Albisteak

Adituko partaideek "Zerua lapurtu dute" ikuskizunean parte hartzeko gonbitea jaso dute Porrotxen, Marimototsen eta Irrien Lagunak-eko lagun guztien partetik
Adituko partaideek "Zerua lapurtu dute" ikuskizunean parte hartzeko gonbitea jaso dute Porrotxen, Marimototsen eta Irrien Lagunak-eko lagun guztien partetik

Ibilian ibilian, sentituz, pentsatuz eta ekinez, Gipuzkoan eta Nafarroan barrena ibili gara formazio programaren 2. astean

2026/10/06

Lehen aste emankor eta aberasgarriaren ondoren, Hizkuntzak Biziberritzeko IV. Formazio Programaren bigarren asteak ere ildo beretik jo du. Hain zuzen ere, programako 11 partaideek ez dute aspertzerik izan pasa den aste honetan, eta klase teorikoak jasotzeaz gain, hainbat erakundeetako ordezkariekin egoteko aukera ere izan dute, eta jarraian irakur ahalko duzuen bezala, tartean sorpresa atseginen bat ere izan dugu.

Klase teorikoei dagokienez, formazio programako oinarri teorikoak jasotzen jarraitu dute Aditu programako partaideek. Landutako saio teorikoen artean nabarmendu daitezke:

  • Sentsibilizazio saioetarako prestakuntza (Garabideko lan-taldeko kidea den Maiteder Sasietaren eskutik), formazio programaren hurrengo asteetan hainbat herritan partaideek eskainiko lituzketen hitzaldietarako gakoak ikasteko
  • Genero tailerra (Garabideko lan-taldeko kideak diren Nerea Uriarte eta Monica Acostaren eskutik emakumezkoen kasuan; eta Asier Baglietto eta Iban Gartziaren eskutik, gizonezkoen kasuan), elkarzaintzan, errespetuan eta berdintasunean oinarritutako printzipioak lantzeko, eta ezarritako rolen inguruan hausnartzeko edota (des)ikasteko xedez.
  • Hizkuntza biziberritzeko arloan, ikus-entzunezko hedabideek duten rola (Garabideko zuzendaritzako kidea den Jon Sarasuaren eskutik)
  • Egoera soziolinguistikoaren diagnostikoa eta esku-hartzea (Garabideko lehendakaria den Iñaki Martinez de Lunaren eskutik)
  • Hizkuntza biziberritzerakoan gizartea maila orokorrean aktibatzeko gakoak (Garabideko boluntarioa den Juan Luis Arexolaleiba “Gatxi”ren eskutik)
  • Hizkuntzaren eta kulturaren transmisioa (Paula Kasares filologo eta euskaltzainaren eskutik). Saio hau Iruñean jaso genuen, Euskarabidea – Euskararen Nafar Institutuan.

Irailaren 30ean, asteazkenean, Andoaingo Martin Ugalde kultur parkera eginiko irteera aipa genezake, eta bertan, euskalgintzako hainbat erakunde zuzenean bisitatu izana. Lehenik eta behin, parkearen historia azaltzeaz gain, euskara hutsezko egunkari bakarra den Berriako erredakzioa  bisitatu genuen Joanmari Larrarte eta Elene Barandiaranen eskutik. Eta aurrerago, gainera, Eider Goenaga zuzendariordeak egunkariak izandako bilakaera eta egun dituen erronkak azaldu zituen. Segidan, euskararen pizkundea aktibazio sozial gisa ulertzeko gakoak jaso genituen Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia den Idurre Eskisabelen eta Manex Mantxola koordinatzailearen bidez. Horren ostean, Soziolinguistika Klusterrak euskararen ezagutza eta erabileraren inguruan egiten dituen ikerketa-ildoak azaldu zizkiguten Imanol Larrea, Asier Basurto eta Pablo Suberbiola koordinatzaileek. Eta eguneko bisita modu atseginean burutu genuen, Bizipoza Elkartea ezagutuz, bertako kidea den Leire Elizegiren eta euskal pailazogintzaren alorrean aski ezaguna eta maitatua den Joxe Mari Agirretxeren eskutik (halere, Joxe Mari ez zen saio guztian egon, Porrotx pailazoa zuzenean azaldu baitzen bere ordez gure artera!). Giro atseginean, munduko hizkuntza bakoitzak bere “argia” duela ikasi genuen, eta hizkuntzak biziberritu nahi baditugu, bihotzez, sentitu, pentsatu eta ekin behar dugula.

Urriaren 1ean, bi eguneko irteera hasi genuen Nafarroan barrena. Sakana eskualdean, Altsasun eta Etxarri-Aranatzen, Castillo Suarez idazle eta euskaltzainaren eskutik, Guaixe komunikazio taldea ezagutu genuen, eta horren harira, zuzeneko irratsaio bat ere egin ziguten, non, Adituko kideen izenean, Fernanda Neculman maputxeak eta Patricio Maldonado kitxuak hartu zuten hitza, eta Garabideko lan-taldearen izenean, Maiteder Sasietak. Segidan, Sakanako eta Nafarroako Pirinoetako euskara zerbitzuen berri eman ziguten Castillo Suarezek, Idoia Zabaltzak eta Tere Iribarrenek. Segidan, Sakanatik Iruñera jo genuen,  Euskarabidea – Euskararen Nafar Institutura, eta bertan, Paula Kasares filologo eta euskaltzainak, arestian aipatutako klase teorikoa eskaini zigun, hizkuntzaren eta kulturaren transmisioaren baitan.

Iruñean lo egin ondoren, ostiralean, hilaren 2an, Tafalla bisitatu genuen, Nafarroako Erriberan euskara biziberritzearen aldeko apustu sendoa egiten duen herria. Tafallako udaletxean harrera ofiziala jaso genuen bertako alkatearen eskutik, eta segidan, bertako Garces de los Fayos ikastola bisitatu genuen, bertako ikasleekin lehen sentsibilizazio-saioa eskainiz, eta baita beraien hezkuntza-proiektua ezagutzeko ere. Giro atsegin eta goxoan bazkaldu ondoren heldu ginen Aretxabaletara, eta bertan eguneko azken sorpresa atsegina genuen zain: izan ere, Martin Ugaldera egindako bisitan, Porrotxek, Aretxabaletako kiroldegian eskaintzekoak ziren Zerua lapurtu dute azken emanaldirako gonbitea luzatu zigun, eta gustura joan ginen bertara. Horri esker, emanaldiaren amaieran partaide guztiek, “maite zaitut” beraien hizkuntzan esateaz gainera, eszenatokian pailazoekin batera kantatu eta parte hartzeko aukera izan zuten, bihotzez sentitu, pentsatu eta ekinez.

Eta azkenik, astea behar bezala errematatzeko, igandea, urriaren 4a, Lazkaon igaro genuen, ikastolen aldeko Kilometroak jaian izan ginen, hain zuzen, Ikastolen aldeko jaiaren 50. urteurrenean. Aurtengo leloak dioen bezala, ibilian-ibilian egunpasa ederra egin genuen; harrera ekitaldian egoteaz gain, egitarauko hainbat jarduera ere zuzenean ikusi genituen, festa giro atseginean, eta Kilometroetako zuzeneko irratian beraien ahotsa ere jarri zuten formazioko partaideen izenean Diego Pacheco Yukatango maiak eta Garabideko lan-taldeko kidea den Irati Amundarainek. Horrela bada, leher eginda baina bihotza beteta itzuli ginen guztiok Aretxabaletara.

Laburbilduz, aste emankorra bezain aberatsa izan da Formazio Programaren bigarren asteak utzi diguna ere. Ea hirugarrenak zer dakarkigun!

Erlazionatutako proiektua

facebook
0
twitter
Iruzkinak
0
Lagun bati bidali

 

 2020 Garabide

Larrin Plaza 1, 20550 Aretxabaleta, Gipuzkoa
688 63 24 33 / 943 250 397
garabide[arroba]garabide[puntu]eus