Albertako Unibertsitatean hamarkada askotako esperientzia daukate probintzia horretako eta Kanadako beste hainbat txokotako hizkuntza indigenen biziberritzean. Prestakuntzarako ekimen ugarien artean, CILLDI guneak (Canadian Indigenous Languages and Literacy Development Institute, Kanadako Hizkuntza Indigenetarako eta Alfabetatzerako Garapen Institutua) trebakuntzarako oinarriak sistematizatzeko lana egin izan du, herrialdean bertan bezainbat nazioarteko beste hainbat esperientziarekin.
Hizkuntza eta komunitate bakoitza bereziak direla jakinik ere, “etengabe gurpila asmatzen ibili beharrik ez dagoela” ondorioztatu zuten duela zenbait urte: herri batek bere hizkuntza biziberritzeari ekiten dionean ez dauka zertan hutsetik hasi; eta Kanadan zein mundu zabalean dagoeneko badago esperientzia zabala lan horretan. INSTILSek (International Network for Skills Training in Intergenerational Language Sustainability, hau da, Belaunaldien arteko Hizkuntza-iraunkortasunean trebatzeko Nazioarteko Sarea) esperientzia horiek sare batean konektatu nahi ditu, hizkuntza gutxituen iraunkortasunaren inguruko ezagutza eta prestakuntza partekatzeko. Nazioarteko sare akademiko eta profesionala da, munduan diren gaitasun eta prestakuntzen inguruan lankidetza sustatuz.
Funtsean, Kanadatik mundu zabalera, INSTILSen helburua hizkuntza mehatxatuen eta gutxituen —bereziki hizkuntza indigenen— biziberritzean lanean ari diren pertsonak eta erakundeak elkartzea da, belaunaldien arteko hizkuntza-transmisioa indartzeko behar diren ezaugarrietan trebatuz.
Bi urteotan landutako harremanekin, lehen biltzarra egin da aurten mundu osoko elkarte, aktibista eta ikertzaileekin. Garabideri topaketako aurkezpen nagusietakoa (keynote speaker) egitea eskatu zaio. Hala, Urtzi Urrutikoetxearen eskutik elkartearen ibilbidea, urteotako lana eta esku artean ditugun egitasmo garrantzitsuenen aurkezpena egin du.
Horien artean, euskararen esperientziak eta Garabide elkartearen jardunak ikusmin handia piztu du. Hasi Aditu programaren ibilbidetik eta aurrera begirako erronkekin jarraitu (BIHAR Kongresua, Biziberritzen ari diren Hizkuntzen Federazioaren proiektua), Garabideren lanarekiko interesa azaldu dute Ipar eta Hego Amerika, Afrika, Asia zein Ozeaniatik iritsitako ordezkariek.
INSTILSek lan komunitarioaren eta akademikoaren arteko zubi-lanean trebatzeko foro garrantzitsu bihurtzeko aukera duela iritzita, Garabidek bertan kidetzeko apustua egin du. Izan ere, azken urteotan esku artean dituen lerroekin bete-betean datoz INSTILSen interesgune nagusiak:
-
ILS edo hizkuntza-transmisioan diharduen trebatze-saioetako prestatzaileen eta erakundeen arteko komunikazio eta lankidetza aukerak sortzea
-
Trebatze-ariketa horien prestakuntzarako jardunbide egokien ikerketa egitea.
-
ILS edo hizkuntza-transmisioko trebatzerako prestakuntzarako programa berriak garapena babestea, munduko komunitate behartsuetara ere iristeko.
Gaur egun, INSTILSek 16 herrialdetako kideak ditu. Horien artean dira, besteak beste, komunitateko hizkuntza-ekintzaileak, ikertzaileak, irakasleak eta mundu osoan belaunaldien arteko hizkuntza-transmisioan konpromisoa duten beste hainbat.













2020 Garabide