Mundu osoko 40 bat hizkuntza komunitate gutxitu lau egunez bildu ondoren, larunbatean (irailak 26) amaitu da BIHAR Nazioarteko Kongresua. Itxiera Zubi Txikian egin da, Bidasoaren gainean Irun eta Hendaia lotzen dituen zubian. Bertan, biziberritzen ari diren hizkuntza komunitateek elkarrekin ondutako manifestua irakurri da, bost hizkuntzatan, txalapartaz eta dantzaz lagunduta. Kongresua Garabidek, Soziolinguistika Klusterrak, Taupa Euskaltzaleen Mugimenduak eta Plazara kolektiboak antolatu dute elkarlanean. Eguna FICOBAn (Irun) hasi da, Joan Petit militante okzitaniarraren etxeari egindako harrerarekin. Ondoren, desfile musikatua abiatu da, eta kalez kale iritsi da parte-hartzaileen ibilaldia Zubi Txikiraino zurezko etxea denen artean garraiatuz. Bertan, manifestuaren irakurketa eleaniztuna egin da. Ekitaldia Hendaiako Borderline fabrikan amaitu da, eguerdian, zintzur bustitze alaitu batekin.
Ez gara itzulpenak
‘Gure ahotsa, gure garaia, gure etorkizuna’ izenburupean, manifestuak argi uzten du munduko hizkuntza gehiegi isilarazten ari direla, eta ez naturaren legeagatik, baizik eta desoreken, bazterketaren eta homogeneizazioaren ondorioz. Galera kontatzetik harago, etorkizuna aldarrikatzeko eta elkarrekin eraikitzeko deia egiten du: “Hizkuntzak ez dira iraganeko oroigarriak. Bizirik dauden komunitateen arnasa dira.”
Testuan, komunitateek konpromisoa hartzen dute sare sendoagoak eraikitzeko, elkarrengandik ikasteko, euren hizkuntzak ikusgarriago egiteko eta komunitateak ahalduntzeko. Hiru eskaera zehatz ere jasotzen ditu:
- Erakunde publikoei: hitzetatik ekintzetara igarotzea, hizkuntza-politika ausartak garatzea, baliabide egonkorrak bermatzea eta hizkuntza-eskubideak benetan betearaztea.
- Akademiari: komunitateekin batera pentsatu eta lan egitea, eta komunitateak bere jardunaren erdigunean jartzea.
- Nazioarteko erakundeei: hizkuntza-aniztasuna gizateriaren ondare bizia dela aitortu eta babestea, eta biziberritzen ari diren komunitateei ezagupena bermatzea.
Baina, batez ere, komunitateek euren buruari egiten diote dei: “Ez itxaroteko. Ez amore emateko. Ez isiltzeko. Hizkuntza bakoitza mundu bat delako.” Manifestuak honela laburbiltzen du mezua: “Munduari asko dugu ekartzeko. Ez gara itzulpenak. Hau da gure ahotsa. Hau da gure garaia. Eta hau da gure etorkizuna.”
Manifestua osorik hemen irakur daiteke.
Lau egun, hiru herri, 40 komunitate
Kongresua irailaren 23an hasi zen Bilboko Euskalduna Jauregian, babesle-sarea osatzen duten erakundeetako ordezkariez lagunduta. Irekieran, Gorane Ayesta Maidagan koordinatzaileak nabarmendu zuen komunitate bakoitza errealitate ezberdin batetik datorrela, baina denak batzen dituela euren hizkuntzei arnasa eta bizitza emateko grinak. Oroitzapen berezia izan zuen, halaber, bisa ukatu zietelako etorri ezin izan zuten Elias Caurey guarani komunitateko kidearentzat eta Zubair Torwali Torwali komunitateko kidearentzat.
Irailaren 24tik aurrera, FICOBA (Irun) izan da kongresuaren muina. Soziolinguistika Klusterreko Belen Urangak nazioarteko diagnostikoaren emaitzak aurkeztu zituen, biziberritze diskurtsoak hiru dimentsiotan sailkatuta: sinboliko-identitarioa, politiko-eraldatzailea eta pragmatikoa. Horren ondotik, Aotearoako Rahera Cowie (maoria), Ekuadorreko Paolina Vercoutere Quinche (kichwa), Nepalgo Nabraj Lama (tamang), Varsoviako Unibertsitateko Justina Olko eta Hegoafrikako Toroga Breda (khoikhoi), besteak beste, aritu ziren hizkuntzaren, identitatearen, justizia sozialaren eta osasunaren arteko loturez.
Irailaren 25ean, hirugarren jardunaldian, erresistentzia eta agentzia izan ziren ardatz. Kurdistan, Kanada, Australia eta Indiako esperientziak entzun ziren Tahir Baykus, Lorna Wanosts’a Williams, Clayton Cruse, Barbara Filion eta Ganesh Devyren eskutik. Hizkuntza giza eskubide gisa aitortzeko beharra, ahozko transmisioa eta hizkuntza-politiken hutsuneak izan zituzten hizpide. Ondorengo mahai-inguruan, Anna Belewek, Mustapha el Adakek eta Michel DeGraffek aztertu zuten komunitateen artean narratiba partekatu bat eraikitzea posible ote den. Ondorioztatu zutenez, giza eskubideen aldeko borroka eta errespetatuak izateko nahia dira komunitate guztiek partekatzen dituzten ezaugarriak.
Hitzaldiekin batera, Hego Globaleko eta Euskal Herriko artisten emanaldiek osatu dute egitaraua, Hendaiako programazio kulturalarekin batera. Kongresuak iraun dituen egun bakoitzean 200 pertsona baino gehiago bildu dira.
Bi urteko bidearen amaiera, sare berri baten hasiera
Kongresua hiru fasetan egituratutako prozesu baten azken urratsa izan da: 2025ean egindako nazioarteko diagnostikoa, Hego Globaleko komunitateen diskurtso berriak ikuspegi intersekzionaletik aztertu zituena; eta 2026ko apiriletik ekainera Euskal Herrian egindako sozializazioa, 10 herritan 20 saio eta 150 lagun baino gehiago bildu zituena, euskalgintzaz gain beste herri mugimendu batzuetako ordezkariak eta euskaraz ez dakiten pertsonak barne.
Manifestuarekin batera, kongresuak Hizkuntzak Biziberritzeko Prozesuetan dauden Komunitateen Mundu Federazioa bultzatzeko lan batzordea jarri du martxan. Eraikitzen hasi nahi duen espazio bat izan nahi du. (etorkizuneko pausuak) sare hori berdintasunean, egitura horizontalean eta zirkularrean (elkarreraginean) eraikiko litzateke. Zentzu horretan, federazioak hiru funtzio nagusi izango ditu:
- Hizkuntza-komunitateen arteko lankidetza praktikoa indartzea
- mundu-mailako hizkuntza eta erakunde handien aurrean azaltzea
- gure hizkuntzen etorkizunari eragiten dioten gaiak eztabaidatzen diren nazioarteko esparruetan eragin kolektiborako gaitasuna sendotzea.
BIHAR ekimenak erakunde hauen babesa izan du:
- Eusko Jaurlaritzako Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentzia
- Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saila
- Nafarroako Gobernuko Euskarabidea Euskararen Nafar Institutua
- Bizkaiko Foru Aldundia
- Gipuzkoako Foru Aldundia
- Euskal Kultur Erakundea
- Bilboko Udala
- Irungo Udala
- Beasaingo Udala.
BIHAR ekimenaren informazio guztia bihar.eus webgunean aurki dezakezue













2020 Garabide