Albisteak

Hizkuntzen Federazioaren aurkezpena (BIHAR Kongresua, Irun, 2026-09-25)
Hizkuntzen Federazioaren aurkezpena (BIHAR Kongresua, Irun, 2026-09-25)

Hizkuntza biziberritzen ari diren nazioarteko komunitateen sarearen aurkezpena egin dugu

2026/09/25
Hizkuntza biziberritzen ari diren nazioarteko komunitateen sarearen aurkezpena burutu da gaur, ostirala, hilak 25, Ficoba Erakustazokan, BIHAR Nazioarteko Kongresuaren baitan. Hizkuntzen Federazioa sortu eta garatzeko talde-eragilearen aurkezpena egin dugu. Federazioaren aurkezpena Urtzi Urrutikoetxea, ekimenaren sustatzaile eta Garabideko kideak, eta Jon Sarasuak, Garabideko zuzendariordeak egin dute.
 
Asteartean, Donostiako udaletxean egindako harreran azaldu bezala, federazio honen helburua hizkuntzen arteko sare iraunkor bat sortzea da. Fedrazioaren ardatza hizkuntzen arteko sare iraunkor bat indartu eta jorratzea izango da, sare hori berdintasunean, egitura horizontalean eta zirkularrean (elkarreraginean) eraikiko litzatekeelarik. Zentzu horretan, hauek dira federazioaren hiru funtzio nagusiak:
  • Hizkuntza-komunitateen arteko lankidetza praktikoa indartzea, elkarrekin diskurtso/mezu multzoak kolektiboki ekoitziz
  • Mundu-mailako hizkuntza eta erakunde handien aurrean azaltzea, beraiengan hizkuntza eta kultura-aniztasunaren balioari buruzko narratiba partekatua eraikiz eta partekatuz
  • Gure hizkuntzen etorkizunari eragiten dioten gaiak eztabaidatzen diren nazioarteko esparruetan eragin kolektiborako gaitasuna sendotzea, nazioarteko harreman sareak garatuz

Azalpenen ostean, federazioaren sorkuntzako partaide izan diren komunitateetako kideek, elkarrekin hizkuntzen biziberritzea ardatz duen batasunerako deia luzatu dute, hainbat sinbolo, eskaintza eta kantu erabiliz. Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako Sailburuordea den Aitor Aldasoro ere bertan izan da.

Federazioa osatzeko, eta ahalik eta hizkuntza gehien bertara batzeko deia luzatu dute sustatzaileek

Federazioaren partaide diren hizkuntzak eta lurraldeak

  • Euskara (Euskal Herria)
  • Hawaiiera (Hawaii)
  • Tubua (Libia)
  • Kurduera (Kurdistan)
  • Kitxua (Ekuador)
  • Maoria (Aotearoa, Zelanda Berria)
  • Khoikhoiera (Hego Afrika)
  • Tamangera (Nepal)
  • Yukatango maia (Mexiko)
  • Guarania (Paraguai)
  • Nasa yuwe (Kolonbia)
  • Galesa (Gales)
  • Torwaliera (Pakistan)

Falta izan direnak gogoan, batzen gaituzten hizkuntzetan guk ere txoria dugu maite

Dena den, azpimarratu nahi dugu hizkuntza guztiak ezin izan direla presente egon gaur Irunen. Zubair Torwali, torwali hiztunari ez zaio kongresura etortzeko bisa-eskaera ez zaio onartu, eta ondorioz ezin izan da etorri). Hainbat hizkuntzetan "Txoriak txori" abestuz amaitu da ekitaldia, batzen gaituzten hizkuntzetan guk ere txoria dugulako maite.

Erlazionatutako proiektua

facebook
0
twitter
Iruzkinak
0
Lagun bati bidali

 

 2020 Garabide

Larrin Plaza 1, 20550 Aretxabaleta, Gipuzkoa
688 63 24 33 / 943 250 397
garabide[arroba]garabide[puntu]eus