Albisteak

Hizkuntzen Federazioaren aurkezpena (BIHAR Kongresua, Irun, 2026-09-25)
Hizkuntzen Federazioaren aurkezpena (BIHAR Kongresua, Irun, 2026-09-25)

Biziberritzen ari diren Hizkuntzen Munduko Federazioa sortzeko gonbidapena luzatu da BIHARen

2026/09/25
Komunitate bakoitzak bere hizkuntzari nola eusten dion antolatzetik hizkuntza komunitateek, elkarrekin, beren hizkuntzak bizi dituzten baldintzak birmolda ditzaten eragitera pasatzeko proposatu du Garabidek Biziberritzen ari diren Hizkuntzen Munduko Federazioa. Gaur aurkeztu du proposamena Irunen, BIHAR Kongresuaren baitan. Federazioa hizkuntza-komunitateei, erakunde sozialei, administrazio publikoei, jakintza erakundeei eta hizkuntzen etorkizunarekin konprometitutako pertsona guztiei zuzenduta egongo dela adierazi dute, eta ez dutela ez ordezkatzeko, ez uniformatzeko asmorik. “Elkar ezagutzeko, elkarri laguntzeko eta elkarrekin jarduteko bokazioa du”
.
“Orain arte gure hizkuntzak bizirik mantentzen ikasi dugu. Orain, elkarrekin, baldintza berriak sortzeko garaia da”, esan dute Urtzi Urrutikoetxea eta Jon Sarasua Garabideko kideek. Eurekin igo dira oholtzara hasierako pauso horiek gidatuko dituzten hainbat komunitatetako kideak eta azaldu dutenez, oraingoz, proposamen hori elkarrekin osatzen joateko gonbidapena izan da gaurkoa. Datozen hilabeteetan horretan sakontzen eta sarea ehuntzen jarraituko dute.
 
Bihar Kongresuak hirugarren eguna du gaur eta esperientzia ezberdinak ezagutu ondoren, antzekotasunei eta mundu mailan biziberritzen ari diren hizkuntza komunitateek partekatu ditzaketen narratiba eta iruditeria posible bati begira jarri da. Garabideko Nerea Uriarte Goitiak gidatutako mahai-inguruan, galdera bultzatu da: Posible al da hizkuntza eta kultura biziberritze komunitate desberdinen artean mundu mailako narratiba edo iruditeria partekatu bat artikulatzea?
 
Hiru izan dira gonbidatuak mahai horretan: Anna Belew, The Endangered Languages Project ekimeneko zuzendaria; Mustapha el Adak, Rifeko Amazigh komunitateko kidea eta Oujdako unibertsitateko ikerlaria; eta, Michel DeGraff, Haitiko kreolera komunitateko kidea eta MIT Ayitiko irakaslea. Zail ikusi dute narratiba bateratuaren auzia, baina gai izan dira biziberritzen ari diren hizkuntza komunitateen elkarbanatzen dituzten ezaugarriak topatzeko: “Komunean giza eskubideen aldeko borroka guztietan dago errespetatua izatearen desira bat” eta hizkuntza izan daitekeela askatasunerako bide, “askapenaren linguistika, hizkuntza aldetik zure etorkizuna erabakitzeko askatasuna edukitzea”.
 
 

Lotsa sentitzetik agentzia hartzera

Goizean gaur ere izan da munduko hainbat esperientzia ezagutzeko aukera. Tahir Baykusak kurdistandarrak abiatu du jardunaldia. Diyarbakir Hiriko Udaletik etorria, Hizkuntza garapen eta kontserbazio arloko zuzendaria da. Eta gaurko bere hitzartzean, hizkuntzen erresistentziaz arituko da, agentzia hartzeaz, komunitate-aktibazioa eta etorkizuneko narrazioen beharraz. Turkiako Estatuaren menpe dauden kurduen egoeraz aritu da batez ere. Atzera begirada baten ondoren, 2024 geroztik, berreskuratzetik biziberritzera jauzia egiten ari direla esan du. “Antzokia izatea garrantzitsua da, ikastaroak egitea garrantzitsuak dira, baina hizkuntzak behar du presentzia familian, hezkuntzan, erakundetan, eta baita pertsona gazteen irudimenean ere. Nola egingo dugu? Elkarrekin. Guk ere ikas dezakegu besteek egin dutenetik. Erresistitzen jakin behar da baina ikasi behar dugu erakundeek nola lan egin behar duten eta ikasi nola transmititu hizkuntza belaunaldi berriei”.
 
Lil ́wat komunitatetik etorri da Lorna Wanosts'a Williams, Kanadako British Columbian kokatzen dena eta bertako Victoriako Unibertsitateak hizkuntzak biziberritzeko arloko zuzendaria da. Narrazioak eta komunitateak ahalduntzeaz aritu da: ahots propioaren bitartez agentzia kolektiboa eraikitzeaz. “Kanadako eguraldi gogorrak ahalbidetu digu elkartu eta kontakizunak kontatzea, istorioen bitartez egin dugu transmisioa. Horietatik ikasi dugu nola zaindu lurra, animaliak, nora joan gaitezkeen eta nora ez... Bizitzari buruz hitz egiten da istorio hauetan. Ahozko hizkuntzak izugarrizko garrantzia du. Lurrarekin konektatu behar dugu berriro, hizkuntzaren bitartez”, nabarmendu du.
 
Australiatik iritsi da Clayton Cruse (bere “zurientzako izena”), adnyamathanha komunitateko kidea eta IDIL Australiako ordezkari. Ahotsa eta justiziaz aritu da, hizkuntzak biziberritzeko borroka sozialak eta agentziarako jauziaz. Agentziarako auziari dagokionez, aipatu du Australiak ez duela inongo politika nazionalik ez lege federalik hizkuntza aborigenen inguruan. “Hizkuntza indigenen lege bat garatzen ari gara, eskubidea aitortuko duena. Geure mahaia eduki nahi dugu, geure erabakitzeko eskubidea. Aborigenak munduko jende kontsultatuena dira baina erantzun horiek kaxoian gelditzen dira. Arrakala hori gainditzeko ari gara lanean”.
 
Berriro ere Kanadara egin dugu jauzi. Barbara Filion Innu-aimun komunitateko kide eta UNESCOren Kanadako Batzordeko Kulturako Programa arduraduna eskubideen inguruan aritu da, aitortzatik harago, Nazio Batuen Herri Indigenen Eskubideei buruzko Adierazpena hizkuntza-politikara itzultzeaz. Izan ere, hizkuntza giza eskubidea dela gogorarazi du eta hizkuntzak eskubide guztiak barnebiltzen dituela. Kanadan 80 hizkuntzatik gora daude eta ez dute inongo aitortzarik. “Hizkuntza eskubide gisa aitortzeko lanean ari gara. Kanadak Nazio Batuen aitortza aintzat hartu zuen eta hori moldatzen dabiltza, gure lantaldearen hainbat gomendiorekin”. Quebec-eko egoera ere aipatu du bere hitzartzean. “Oso toki gogorra da gure hizkuntzentzat,frantsesa babesteko izugarrizko ahalegina dagoelako. Ez dute kolonizatzaile bezala agertu nahi, esaten dute beraiek direla kolonizatuak, eta hizkuntza gutxituak desagertarazteko mugimendu bat dago, erabat ukatzen dira hizkuntza indigenak”
.
Indiatik Ganesh Devyk hitz egin du, The People's Linguistic Survey ofIndia erakundetik. Diskurtso kulturalak eta identitate-atxikimenduaren eraikuntza sinbolikoa izan ditu hizpide. Indiako datuak eman ditu, 1961eko erroldan 1.652 ama-hizkuntza jaso zirela esan du besteak beste, eta egungo erregistro ofizialean 109ra jaitsi zela datu hori.

Erlazionatutako proiektua

facebook
0
twitter
Iruzkinak
0
Lagun bati bidali

 

 2020 Garabide

Larrin Plaza 1, 20550 Aretxabaleta, Gipuzkoa
688 63 24 33 / 943 250 397
garabide[arroba]garabide[puntu]eus