Albisteak

Viviana Gonzalez, doktorego-tesia amaitu ostean, epaimahaiko kideekin, unibertsitateko ikasle zein arduradunekin, Garabideko kideekin eta bere gertuko familiakide zein lagunekin eginiko familia-argazkian
Viviana Gonzalez, doktorego-tesia amaitu ostean, epaimahaiko kideekin, unibertsitateko ikasle zein arduradunekin, Garabideko kideekin eta bere gertuko familiakide zein lagunekin eginiko familia-argazkian

Viviana Gonzalez hizkuntzalariak, hamabost urteko lan-prozesu baten ostean, Kolonbiako Nasa Yuwe hizkuntzaren biziberritze-prozesua eta euskal hizkuntza-lankidetzaren ekarpena azaltzen duen doktorego-tesia aurkeztu du.

2026/04/23

Mariana Viviana González Garzon hizkuntzalariak, hamabost urteetan zehar egindako behaketa, analisi eta elkarlanean oinarritutako ikerketa-lana burutu ostean, Nasa Yuwe hizkuntzaren biziberritze-prozesua eta euskal hizkuntza-lankidetzaren ekarpena azaltzen duen doktorego-tesia aurkeztu du astelehen honetan (apirilak 20), Gasteizko Micaela Portilla Ikergunean.

Tesiaren gai nagusia, Kolonbiako Cauca departamentuko Toribio udalerrian, Nasa Yuwe hizkuntzak azken hamabost urte hauetan, hizkuntza biziberritu eta berreskuratzeko martxan jarri dituzten estrategia linguistikoak azaltzea izan da, horretarako ardatz nagusiak euskararen zein euskalgintzako komunitatearen lankidetza-harremanak ere izan direlarik, Garabide erkaundearen bidez. Era berean, Euskal Herritik egiten den eta hizkuntza-lankidetza aztertzen duen lehen doktore-tesia ere izan da. Era berean, proiektu honek Bizkaiko Foru Aldundiak emandako laguntza ekonomikoa izan du bi urtez.

 

Nasa Yuwe: biziberritze-prozesuaren gako nagusiak

Ibon Manterola, Gabriela Perez eta Ana Maria Gonzalez adituek osatutako epaimahaiaren aurrean, Viviana Gonzalezek Nasa komunitatean hizkuntza biziberritzeko estrategiak azaldu zituen oinarri etnografiko eta ekolinguistikoetan oinarrituta (hala nola, Jose Maria Sanchez Carrion "Txepetx"en Hizkuntzen Teoria Soziala erreferentzia gisara jarriz).

2011. urteaz geroztik Garabiderekin izandako lankidetza-harremanari esker, euskal komunitatearekin izandako harremanen elkartrukea esanguratsua izan da Nasa Yuwe hizkuntza sustatzeko ekimen berriak aktibatzeko, horretarako hainbat egonaldi, boluntario eta elkartrukeen sarea osatuz.

Besteak beste, aktibazio soziala maila lokalean helburutzat duten diskurtso berriak jarri dira martxan: helduen alfabetatzea, hizkuntzen murgiltze-eredua, hezkuntza-proiektu elebiduna, itzulpengintza ardatz duten formazioak, hizkuntza-politika linguistiko berriak, eta baita babes politikoa ere. Hain zuzen ere, Nasa komunitateak bizi duen egoera gatazkatsu honen erdian (60 urteko gerra eta 5.000 biktimatik gora), indigenak hizkuntzaren aldarrikapena ere oinarritzat duten mugimendu politikoa osatzen dabiltza, 2026ko Kolonbiako hauteskunde orokorretara begira. Dena den, babes politikoaz gain, Nasa Yuwe hizkuntzaren biziberritzea ezin da ulertu beraien espiritualtasuna, eta ama-lurrarekiko duten atxikimendurik gabe. Izan ere, guztiaren gainetik eta Vivianak aurkezpenean azpimarratu bezala, naturarekiko loturak definitzen du "beraien izatea, komunitatea, eta ondorioz, baita hizkuntza bera ere.

Etorkizunera begira, Vivianak Garabiderekin eta gutxituak diren gainontzeko hizkuntza-komunitateekin elkarlan iraunkorrak sustatzean jarri du azpimarra, horretarako ardatzak , auzolana, kooperazioa, elkartrukea eta elkarzaintza kolektiboa liratekeelarik, komunitateari begira eta komunitatearentzat. Zentzu horretna, orain arte erdietsitakoa "hasiera" izan dela zehaztu du, hizkuntzaren biziberritzea belaunaldiz belaunaldi zabaltzekotan, "lanean jarraitu" behar dela nabarmenduz.

Datuei dagokienez, gaur egun 75.000 hiztun inguru ditu Nasa komunitateak, eta Cauca departamentuan hitz egin eta ulertzen dutenen kopurua, biztanleriaren %22koa da. Horrela bada, Vivianaren tesia laburtzeko ondorioztatu daiteke, Nasa komunitateak prozesu biziberritzaileari eustea lortu duela, baina bere biziraupenak gaur gaurkoz "arriskuan" jarraitzen duela.

 

Gure aitortza Vivianaren lanari

2011. urtean hasi zuen Viviana Gonzalezek doktorego-tesi hau burutzeko ibilbidea ACIN (Asociación de Cabildos Indígenas de Norte de Cauca) erakundearen baitan hizkuntza-lankidetzan hasi zenean. Ordurako euskal komunitatearekin eta Garabiderekin harremana izanik, Jon Sarasua irakaslearen zuzendaritzapean burutu du hamabost urte hauetan zehar Nasa Yuwe hizkuntzaren biziberritze-prozesua euskal lankidetzaren ikuspegitik ondu duen tesia.

Halere, aurrez ere ibilbide profesional luzea jada burutua izan du Vivianak. 1983an Bogotan jaioa, irakaslea eta hizkuntzalaria da. Hizkuntzalaritza-ikasketak ditu, Hezkuntza eta Elebitasunaren arloko espezializazioetan. 2000ko hamarkadatik hona, hizkutnza gutxituen biziberritzearen inguruko plangintza eta lan-arlo anitzetan aktiboki hartu du parte, hala nola Garabide erakundeak antolatutako Aditu formazioetan.

Asteleheneko doktorego-tesiaren aurkezpenean, gure babesa eta atxikimendua adierazi nahi izan diogu, eta hainbat lagun elkartu gara bertan: epaimahaia osatu duten kideez gain, tesiaren zuzendaria izan den Jon Sarasua, unibertsitateko ikasle eta arduradunak, Garabideko lan-taldeko kideak eta boluntarioak, eta jakina, baita Vivianaren gertuko familiakide eta lagunak ere.

Gure partetik, zorionak bihotzez Viviana, egindako lanagatik eta erdietsitako arrakastagatik, eta hemendik aurrera ere, ilusioz eta gogoz elkarlanenan, elkarren bidelagun izan gaitezela!

Erlazionatutako hizkuntza komunitateak

facebook
0
twitter
Iruzkinak
0
Lagun bati bidali

 

 2020 Garabide

Larrin Plaza 1, 20550 Aretxabaleta, Gipuzkoa
688 63 24 33 / 943 250 397
garabide[arroba]garabide[puntu]eus