Albisteak

Hizkuntzak Biziberritzeko IV. Formazio Programako parte-hartzaileak eta arduradunak, aurkezpen-ekitaldian (2026-09-18)
Hizkuntzak Biziberritzeko IV. Formazio Programako parte-hartzaileak eta arduradunak, aurkezpen-ekitaldian (2026-09-18)

Euskal Herrian dira Hizkuntzak Biziberritzeko IV. Formazio Programako hizkuntza-aktibistak

2026/09/18

Gaur, irailak 18, ostirala, Garabideren Hizkuntzak Biziberritzeko Formazio Programaren baitan, 11 hizkuntza-aktibisten Euskal Herriko egonaldiari hasiera eman diogu.

Hizkuntzak Biziberritzeko Formazio Programa Garabide Kultur Elkartearen hizkuntza lankidetza programa bat da, hizkuntza gutxituak biziberritzen ari diren munduko hainbat komunitatetako ordezkariak hizkuntzak biziberritzeko estrategietan formatzea helburu duena.

Programak bide ematen du, euskaldunok hizkuntzaren biziberritzean ditugun ezagutzak eta esperientziak, hizkuntza gutxituak biziberritzen diharduten munduko beste komunitateekin partekatzeko.

Formazio programa urte osoko programa bat da. Halere, gaurtik, beste dimentsio bat hartuko du, 11 hizkuntza-aktibistek 6 asteko egonaldia egingo baitute Euskal Herrian.

 

Helburua eta eragina

Aditu formazioaren xede nagusia da parte-hartzaileei oinarri sendoa ematea hizkuntza biziberritzearen arloan, eta aldi berean, euskararen esperientzia inspirazio-iturri gisa eskaintzea. Izan ere, munduan oso gutxi dira hizkuntza gutxitu baten transmisioan gainbehera eten eta berpiztea lortu duten prozesuak. Euskara da horietako bat: gizartearen konpromiso kolektiboari esker, azken 50-60 urteetan joera negatiboa irauli eta hizkuntzaren transmisioari bide berria irekitzea lortu du.

Esperientzia hori, gaur egun, erreferente eta eredu bilakatu da hizkuntza gutxituen komunitate askorentzat, eta Aditu formazioa da ezagutza hori nazioarteko esparruan zabaltzeko tresna nagusietako bat.

Programa honek bi aldeko eragina izango du. Alde batetik, hizkuntza gutxituak biziberritzen ari diren komunitateen eskariz, euskararen esperientzia erakusteko formazioa eskainiko da. Izan ere, euskara biziberritzeko esperientzia mundu mailan erreferentzia nagusienetako bat da eta gero eta komunitate gehiagok azaltzen dute ezagutzeko interesa.

Bestetik, euskaldunona bezalako beste komunitate batzuk ere ari dira beraien hizkuntzak biziberritzen eta esperientzia eta jakintzak konpartitzeko gunea sortuko dugu egoera berdintsuak bizi ditugunok elkarrengandik ikasteko.

 

Noiz eta non

Programak ekaina eta uztaila artean burutu zuen lehen fasea; bertan, online ikastaroan, hizkuntzak biziberritzeko oinarriak partekatu ziren. Bigarren fasean, irail eta urri bitartean egingo denean, hizkuntza aktibistak Euskal Herrian garatzen dute formazioa.

Euskal Herriko formazioa, gaur abiatu da eta urriaren 29an amaituko da. Bertan, saio teorikoak, bisita didaktikoak, sentsibilizazio saioak, praktikaldiak eta proiektugintza uztartuko dira. Programaren gune nagusia Aretxabaleta izango da, saio teoriko gehienak bertako Garabideren egoitzan izango baitira, baina Euskal Herrian zehar ere ibiliko gara esperientzia interesgarriak ikusiz zein sentsibilizazio saioak eskainiz.

 

Ikastaroaren ezaugarri nagusiak

  • Ikastaro parte-hartzailea da metodologiari dagokionez, eraldaketa sozialera eta munduko egituren irakurketa kritikoa garatzera bideratua, giza eskubideetan oinarritua, Hegoko eta Iparreko estereotipoak hausteko baliabideak dakartzana, iraunkortasunaren paradigmari lotua eta emakumearen ahalduntzea lehenetsitako zehar-lerrotzat duena.

  • Euskal Herriko egonaldian formazio teorikoa jasoko dute, 65-70 ordukoa, Euskal Herriko 25 adituk eskainia, hizkuntzak biziberritzeko estrategiak erakutsiko dizkiena, batez ere, euskararen esperientzian oinarritua.

  • Bisita didaktikoak: Euskal Herrian barrena, guztira 35 bisita inguru egitea aurreikusten da, euskal erakunde, elkarte, ikastetxe, eta abarretan

  • Praktikaldiak eta proiektuak: Parte hartzaile bakoitzak aukera izango du bere intereseko gaiaren inguruan praktikaldi labur bat egiteko, astebete ingurukoa, aurrez bisitetan ezagututako lekuren batean. Praktikaldiarekin batera, partaide bakoitzak proiektu bat diseinatuko du gero bere komunitatean martxan jartzeko.

  • Sentsibilizazio saioak: Hainbat hitzaldi-solasaldi aurreikusten dira hiri zein herri zenbaitetan, eta hamar saio inguru ikastetxeetan. Horretaz gain, egonaldiaren itxiera ekitaldia ere antolatuko da, komunitateen asmoen eta proiektuen berri emateko aprobetxatuko dena eta aukera eskainiko diena herritarrei, Garabideko boluntarioei eta euskal erakundeetako ordezkaritza zabalari bertan parte hartu eta hizkuntza aktibistak eta beraien egitasmoak bertatik bertara ezagutzeko.

  • BIHAR Nazioarteko Kongresua: Aurtengoan, BIHAR Nazioarteko Kongresura joateko aukera berezia izango dugu, izan ere, irailaren 23tik 26ra, Euskal  Herri mailan, Biziberritze Prozesuan dauden Hizkuntza Komunitate Gutxituen Nazioarteko Kongresua burutuko da. Hizkuntzetatik jalgitzen ari den mundua lelopean, kongresuaren helburua mundu mailako hizkuntza komunitateak elkartzea da, biziberritze-diskurtsoen inguruan hausnartzeko eta ikuspegi eraldatzaile batetik maila globalean kokatzeko. Lau egunetan barrena, mundu mailako adituak, hizkuntza-aktibistak eta hizlariak elkartuko dira Bilbo, Irun eta Hendaia artean.

 

Aurtengo partaideak

Hizkuntzak Biziberritzeko Formazio Programaren aurtengo edizioan 10 komunitate ezberdinetatik datozen 11 hizkuntza aktibistek parte hartuko dute. Horietarik gehienak Hego Amerika eta Erdialdeko Amerikatik etorriko dira, baina badira baita Afrikakoak ere: kitxua bat (Ekuador), amazig bat (Rif), guarani bat (Paraguai), mixe bat (Mexiko), Yukatango maia bat (Mexiko), bi maputxe (bata Txiletik eta bestea Argentinatik), ketxua bat (Bolivia), bubi bat (Ekuatore Ginea), kaqchikel bat (Guatemala) eta nasa bat (Kolonbia).

Erdiak emakumezkoak dira eta beste erdiak gizonezkoak. Badira aktibista gazteak zein adinekoagoak. Badira herri txikietatik zein hirietatik datozenak ere. Ofizio ezberdinak dituzte. Beraz, denak ala denak ari dira nor bere hizkuntza gutxitua biziberritzeko lanean, baina, bakoitzak baditu bere ezaugarriak.

 

Esker on mezua, komunikabideentzako mezua eta kontaktua

Amaitzeko, gure eskerrik beroena programa honetako kolaboratzaile eta babesle guztiei. Eta azken-azkenik, esan programako hizkuntza-gutxituen aktibistei zein hizkuntza-lankidetzari ahotsa emateko proposamenak gogoz jasoko ditugula. Hemen harremanetarako informazioa:

Informazio zabalagoa atxikituta gehitzen dizuegun prentsa oharrean aurkituko duzue

Erlazionatutako proiektua

facebook
0
twitter
Iruzkinak
0
Lagun bati bidali

 

 2020 Garabide

Larrin Plaza 1, 20550 Aretxabaleta, Gipuzkoa
688 63 24 33 / 943 250 397
garabide[arroba]garabide[puntu]eus