Marokoko Rif eskualdeko Nador hiria amazigeraz diharduten idazle, irakasle, itzultzaile zein ekintzaileen topagune bihurtu da uztailean. Baita euskaldunen eta amazigen arteko biltoki ere. Ipar Afrikako Mediterraneo ertzean, lau egunez hizkuntza horren erronkak eta egin beharreko urratsez mintzatu dira, eta Euskal Herritik joandako lagunekin literaturan, itzulpengintzan eta eremu teknologikoan izandako esperientziak ere ezagutu dituzte.
A Nedder S Tutlaɣt-nneɣ, “Gure hizkuntzaren bidez bizi gara” jardunaldiak oso arrakastatsuak izan dira. Bertaratutako guztiek adierazi dutenez, amazigerak oro har eta Rif-eko tarifit aldaerak zehazki dituen erronketan aurrera egiteko mugarri izango den topaketa izan da. Besteak beste, literaturan eta argitalpenean urrats sendoak egiteko konpromisoa hartu dute, eta itzulpengintzan zein Wikipedia bezalako esparruetan ere hizkuntza sendotzeko apustu sendoarekin burutu dute jardunaldia.
Uztailaren 9a, biltzarraren hasiera, parte-hartzaileak elkar ezagutzeko eta harremanak sendotzeko eguna izan zen. Horretarako, Garabiden ohikoa den jardueretako batekin ekin zioten: binaka elkar ezagutzeko tarte bat hartu, eta gero batak bestea aurkeztu. Umorez eta elkarrizketa aberasgarriz betetako giro bizia gailendu zen. Chahid Andichi amazig idazle, kazetari eta antolatzailearen berbetan, “lehen une haietatik bertatik, argi zegoen aurretik egun zoragarriak genituela”.
Biharamunean, Maroko hegoaldetik, erdialdetik eta iparraldetik etorritako argitaletxe amazigek hartu zuten hitza, eta elkarrekin partekatu zuten urteotan bildutako eskarmentua. Mirentxu Ibargarai Plazarako kideak haur-literaturan daukan esperientzia ere helarazi zien parte-hartzaileei.
Segidan, ikusmin handienetakoa piztu zuen aurkezpena izan zen. PEN International munduko idazle elkarte handieneko presidenteordeak, Carles Torner katalanak, Urtzi Urrutikoetxea Garabideko lankide eta PENeko Hizkuntza Eskubideen batzordeburuarekin batera, elkarte horren lanaren berri eman zien bertaratutakoei. Besteak beste, hizkuntza gutxituetako idazleekin egin izan den lana eta sortu diren ekimenak azaldu zituzten. Berehala, PEN Amazig baterako ikusmina piztu zen, eta horretarako eman beharreko urratsak, bertan ziren amazig sortzaileek eman zitzaketela helarazi zieten Tornerrek eta Urrutikoetxeak.
Euskararen esperientziatik, amazigera hezkuntza-sistema nola txertatu ere eztabaidatu zuten. Horrekin batera, amazigera idazteko orduan idazkera egokiena zein den ere izan zuten mintzagai, eta alfabeto latinoaren eta tifinag idazkera tradizionalaren arteko zubi egiteko tresna teknologikoen berri eman zuten.
Eremu teknologikoan jarraitu zuen hirugarren egunak ere. Amazigera Adimen Artifizialeko tresnetan nola integratu eztabaidatu zuten. Kataluniatik 'Awal Digital' esperientziaren berri izan zen, eta amazigeraren zuzenketa automatikoak ezagutu ziren. Horri lotuta, Kepa Sarasola EHU eta UEUko irakasle, IXA taldeko kide eta Euskal Wikilarien elkarteko kideak bere esperientzia zabala oso modu praktikoan erakutsi zuen, amazigerazko artikulu berriak hantxe bertan sortuz.
Segidan, taldeetan banatuta, literatura-egitasmoak eta amazigerazko itzulpenerako erronkak izan ziren aztergai. Era berean, Nahia Zubeldia itzultzaileak bere esperientziaren berri eman zien, norbere euskararen eta estandarraren arteko lanaren adibide interesgarrien bidez.
Azken eguna literaturgileena izan zen. Amazigak gehienak, noski, baina Ainara Maya Urrotz Euskal Idazle Elkarteko lehendakariordeak ere euskal literaturako ekimenen berri eman zuen, Hatsaren Poesia jarduna edo Pasaiako Hugo Enea etxeari buruz, esaterako.
Saioa amaitu aurretik, Abdelhadi Emharraf unibertsitateko irakasle beteranoari omenaldia egin zioten. Bere ikasle izandako asko egun amazigerazko ikerkuntzaren eta kulturaren figura garrantzitsuenetakoak dira, eta Nadorren egon nahi izan zuten omenaldi-egunean.
Hunkidura, energia eta lanerako gogoa elkartu ziren. Lehen emaitza, biltzarrean bertan irten zen, eta Londresera bidali zuten PEN Amazig bat sortzeko borondatea. “Nekea gorabehera, tamazightarekiko grina piztu zuen energia bat bazegoen” gogorarazi du Chahid Andichek.
Tannemirt, eskerrik asko!













2020 Garabide