“Europako komunitate gutxituen hizkuntza kapitala eta iraunkortasuna” izenburupean gauzatu da aurtengo Fosterlang kongresua. Europa mailako proiektu honek aniztasun-krisia irauliz, eta Europako gizarte-onurak aktibatuz, hizkuntza gutxituak bultzatzea eta Europako hizkuntza-kapitala sustatzea ditu xedetzat.
Europa mailan hainbat kongresu antolatzen ari dira, eta pasa den astean, Euskal Herrian eskaini zuten euren jardunaldia, zehazki esateko Donostiako Euskal Herriko Unibertsitateko Informatika fakultatean, Munduko Hizkuntza Ondarearen Unesco Katedrak (EHU) antolatuta. Maiatzaren 27an eta 28an zehar burutu zen kongresua, eta bertako zein nazioarte mailako ikasle, aditu, irakasle eta hizkuntzalarien esperientziak entzuten, jardunaldiak zuzenean jarraitzen izan zen Garabideko lan-taldea ere. Landu diren gai nagusiak honakoak izan ziren:
1. Hizkuntza kapitala eta komunitatearen iraunkortasun sozioekonomikoa (maiatzak 27, asteazkena)
Kongresuaren lehen zatian, egoera minorizatuan dauden hizkuntza komunitateen hizkuntza kapitala, iraunkortasuna eta ongizatea izan zituzten hizpide. Lehenik eta behin, Justyna Olko eta Ibon Manterolak, komunitatearen iraunkortasuna eta ongizatearen ikuspegi emikoak azaldu zituzten. Segidan, Iñaki Marko eta Jone Goirigolzagarri-Garaizarrek hizkuntza gutxituen biziberritzearen eta komunitate-kapitalen markoaren baitan, Euskal E5 proiektuaren kasua aurkeztu zuten: Euskal komunitaterako etorkizuneko eszenatokien ko-eraikuntza.
Azkenik, komunitatearen iraunkortasuna eta ongizatea helburu duten Europako eta mundu mailako hainbat hizkuntza komunitate gutxituetako esperientziak ere aurkeztu zituzten: lehenik, Elin Haf Gruffydd Jones eta Gòrdan Camshromek, Gales eta Eskoziako kasu-azterketak aurkeztu zituzten, berauen oinarrizko kontzeptuak eta kritikak landuz; eta ondoren, mahai-inguru baten bidez, hizkuntza-komunitate minorizatuetan ongizatea eta iraunkortasun sozioekonomikoa garatzeko hainbat proiekturen azalpena burutu zuten Kasia Wojtylak (Kuku-Yalanjiera), Izar Mendiguren (euskara), Anna Kosciukiewicz-Jablonska (kashubiera), Ceri Cunnington (galesera), Elin Haf Gruffydd Jones (galesera) eta Gordan Camshron (Eskoziako gaelikoa), Jone Goirigolzagarri-Garaizarrek bideratuta.
2. Hizkuntzen transmisioa eta sozializazioa tokian tokiko ekologietan (maiatzak 27, asteazkena)
Bigarren zatiaren helburua, hizkuntzak eskuratu, transmititu, erabili eta garatzen direneko dinamika sozialak azaltzea izan zen. Bertan, belaunaldien arteko hizkuntzen transmisioaren testuinguruak eta baldintzak aztertu ziren, azpimarra berezia jarriz Europan zein Hego Amerikan arriskuan dauden hizkuntza gutxituen sozializazio komunitarioari.
Belaunaldien arteko transmisioa eta komunitate-sozializazioa desagertzeko arriskuan dauden hizkuntzen artean, ondorengo adituek hartu zuten hitza:
-
Justyna Olkok transmisioaren erronka azaldu zuen, ikuspegi konparatu bat eskainiz Europako hizkuntza-komunitate minorizatuen eta jatorri migrantekoen artean.
-
Emili Boix Fusterrek belaunaldien arteko hizkuntza-transmisioaren eta biziberritzearen baitako hainbat zertzelada interesgarri azaldu zituen
-
Daniel Wuttik Karintiako eslovenieraren kasua azaldu zuen, hizkuntza gutxituen eta identitatearen lotura gisa.
-
Artur Jablonskji eta Anna Kościukiewicz-Jabłońskak, Polonian eman den belaunaldi-krisia azaldu zuten, hizkuntza minorizatuen transmisioa eta erabileraren beherakadaren nondik-norakoak azalduz.
Era berean, belaunaldien arteko hizkuntza-transmisioa sustatzeko estrategia berritzaileen artean, aditu hauek proiektu hauek aurkeztu zituzten:
-
Elin Haf Gruffydd Jones, Catrin Llwyd eta Richard Glyn Robertsek TRIAUD eredua (hizkuntzaren transmisioa, eskurapena, erabilera eta garapena) azaldu zuten galeseraren testuinguruan.
-
Kashubiar eta Lemko komunitateetan, nortasunak eta hezkuntzak duten rola azaldu zuten Agnieszka Otwinowska, Emilia Wąsikiewicz-Firlej & Anna Szczepaniak-Kozak adituek.
-
Azkenik, Maite Garciak, euskararen transmisiotik bere sozializaziora eta familia-hizkuntza politiketara dagoen paradigma aldaketa azaldu zuen, belaunaldiz belaunaldiko etenaren eta jarraipenaren analisia eginez.
3. Hizkuntza gutxituentzako teknologia eta baliabide digitalak (maiatzak 28, osteguna)
Kongresuaren hirugarren eta azken zatian, hizkuntza-teknologien aplikazio digitalen inguruko lanketa praktikoa egin zen, itzulpen automatikotik hasita, idatzizko estandar bateraturik ez duten hizkuntzentzako hizkuntza-corpusak sortzeko esperientziak azaltzeraino.
Lehenik eta behin, Federico Gaspari eta Catalina Amengual adituek, Adimen Artifizialaren itzulpen automatikoa ebaluatzeko gakoak azaldu zituzten, itzulpenak ebaluatzeko aukera automatikoen eta giza/eskuzko aukeren abantaila zein erronkak azalduz. Segidan, Arvind Kumar adituak, hizketaren ezagutza automatikoa (HEA) hizkuntza gutxituentzat sortzeko erronkak azaldu zituen, Google Colab aplikazioaren bidez, eredu edo adibide praktikoak eskainiz.
Jardunaldiak amaitzeko, Paul Trilsbeekek, hizkuntza gutxituen baliabideak aurkitu eta gordailutzeko tresnak aurkeztu zituen, hizkuntza-materialak artxibo batean gordetzeko prestatzeko beharrezkoak diren urratsak landuz, eta hala nola, metadatuen deskribapenak sortuz. Eta azkenik, Joanna Dolinskak idatzizko estandar bateraturik ez duten hizkuntzentzako hizkuntza-corpusak sortzeko oinarriak azaldu zituen, idazkera mota desberdinak eta askotariko ortografiak dituzten hizkuntzekin lan egiteko, metadatuen bidez. Universal Dependencies proiektua ere aurkeztu zuen, bere ikasleekin landutako proiektu multidiziplinar gisa.
—
Hizkuntza-lankidetzan eta biziberritze prozesuetan lan egiten dugun erakundeentzat, interesgarria bezain emankorra izan da jardunaldi hauek jarraitzeko aukera izatea.
Informazio guztia Fosterlang kongresuaren webgunean aurkitu eta kontsultutatu daiteke:













2020 Garabide