Albisteak

Charagua Iyambaeko (Bolivia) autoritate eta komunitatearen arteko asanblada (2020-2021).  Argazkia: Cipca
Charagua Iyambaeko (Bolivia) autoritate eta komunitatearen arteko asanblada (2020-2021). Argazkia: Cipca

Boliviako guaraniei bisa ukatu diete beste behin

2026/04/22

Garabidetik urteak daramazkigu Boliviako guaraniekin elkarlanean. Orain 15 urte etorri zen lehen guarani taldea Euskal Herrira formatzera; ordutik urtero etorri dira Adituko ikastaroetaraHorrez gain, beraien lurraldean, Boliviako hego ekialdean, Charagua Iyambaeko lurralde indigena autonomoan, hizkuntza, kultura eta identitate propioaren defentsan darabilten dinamikan bidelagun izan gara. 2020 eta 2021. urteetan lurralderako Hizkuntza Plan Estrategiko bat osatzen aritu ziren, eta Garabide aholkulari aritu zen.  Azken urteetan, elkarlan hau sakondu da, eta Plan Estrategiko hori lege bihurtzeko prozesua bultzatzen ari gara haiekin batera. Horretarako, Plan Estrategikoko hainbat neurri inplementatu dituzte haien kabuz, eta aldi berean, lurraldeko agintari eta autoritateekiko sentsibilizazio lan bat egiten ari dira. Lan horren parte Euskal Herrira bisita bat egitea aurreikusi genuen, soziolinguistikako oinarrizko formazio bat eman eta euskararen esperientzia ezagutu zezaten.

Bi saiakera egin ditugu bisita hori jasotzeko, iazko udan bat eta oraintxe bertan beste bat. Autoritateen bisita hori egin ahal izateko bisa eskaera bat egin behar dute, eta Espainiako Kanpo Gaietako, Europar Batasuneko eta Lankidetzako Ministerioak onartu. Bada bietan ukatua izan zaie. Guaraniek eta Garabidek, argi erakutsi dugu bisita hau formazio batzuetarako dela, eta jaso behar genituen autoritateek beraien lurraldearen eta komunitatearen garapenarekin duten konpromezuak argi uzten du beraien asmoa ez dela inondik inora Bolivia uztea.

Hala, Garabidetik bisatuen ukapen honen atzean dagoen arbitraietatea eta gure hegoko lagunek jasaten duten injustizia estrukturala salatu nahi ditugu. Aldi berean, guaraniekin elkarlanean jarraitzeko asmoan berresten gara. Uste dugu elkartruke hauek haien lurraldearen garapen integrala bultzatzen dutela eta guri ere, euskararen biziberritzearen alde eragiteko tresnetaz hausnartzeko aukera ematen digutela.

Erlazionatutako hizkuntza komunitateak

facebook
0
twitter
Iruzkinak
0
Lagun bati bidali

 

 2020 Garabide

Larrin Plaza 1, 20550 Aretxabaleta, Gipuzkoa
688 63 24 33 / 943 250 397
garabide[arroba]garabide[puntu]eus