Albisteak

Hizkuntzen Federazioa osatuko duten hizkuntza-komunitateetako kideei egindako harrera (Donostia, 2026-09-22)
Hizkuntzen Federazioa osatuko duten hizkuntza-komunitateetako kideei egindako harrera (Donostia, 2026-09-22)

Hizkuntzen Federazioa sortu eta garatzeko aurkezpena egin dute Eusko Jaurlaritzak eta Garabidek, hainbat komunitateetako ordezkariekin

2026/09/22

Garabide elkarteak eta Eusko Jaurlaritzak Hizkuntzak Biziberritzeko Prozesuetan dauden Komunitateen Mundu Federazioa bultzatzeko prozesua martxan jarri dute. Hain zuzen, BIHAR Nazioarteko Kongresuaren baitan, federazioa sortzeko xedea duen talde eragilea aurkeztuko da datorren ostiralean, hilak 25, Irungo Ficoba erakustazokan. 

Horren harira, gaur arratsaldean, Ibone Bengoetxea lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eta Olatz Yarza, Donostiako alkateordeak harrera egin diete lehenik Donostiako udaletxean, Federazioaren talde eragileko partaide diren nazioarteko hainbat hizkuntza komunitateetako kideei (hain zuzen ere BIHAR Kongresuan beraien bizipenak azaleraziko dituztenak; eta tartean izan dira, halaber, egunotan Hizkuntzak Biziberritzeko Formazioan parte hartzen ari diren ordezkari batzuk ere). Segidan, Federazioaren oinarri nagusiak aurkezteko bilera eskaini dute bertan parte hartuko duten hizkuntza gutxituetako ordezkariek, Aitor Aldasoro Hizkuntza Politikako sailburuordearekin zein Jon Sarasua, Garabide elkarteko zuzendariordearekin batera. Bileraren moderatzailea Urtzi Urrutikoetxea izan da, Hizkuntzen Federazioaren koordinatzailea eta Garabideko kidea. 

 

Elkarrengandik ikastearen garrantzia, elkarrekin bidea eginez

Ibone Bengoetxea lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntz Politikarako sailburuak azaldu duenez, “gure herri eta hizkuntzentzat garrantzi handikoa izan daitekeen proiektu baten hazia" izango da Hizkuntzen Federazioa, eta bere esanetan, "herrien arteko harremanak estutzeaz gain, hizkuntzen ahotsa modu bateratu eta ozenean altxatzen" lagunduko du. Hain zuzen, elkarte berriak elkarren arteko esperientziak partekatu eta elkarrekin ikasteko abagunea eskainiko duela nabarmendu du, baina batez ere, nazioartean "ahots propio eta indartsuagoa" aurkezteko aukera zabalduko duela ere nabarmendu du. Era berean, euskarak bizi dituen erronkak ere hizpide izan ditu sailburuak, euskara bera "bidegurutze historikoan" dagoela esanez. Bestetik, Olatz Yarza Donostiako alkateordeak, bestetik, bertaratutakoei eskerrak emateaz gain, "hizkuntza-komunitate guztiek elkarrengandik zer ikasi handia dutela" azpimarratu du.

Hizkuntzen Federazioaren parte izango diren munduko hainbat hizkuntza-komunitateen ordezkari gisa, Paolina Vercoutere kitxuak hartu du hitza. Vercoutere, Ekuadorreko Imbabura lurraldeko ordezkari politikoa da, Sisariy elkarteko kidea eta Garabiderekin ibilbide luzea egin duena. Kultura, hizkuntza... ezberdintasunaren gainetik batasunean egin du azpimarra, "mundu-mailan daukagun hizkuntza-aniztasuna eta horrek giza-ondare gisa dakarren aberastasuna" zaindu eta sustatzearen garrantzia nabarmenduz. Era berean, kitxua hizkuntzak hizkuntzaren biziberritzean egindako aurrerapausoak, pertsona gisa ere "hezi" dituela azpimarratu du, hainbat balore nabarmenduz, hala nola, genero-berdintasuna edota elkarrenganako errespetua eta bizikidetza. Giza-eskubideen aldarrikapenak "zalantzan egon daitezkeen garai zail hauetan", esperantza izateko deia ere luzatu du, bere esanetan, "hizkuntzen transmisioa eta hizkuntzak ezagutzea, mundua ezagutzeko modua" izanik. "Elkarrekin bidea egiteko" deia eginez, amaitu du Paolinak bere hitzartzea.

 

Hizkuntzen arteko sare iraunkor bat sortzeko xedea

Harrera ofizialaren ondoren egindako bilera informatiboan, euskal erakundeetako ordezkariek hartu dute hitza lehenik. Aitor Aldasoro Hizkuntza Politikako sailburuordeak "herri batek erakusteko duen lehena hizkuntza dela" nabarmendu du, eta era berean, "denok daukagula zer irakatsia besteei" adierazi du. Segidan, Garabide elkarteko zuzendariordea den Jon Sarasuak, "amets baten atzetik" elkartu direla zehaztu du, eta Hizkuntzen Federazioaren ardatza "hizkuntzen arteko sare iraunkor bat indartu eta jorratzea" izango dela zehaztu du, sare hori berdintasunean, egitura horizontalean eta zirkularrean (elkarreraginean) eraikiko litzatekeelarik. Zentzu horretan, federazioaren hiru funtzio nagusiak ere definitu ditu

  • Hizkuntza-komunitateen arteko lankidetza praktikoa indartzea, elkarrekin diskurtso/mezu multzoak kolektiboki ekoitziz
  • Mundu-mailako hizkuntza eta erakunde handien aurrean azaltzea, beraiengan hizkuntza eta kultura-aniztasunaren balioari buruzko narratiba partekatua eraikiz eta partekatuz
  • Gure hizkuntzen etorkizunari eragiten dioten gaiak eztabaidatzen diren nazioarteko esparruetan eragin kolektiborako gaitasuna sendotzea, nazioarteko harreman sareak garatuz

Amaitzeko, hizkuntza komunitate bakoitzeko ordezkariek euren hizkuntzaren eta beronen testuinguruaren aurkezpena egin dute, non beraien bizipenak, aurrez esan bezala, bihartik aurrera BIHAR Nazioarteko Kongresuan ere plazaratuko dituzten. Dena den, bilkuran  hizkuntza batzuen presentzia "eragozteko" ahaleginak egiten direla ere salatu da, eta horren erakusle jarri da Zubair Torwali, torwali hiztuna den hizlariaren kasua (kongresura etortzeko bisa-eskaera ez zaio onartu, eta ondorioz ezingo du parte hartu).

Esan bezala, Hizkuntzen Federazioan parte hartuko luketen hizkuntza gutxituetako ordezkariek ere parte hartu dute gaur arratsaldeko bilkuran, eta beraien hizkuntzaren testuingurua azaltzeko aukera izan dute:

  • Kekoa Harman (hawaiiera, Hawaii)
  • Khaled Wahli (tubua, Libia)
  • Tahir Baykusak (kurdua, Kurdistan)
  • Paolina Vercoutere (kitxua, Ekuador)
  • Rahera Cowie (maoria, Aotearoa)
  • Denver Toroga Breda (khoikhoi hiztuna, Hego Afrika)
  • Nabraj Lama (tamang hiztuna, Nepal)
  • Yazmin Novelo (Yukatango maia, Mexiko)
  • Miguel Angel Verón (guarania, Paraguai)
  • Viviana Gonzalez eta Arquimedes Yatacue (nasa hiztunak, Kolonbia)
  • Elin Haf Gruffyd Jones (galesa, Gales; ez du prentsaurrekoan egoterik izan)
  • Zubair Torwali (torwali hiztuna, Pakistan; ez du prentsaurrekoan egoteko aukerarik izan)

Azkenik, "gonbidapen irekia" luzatu dute bertaratutakoek, Hizkuntzen Federazioan sartu eta denen artean "hizkuntzen sarea" osatzeko.

Hizkuntzen Federazioaren aurkezpena, ostiral honetan, hilak 25, izango da Urtzi Urrutikoetxea eta Jon Sarasuaren eskutik, BIHAR Nazioarteko Kongresuaren egitarauaren baitan, Irungo Ficoba erakustazokan, 14:45ean.

Erlazionatutako proiektua

facebook
0
twitter
Iruzkinak
0
Lagun bati bidali

 

 2020 Garabide

Larrin Plaza 1, 20550 Aretxabaleta, Gipuzkoa
688 63 24 33 / 943 250 397
garabide[arroba]garabide[puntu]eus