Bilboko Euskalduna Jauregian eman zaio hasiera Bihar Kongresuari, Garabide, Soziolinguistika Klusterra, Taupa Euskaltzaleen Mugimendua eta Plazarak lankidetzan antolatuta. Gaur hasi eta larunbatera bitartean, Euskal Herriak etxea emango dio Biziberritzen ari diren hizkuntza komunitate gutxituen Nazioarteko Kongresuari. Munduko hizkuntza komunitate ezberdinak bildu, biziberritze-diskurtsoen inguruan gogoeta egin eta hizkuntzen biziberritzearen inguruko diskurtsoak mundu mailan eta modu eraldatzailean kokatzea du helburu. Lau egunez, mundu mailako 40 hizkuntz komunitate ezberdinetako adituak, aktibistak eta artistak entzuteko aukera izango da.
Gaurko irekiera ofizialean izan dira Nazioarteko Kongresu honen babesle-sarea osatzen duten erakundeetako ordezkariak: Eusko Jaurlaritzako eLankidetza – Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziako zuzendaria, Javier Cortés Fernández; Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikarako sailburuordea, Aitor Aldasoro Iturbe; Nafarroako Gobernuko Euskarabidea – Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzailea, Javier Arakama Urtiaga; Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirolaren saileko foru diputatua, Leixuri Arrizabalaga Arruza; Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasunerako zuzendari nagusia, Garbiñe Mendizabal Mendizabal; Bilboko Udaleko Euskara, Herritarren Arreta eta Partaidetza, 2030 Agenda eta Nazioarteko Gaietarako Sailen zinegotzi ordezkaria, Eider Inuntziaga Serna; Bilboko alkatea, Juan Mari Aburto; Beasaingo alkatea, Leire Artola Ugalde; eta, Irungo Udaleko Euskara Zerbitzuko ordezkaria, Iosu Iguiñiz Etxebeste.
Gorane Ayesta Maidagan Bihar Kongresuaren koordinatzaileak nabarmendu du bakoitza errealitate ezberdin batetik datorrela, baina badagoela “batzen gaituen zerbait oso indartsua eta gaur hemen egotera bultzatu gaituena: gure hizkuntzei arnasa eta bizitza emateko grina. Ez gaude hemen denok gauza bera egiten ari garelako. Baizik eta ezberdin egiten duguna elkarrekin partekatzeko eta zubiak eraikitzeko. Besteen esperientziatik ikasteko”.
Horrez gain, parte-hartzaile guztien ahalegina eskertu du: “Askok ahalegin handia egin behar izan duzue hona iristeko; distantziak, tramiteak, zailtasunak… Horregatik, bereziki eskertu nahi dugu gaur hemen egotea. Ezin dugu aipatu gabe utzi hona etorri ezin izan diren Elias Caurey, guarani komunitateko kidea, eta Zubair Torwali, Torwali komunitateko kidea. Gaur ez daude hemen, etortzea ukatu zaielako. Bisa ukatu zaie, helegitea ere ukatu zaie, edo, besterik gabe, erantzunik ere ez dute jaso”.
Kongresuko lehen hitzaldia Xan Aire Plazarako kidearena izan da, Kongresuaren ibilbidea eta motibazioak azaltzeko.
Azaldu du Bihar Kongresuaren hazia 2023ko uztailean egin zen Udako Ikastaroan jarri zela. Hiztunak sailkatzerakoan, aldagai ezberdinak kontuan hartu beharraz aritu da, intersekzionalitatearen garrantziaz.
Kontakizunak biziberritzeko, ba ote dugu zerbait kontatzeko: sinbolismoa bai baina agian pragmatismo gehiago eman behar diogu gure kontakizunari. Gure hizkuntzak altxor filologiko bezala aztertzen dira, ez dugu hori ukatuko, baina soziolinguistikarekin uztartu beharko genuke. Indibidualismoaren aurrean, komunitatea, globalizazioaren aurrean transgresioa eta pantailetan bai, baina, plaza. behar dugu”.
Kontakizun berrien premia
Ondoren, Garabideko Irati Amondarainek gidatuta, kontakizun berriak bilatzearen premiaz aritu dira mahaiaren bueltan hiru hizlari: Miriam Viviana Gonzalez, Nasa komunitatearen hizkuntza biziberritzean aditua; Albert Badosa, Higa elkarteko aktibista eta katalan irakaslea Belgradon; eta, Andichi Chahid, amazigh idazle eta kazetaria.
Gaur egungo garaietan, biziberritzean zer ari den eragiten galdetu die Iratik. Andichi Chahidek esan du dinamismo ekonomikoak baldintzatuko duela amazigh hizkuntzaren etorkizuna. “Amazigh hitz egiten den herriak hirigune handiei lotuta gelditu dira eta hirietan arabiera hitz egiten da. Biziberritzearen kontra doa gaur egungo garapena, mehatxu linguistiko bat da”. Sare sozialen inguruan, aipatu du amazigha batez ere euskarazko elkarrizketetan egiten dela eta idatziz oso gutxi, horrek duen eraginarekin.
Albert Badosak azpimarra egin du biktimizazioa albo batera uzteko, ez dela batere erakargarria gure kontakizunetan. “Modernoak izan behar dugu eta ateak zabaldu, hiztun berriak erakartzeko. Lana eskaini, komunitatean integratzeko aukera… Indibidualismoaren kontra borrokatzeko, garrantzitsua da gure nortasunari eustea eta besteei eskaintzea, noski, sare sozialei uko egin gabe, baina saiatuz ez erabiltzen”.
Miriam Vivianak aipatu du aktibazioa bai, baina agintarien mailara iritsi behar dugula eta hizkuntzaren gaia agenda politikoaren barruan sartu. “Gure kasuan komunitatea inplikatzeko eta motibatzeko gakoa izan da.”
Gaurko saioari mixe komunitateko eta Euskal Herriko emanaldi artistiko banarekin eman zaio itxiera. Delfina Libia Reyes Chávezek ayook komunitateko abesti bat eskaini du. Eta Maialen Lujanbio bertsolariak eman dio amaiera.
Gaurko saioaren ostean, bihartik aurrera Irun eta Hendaia izango dira kongresuaren hurrengo geltokiak. BIHAR kongresuari buruzko xehetasun gehiago ekimenaren webgunean aurkituko dituzue.












2020 Garabide