Hizkuntzak Biziberritzeko IV. Formazio Programak aurrera darrai, eta hirugarren astea ere aurrekoak bezain emankorra izan da. Formazio programako 11 partaideek klase teorikoak jasotzen jarraitu dute, eta euskalgintza ardatz duten hainbat elkarte zein erakunde instituzional ezagutzeko aukera izan dute, horretarako bereziki, Gasteizera eta Bilbora eginiko irteerak aprobetxatuta.
Klase teorikoen alorrean, Adituko partaideek honako oinarri teorikoak jaso dituzte formazio programaren baitan:
- Planifikazio linguistikoa lan-eremuan ezartzeko gakoak, EMUN kooperatibako Izar Larrañaga eta Ima Elexpururen eskutik
- Estrategia digitalaren gakoak, hizkuntza biziberritzerako garaian eremu digitalak eman ditzakeen aukerak identifikatu eta aprobetxatzen ikasteko, Ander Bolibarren eskutik
- Corpusaren ezaugarriak lantzeko saioak, idazketaren estandarizazioa eta lexikoaren sorkuntza aintzat hartzeko gakoak landuz, Andoni Barreñaren eskutik
- Bigarren genero tailerra: aurreko asteko saioko ildoari jarraituz, elkarzaintzan, errespetuan eta berdintasunean oinarritutako printzipioak lantzeko, eta ezarritako rolen inguruan hausnartzeko edota (des)ikasteko asmoz, Nerea Uriarte eta Monica Acostaren eskutik
- Itzulpengintza eta interpretazioa lantzeko tailerra, Koldo Biguri euskal idazle eta itzultzailearen eskutik. Saio hau Gasteizen jaso genuen, Euskal Herriko Unibertsitateko Letren Fakultatean, EHUko Itzulpen eta Interpretazio Saileko kideen laguntzaz
Egindako bisiten artean, lehenik, urriaren 5ean, astelehenean, Arizmendi ikastolan (Eskoriatzako Almen eraikinean) izan ziren Adituko partaideak. LH eta DBHko hainbat ikastalderekin egoteko aukera izan zuten, eta baita euren komunitateetako esperientziak ipuin, abesti, irudi... bidez azaltzekoa ere. Era berean, Iñaki Gonzalez irakasle eta arduradunak Ikastolen Elkarteko Pertsona ereduaren gakoak eta ezaugarriak azaldu zizkigun, ikastolako instalazioak erakustearekin batera.
Hilaren 7an, asteazkenean, Arabako hiriburuan, Gasteizen, igaro genuen eguna. Lehenik, Eusko Jaurlaritzako Lankidetza Agentzia bisitatu genuen; euskararen biziberritze esperientziatik abiatuta, agentziako kideek eta hizkuntza aktibistek elkar ezagutzeko eta esperientziak elkartrukatzeko aukera izan zuten. Segidan, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordetza bisitatu genuen, eta Aitor Aldasoro sailburuordeak, harrera egiteaz gain, euskararen baitan sortu eta burutzen dituzten hizkuntza-politikak azaldu zizkigun. Arratsaldean berriz, arestian esan bezala, EHUko Itzulpen eta Interpretazio Saileko kideen laguntzaz, Euskal Herriko Unibertsitateko Letren Fakultatea bisitatu genuen, Koldo Biguri euskal idazle eta itzultzailearen eskutik, itzulpengintza eta interpretazioari buruzko formazioa jasotzeko.
Hurrengo egunean, hilaren 8an, bi eguneko irteera hasi genuen Bizkaiko hiriburuan, Bilbon. Lehenik, Bizkaiko Foru Aldundiko euskara zuzendaritzako ordezkariek harrera egin ziguten Euskal museoan, eta Bizkaia mailan euskara sustatzeko bideratzen dituzten politiken oinarriak azaldu zizkiguten. Segidan, Euskarabentura ekimeneko lagunekin bildu ginen, urtero udan, hilabeteko iraupenarekin eta Euskal Herri mailako gazteekin euskara sustatzeko egiten duten ekimen ibiltariaren azalpenak jasotzeko. Arratsaldean berriz, AEK zein Korrika batzordeko ordezkariek egin ziguten harrera, eta Korrika ardatz hartuz, euskararen esperientziatik abiatuta, biziberritzeko bidean dauden hizkuntzek helduen irakaskuntzaren arloan duten garrantziaz esperientzia ezberdinak elkarbanatzeko aukera izan zuten partaideek.
Ostiral goizean, lehenik, euskarak Bilbon izan duen presentziari buruzko bisita gidatu atsegina eskaini zigun Xabier Monasterio idazleak hiriko hainbat txoko esanguratsutan barrena. Segidan, Zenbat Gara elkartea bisitatu genuen, eta elkartea bera osatzen duten hainbat erakunde erakutsi zizkiguten: euskara hutsezko Bilbo Hiria irratia, Gabriel Aresti euskaltegia, edota Bilboko euskal kultur gunea den Bilboko Kafe Antzokia. Amaitzeko, elkarrekin bazkaldu eta bisitak amaitu ostean, hiriaren bista ederrez gozatzeko aukera ere izan zuten Adituko parte-hartzaileek Artxanda mendira igota.
Horrela bada, probetxugarria bezain askotarikoa izan da Formazio Programako hirugarren astea ere. Ea datorren aste honek zer dakarkigun!
Aurreko asteetako kronikak hementxe irakur ditzakezue:













2020 Garabide