Albisteak

2026ko Adituko itxiera ekitaldian ateratako familia-argazkia
2026ko Adituko itxiera ekitaldian ateratako familia-argazkia

Hizkuntzen arteko batura eta elkartasuna irudikatuz, eta elkarrengandik elkarlanean ikasiz, poztasunez eta esperantzaz itxi dugu 2026ko Aditua

2026/11/04

Hasten den guztia amaitzen den bezala, Hizkuntzak Biziberritzeko IV. Formazio Programa (2026ko Aditu ikastaroa), heldu da bere amaierara. Sei asteko egonaldi eder baten ostean, pasa den ostegunean, urriaren 29an, eman genion amaiera Aretxabaletako Kurtzebarri eskolako Areto Nagusian ospatu genuen itxiera-ekitaldiaren bidez. Hizkuntzen arteko batasuna elkartasunaren bidez irudikatzea izan da ekitaldiaren helburu nagusia, eta elkarrengandik elkarlanean ikasteko aldarrikapenak nagusitu ziren jaialdian; errealitatea ukatu gabe, baina etorkizunari itxaropena jarriz. Ekitaldiko protagonistak, aurtengo partaideak izan diren munduko 10 komunitatetako 11 hizkuntza aktibistak izan ziren, Euskal Herriko hainbat erakunde eta elkartetako ordezkariekin batera. Gorane Ayesta eta Irati Amundarainek aurkeztu zuten maitasunez ondua izan zen ordu t’erdi inguruko emanaldia.

Ekitaldia kaqchikel, amazig, eta maputxe kulturetako elementuekin osatutako hasiera-erritual batekin hasi zen; kandelak piztuz eta giroa goxatuz eman zion hasiera erritualari Rosa Beatriz Xiquitá kaqchikelak; eszenatokia dantzaz jantzi zuten Lina del Rosario Ancan eta Fernanda Neculman mapuzugun hiztunek; eta testuingurura egokitutako olerki batzuk errezitatu zituzten segidan, Asmaa Aouattah eta Milouda El Hankari amazig hiztunek.

Gorane eta Iratiren aurkezpen-hitzen ostean, Gari Iturbe Aretxabaletako alkateak eta Iñaki Martinez de Luna Garabideko lehendakariak hartu zuten hitza. Garik, Adituko partaideei eskerrak emateaz batera, Aretxabaletako herriarentzat “ohorea” zela esan zuen, munduko hainbat hizkuntza komunitatetako kideak sei astez bertako bizilagun izatea. Iñakik, berriz, biziberritzen ari diren hizkuntzek “elkarlanean osatzen duten sarearen garrantzia eta indarra” azpimarratu zuen, Garabiderentzat ere, euskaratik hasita, elkarrengandik ikastea “aberasgarria” dela nabarmenduz, zentzu horretan, kolaboratzaile zein eragile anitzen ekarpena aitortuz, komunitate ezberdinen arteko lankidetzaren garrantzia goraipatuz. Biek ala biek, esker oneko hitzak izan zituzten, formazio programako partaideentzat eta bertako partaide izan diren laguntzaile, boluntario eta eragileentzat ere.

Segidan, Irati eta Goranek, aurtengo edizioaren ezaugarriak laburbiltzeaz batera, aurtengo Adituko partaideak aurkeztu zituzten: gonbidatuek txalo-zaparradaz egin zieten harrera Asmaa Aouattah (amaziga), Miguel Ángel Veron (guarania), Delfina Libia Reyes (mixea), Isabel Copa Sepa “Tyatyawalé”(bubia), Patricio Maldonado (kitxua), Rosa Beatriz Xiquitá (kaqchikela), Diego Armin Pacheco (Yukatango maia), Arquimedes Yatacue (nasa), Lina del Rosario Ancan (Txileko maputxea), Elutzman Zunagua (ketxua) eta Fernanda Neculman (Argentinako maputxea) partaideei, eta baita Monica Acosta genero-arduradunari eta Milouda El Hankari koordinatzaile nagusiari ere.

Ondoren, azken urteetan egin bezala, opari-katea osatu genuen, Adituko partaideek programako hainbat eragile eta kolaboratzaileei emandakoak, zein eragileek beraiek partaideei eskainitakoak. Detaile txikiak izan arren, tokian tokiko hizkuntza eta kulturekin lotutako opariak ikusteko aukera izan genuen, nork bere hizkuntzan adierazitako sentipenekin batera. Opari-kateko hitzartzeak sinbolismo, maitasun eta mimo handiz ostatutakoak izan ziren, eta publikoaren esku-zartak horren adierazle izan ziren. Hain zuzen, opari-katean parte hartu zuten eragileen artean izan genituen Munduko Hizkuntza Ondarearen UNESCO Katedra, Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundea (AEK), Lankidetzako eta Elkartasunerako Euskal Agentzia (E-Lankidetza), Arizmendi Ikastola, Plazara Kolektiboa, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako Sailburuordetza eta Zornotzako Barnetegiko ordezkariak. Era berean, opari-katean izan ziren, orain boluntarioa dena baina urteetan Garabideko lan-taldeko kidea izan den Ander Bolibar, eta duela hamabost urte Adituko partaide gisa etorri, eta orduztik, urteetako kolaborazio-harremana ondu dugun Viviana Gonzalez, nasa komunitateko ordezkaria. Era berean, gure omenaldi xumea eta eskertza adierazi nahi izan genion, opari-kateko azken gonbidatua izan genuen Rosa Elizburu boluntarioari, hain zuzen, urteetan, munduko hizkuntzen biziberritze-prozesuetan ezinbesteko bidelaguna izan dugun kideari.

Opari katearen erdialdean, Hizkuntzak Biziberritzeko IV. Formazioa laburbiltzen duen laburpen bideoa ikusi, eta sei asteko formazio-programan bizi izandako une garrantzitsuenak oroitzeko aukera izan genuen. 

Ekitaldiaren azken txanpa, kulturartekotasunean oinarritutako batasuna aldarritzat hartuz, dantza eta musikaren bidez osatu genuen. Lehenik, hizkuntzen biziberritzea oinarritzat duen kultura-aniztasunaren erakusgarri, beraien komunitateetako dantza zati bana eskaini ziguten ketxua komunitateko Elutzman Zunaguak, Diego Pacheco Yukatango maiak, Delfina Libia Reyes mixeak, Isabel Copa Sepa “Tyatyawalé” bubiak, eta Xabi Meabe Garabideko kideak.

Azkenik, Txoriak Txori elkarrekin bost hizkuntzetara abestuz amaitu genuen emanaldia. Elkarrekin, batasunean eta laguntasunean, libre izatea nahi dugula aldarrikatuz, baina elkarrekin. Euskaraz, amazigez, Paraguaiko guaranieraz, nasaz eta bubiz abestu genituen euskaldunontzat ia ereserkitzat ditugun abesti honen letrak, Eñaut Agirre, Asmaa Aouattah, Miguel Ángel Verón, Arquimedes Yatacue eta Isabel Copa Sepa “Tyatyawalé”ren ahotsetan, eta Jon Sarasua, Maiteder Sasieta eta Endika Blancok markatutako musika-erritmoei jarraituz.

Ekitaldia, hala amaitu genuen. Armonian, familia giroan eta elkartasunez, hegan doan txoria bezain libre. Eta ekitaldiaren osteko arratsa ere ezin hobeto errematatu genuen Tabernaberri tabernan burutu genuen luntxean.

Hala amaitu dugu Hizkuntzak Biziberritzeko IV. Formazio Programa. Gure partetik eskerrik beroenak eman nahi dizkizuegu bihotzez, azken itxiera ekitaldian parte hartu, bertaratu eta aurtengo Aditu Ikastaroa, beste urte batez, posible egin duzuen guztioi; baita gure lana babesten duzuen pertsona eta erakunde guztioi ere. Hau ez litzateke posible izango zuen laguntzarik gabe.

Eta Adituko parte-hartzaileoi, sei asteotan eman, eskaini eta irakatsi diguzuen guztiagatik: eskerrik asko, Tanemmirt, Pottó pottó, Matyox / k'amo, Pachi, Yupaychani, Pacchaltu may, Fentxen mañumhi, Níib óolal, Dios bo'otik, Tyëskujuyïp, Pay pay, Aguyje.

Hau ez da agur edo amaiera bat izan. Elkarrekin aurrera goaz, hizkuntza bakoitza bere bidean, baina denok batera. Segi ezazue zuen hizkuntzaren argia biziberritzen.

Erlazionatutako proiektua

facebook
0
twitter
Iruzkinak
0
Lagun bati bidali

 

 2020 Garabide

Larrin Plaza 1, 20550 Aretxabaleta, Gipuzkoa
688 63 24 33 / 943 250 397
garabide[arroba]garabide[puntu]eus