Albisteak

2022ko Fair Saturday sari berezia Garabide Elkartearentzat

2022/09/23

Irailaren 26an Bilboko Guggenheim Museoan antolatu du Fair Saturday Fundazioak ekitaldia, guztira, 9 ekimen saritzeko.


2017an sortu ziren Fair Saturday sariak Bilbon, hain zuzen ere, artearen eta kulturaren bidez gizartea eraldatzen duten nazioarteko pertsona eta erakunde inspiratzaileen ekimenei aitortza publikoa egiteko. Sarien bidez Fair Saturday Fundazioak ekintza-eredu berriak sustatzearen balioa nabarmendu nahi du, hazkunde inklusiboagoa, bidezkoagoa eta iraunkorragoa sortzeko helburuarekin.

2022ko Fair Saturday sarien banaketa ekitaldia Bilboko Guggenheim Museoan izango da eta gonbidatuen artean daude erakundeetako, kulturako eta gizarteko ordezkari ugari. Aurtengo edizioan, guztira, 9 dira saritutako ekimenak:

  • Nuccio Ordine idazle eta filosofo italiarra.
  • Herbeheretako Musicians without Borders erakundea, hezkuntza artistikoaren bidez integrazio kulturala sustatzen duena.
  • Hego Koreako Lindenbaum Festival Orchestra, Ipar eta Hego Korearen arteko topaketa eta elkarrizketa sortzeko eratu zena.
  • Apropa Cultura kultura-programatzaileen sare katalana, gizarte-bazterketa arriskuan dauden pertsonei kulturarako sarbidea bermatzen diena.
  • Estatu Batuetako Playing for Change Foundation, ezbairik gabe musika arloko irabazi-asmorik gabeko erakunde garrantzitsuenetako bat mundu mailan.
  • Jordaniako We Love Reading proiektua, irakurketaren bidez mundu osoko komunitateak (batez ere gazteak eta emakumeak) ahalduntzen dituena.
  • Dibertsitate funtzionala duten dantzariez osatutako Candoco Dance Company dantza konpainia londrestarra.
  • Bilboko Pabellón 6 antzerki espazio eta proiektua.
  • Garapenerako lankidetzaren alorrean hizkuntza gutxituen biziberritzeaz arduratzen den Garabide Elkartea.

Irailaren 26a Hizkuntzen Europako Eguna da, hortaz ospakizunerako bi motibo izango ditugu aurten garabidetarrok datorren astelehenean. Saria emateko arrazoien artean fundazioak nabarmendu nahi izan du "Garabide Elkarteak euskararen esperientziatik abiatuta hizkuntza gutxituen hizkuntza biziberritzeko prozesuak bultzatuz egin duen lan bikaina". Eskerrik asko sariagatik eta bihoakie aitortza hizkuntza lankidetzaren bidean lagun izan ditugun guztiei.

Informazio gehiago: https://fairsaturday.org/eu/fair-saturday-sariak/

facebook
0
twitter
Iruzkinak
0
Lagun bati bidali

 

 2020 Garabide

Larrin Plaza 1, 20550 Aretxabaleta, Gipuzkoa
688 63 24 33 / 943 250 397
garabide[arroba]garabide[puntu]eus