Hizkuntzak Biziberritzeko IV. Formazio Programa aurrera doa pixkanaka, eta laugarren astea ere probetxugarria izan da aurtengo Adituko partaideentzat. Formazio programako 11 partaideek oinarri teorikoa jasotzen jarraitu dute, eta euskara eta euskal kulturgintza ardatz duten hainbat eragilerekin izan dira, Ipar Euskal Herrian eta Gipuzkoan barrena. Hain zuzen ere, hainbat hitzaldi eta sentsibilizazio-saiotan egoteko aukera izan dute.
Urriaren 12an, astelehenean, Ipar Euskal Herrira joan ziren Adituko partaideak. Bi egunez, bertako errealitate soziala, kulturala eta linguistikoa ezagutzeko aukera izan zuten, bertako hainbat eragileren eskutik, Plazara kolektiboko lagunek bideratuta. Lehenik, astelehen goizean, Biriatuko ikastola bisitatu zuten; Seaskaren barruan sartzen den ikastola honetan, euskarak ofizialtasunik ez duen eremuan, hezkuntza-proiektuak aurrera nola bideratzen dituzten ikasi zuten Adituko partaideek. Ondoren, Baionan, Plazarako lagunek, euren proiektuak aurkezteaz gain, Ipar Euskal Herriko egoera soziolinguistikoari buruzko azalpenak ere eman zizkieten ON! Gunean.
Asteartean, hilaren 13an, Iparraldeko euskarazko kulturgintza eta komunitatea osatzen duten hainbat eragilerekin egoteko aukera izan zuten parte-hartzaileek; Eusko Moneta, Angeluko Kabalgada eta Kanaldude Telebistako proiektuen berri jaso zuten, hain zuzen ere. Egonaldia biribiltzeko, Kanaldude Telebistak ekoitzitako Inarumen dokumentalaren proiekzioaz gozatzeko aukera izan zuten Adituko partaideek Baionako Atalante Zineman; hain zuzen, aurtengo formazioko partaideak diren Fernanda Neculman eta Lina del Rosario Ancan mapuzugun hiztunek ere beraien ekarpenak egin zituzten emanaldiaren osteko solasaldian.
Hurrengo egunean, hilaren 14an, partaideek formazio teorikoak jasotzen jarraitu zuten Aretxabaletako Garabideren egoitzan. Hain zuzen ere, Imanol Igeregik hizkuntzak biziberritzearen esparruan erakunde sozialek egiten duten kudeaketa ekonomikoaren gakoak azaldu zizkien. Segidan, Ainhoa Lasak, TELP tailerra (Hizkuntza Espazio Pertsonalaren Tailerra) eman zien Adituko partaideei. Ondoren, arratsaldean zehar, herriko hainbat eragilek gonbidatuta, herri mailako hainbat kultur jardueretan parte hartzeok aukera ere izan zuten.
Ostegunean eta ostiralean, Gipuzkoan barrena ibili ziren Adituko partaideak. Lehenik, ostegunean, hilak 15, Beasain bisitatu zuten Adituko partaideek. Herriko alkatea den Leire Artolak, harrera egiteaz gain, herriko Euskara Plana eta tokiko esperientziak azaldu zizkien, eta hizkuntza gutxituak biziberritzeko praktika eta erronkak ere elkarbanatu zituzten. Ondoren, Donostiara joan ziren, eta bertan, Euskaltzaindia bisitatu zuten Miriam Urkia hizkuntzalari eta euskaltzainaren eskutik. Erakundearen ezaugarriak partekatzeaz gain, partaideek ere aukera izan zuten euren esperientziak elkarbanatzeko.
Azkenik, ostiralean, hilak 16, partaideek Tolosan igaro zuten eguna, Galtzaundi Tolosaldeko Euskaltzaleen Elkarteak bideratuta. Lehenik, Adituko parte-hartzaile bakoitzak, bere hizkuntzaren biziberritze-prozesua zertan datzan azaldu zien besteei. Segidan, Hezten Aisialdi Euskaltzalea elkartearen eskutik, aisialdian hizkuntza normalizazioari begira egiten diren gakoak jaso zituzten. Arratsaldean, berriz, herriko hainbat txokotan eginiko bisita gidatuaren bidez, Tolosaldea eskualdeko euskararen historia soziala azaldu zieten parte-hartzaileei. Eta azkenik, Jon Sarasua Garabideko zuzendariordeak, estrategia eta hizkuntza-eragileen inguruko itzaldi irekia eskaini zuen.
Horrela bada, formaz eta edukiz aberatsa izan den astea izan da aurrekoa ere.
Aurreko asteetako kronikak hementxe irakur ditzakezue:
- Lehen asteko kronika (irailak 18 - 27)
- Bigarren asteko kronika (irailak 28 - urriak 4)
- Hirugarren asteko kronika (urriak 5-11)













2020 Garabide