Albisteak

Aditu formazioko partaideak Gure Zirkuan (Errenteria, 2026-10-23)
Aditu formazioko partaideak Gure Zirkuan (Errenteria, 2026-10-23)

Esperientziak praktikatzeko eta konpartitzeko aukera izan dute Adituko partaideek formazio programaren 5. astean

2026/10/26

Hizkuntzak Biziberritzeko IV. Formazioa jada azken txanpan da,  baina zer ikasi, zer konpartitu eta zer kontatua dute oraindik aurtengo Adituko partaideek. Pasa den astea oso emankorra izan da zentzu horretan ere.

Alde batetik, parte-hartzaileek hizkuntzak biziberritzearen alorrean interesa izan duten hainbat praktikaldi egiteko aukera izan dute irakaskuntza arautuaren, helduen irakaskuntzaren zein corpus-lexikoaren baitako alorretan. Besteak beste, Arizmendi Ikastola (Arrasate, Aretxabaleta eta Eskoriatza), Zornotzako Barnetegia, Barañaingo IKA Euskaltegia, AEKko Altsasuko Itsasi eta Donostiako Antiguako euskaltegiak eta Elgoibarko Aubixa barnetegia ezagutu dituzte. Horrez gainera, partaide batzuek gainera, beraien praktikaldietako interesen arabera, Igor Arenaza, Athletic Club futbol taldeko Euskara arduradunarekin, eta Euskaltzaindiko kidea den Miriam Urkiarekin biltzeko aukera ere izan dute.

Era berean, komunitate bakoitzeko hizkuntzen biziberritzearen baitako esperientziak ezagutu ahal izan ditugu astean zehar eskainitako sentsibilizazio-hitzaldi irekien bidez:

  • Astelehenean, hilaren 19an, Gasteizko Euskal Herriko Unibertsitateko Letren Fakultatean izan ziren Arquimides Yatacue nasa-yuwe eta Fernanda Neculman mapuzugun hiztunak (Munduko Hizkuntza Ondarearen Unesco Katedrak bideratuta)
  • Asteartean, hilaren 20an, Zumaiako Oxford aretoan hitzaldia eskaini zuten Lina del Rosario Ancan mapuzugun eta Elutzman Zunagua ketxua hiztunek (Zumaiako Udalaren laguntzarekin)
  • Asteazkenean, hilaren 21ean, Altsasuko Itsasi Euskaltegian izan ziren Rosa Beatriz Xiquitá kaqchikela, Patricio Maldonado kitxua eta Delfina Libia Reyes mixe hiztunak (Asmaa Aouattah amazig hiztuna ere parte hartzekoa zen, baina zoritxarrez, ezin izan zuen). Egun berean, Milouda El Hankari amazig eta Viviana Gonzalez nasa hiztunek ere hitzaldia eskaini zuten Arrasaten, Arizmendi Ikastolan, bertako arduradunen laguntzarekin
  • Eta amaitzeko, astelehen honetan, hilaren 26an, Lekeitioko Azkue aretoan, Diego Pacheco mayaat'aan hiztunak, Isabel Copa bubi hiztunak eta Miguel Ángel Veron guarani hiztunak partekatu dituzte euren esperientziak. Aurrez gainera, herriko ikastetxeetan ere ikasleekin egoteko aukera ere izan dute, gainera, Lekeitioko Udalaren laguntzarekin)

​Eta lagun-giro atseginean errematatu dugu astea. Ostegunean, hilaren 22an, truke gastronomikoan oinarritutako afaria egin zuten partaideek Aretxabaletako Larrino auzoko elkartean. Partaide bakoitzak bere herrialdeko plater bana prestatu zuen, eta lagunarte politean sortutako giroan afaldu zuten elkarrekin (lurralde bakoitzeko musika eta dantzez lagundurik). Ostiralean, hilaren 23an, berriz, urteroko bisita egin zuten Adituk opartaideek Gure Zirkura. Iker Galartzak eta zirkuko familia osoak harrera goxoa egin zieten Errenterian, eta elkarrekin iluntze atsegina igaro zuten, batzen gaituzten hizkuntza guztiek duten magia biziz eta zuzenean sentituz. Astelehenean, hilaren 26an, azkenik, Lekeitioko egonaldiko irteera aprobetxatu dute partaideek Errigora kanpainaren berri izateko eta aurtengo kanpainaren nondik-norakoak zuzenean ezagutzeko.

Gure partetik eskerrik beroenak eman eta luzatzen dizkiegu sentsibilizazio-saioetara gerturatu diren herritar guztiei eta praktikaldiak kudeatzen lagundu diguten eragile guztietako ordezkariei ere. Era berean, Gure Zirkua eta Errigora Kanpaina egiten duzuen lagunoi ere, gure eskerrik eta maitasunik handiena helarazi nahi dizuegu, beste behin zuen berri emateagatik, zuen artean hartu izanagatik eta gure formazio programari kolore berezi bat jartzeagatik. Mila esker denoi, bihotzez.

Aurrez esan bezala, aurtengo Aditu formazioa amaitzear da. Hain zuzen, ostegun honetan (hilak 29), Aretxabaletako Kurtzebarri eskolako Areto Nagusian eskainiko dugun itxiera ekitaldiaren bidez amaituko dugu. Gure partetik, jaso ezazue bertara etortzeko gonbidapena. Bertan elkar ikusiko dugulakoan, zuen zain izango gara.​

Aurreko asteetako kronikak hementxe irakur ditzakezue:

Erlazionatutako proiektua

facebook
0
twitter
Iruzkinak
0
Lagun bati bidali

 

 2020 Garabide

Larrin Plaza 1, 20550 Aretxabaleta, Gipuzkoa
688 63 24 33 / 943 250 397
garabide[arroba]garabide[puntu]eus