaleta, Gipuzkoa
688 63 24 33 / 943 250 397
garabide[arroba]garabide[puntu]eus