Hezkuntza hizkuntzen kabi

10 hizkuntza gutxitutako 16 ordezkarien erronka handienetarikoa da hezkuntza. Horri buruz mintzatzera etorri zaigu hain zuzen Karmele Perez HUHEZIko irakaslea. Nola heltzen gara elebidun izatera? Hezkuntza eredu elebidunek beti bermatzen al dute ikasleek eskola bukatzen dutenean bi hizkuntza horiek menperatuko dituztela? Horra hor sortutako bi galdera.

Perezek ezetz dio, hezkuntza elebiduna positiboa izateko ezinbestekoa dela hizkuntza bakoitzari trataera berezia ematea. Eskolan errefortzua behar duen hizkuntza zein den identifikatu beharra dago beraz, eta haren beharrei egokitutako eredua planteatu.

Gure ordezkariak luzez aritu dira Andoni Barreñarekin batera haien komunitateetako hezkuntza ereduak partekatzen. Oso esperientzia emankorra izan da, bai horixe! Besteak beste, hezkuntza eta hizkuntzaren estandarizazioaren arteko harreman estuak agerian geratu dira: batak bestea behar du aurrera egiteko. Erronka handia dugu beraz!

Hezkuntzaz ari garela… A, B eta D ereduak ezagunak ditugu, baina ba al dakizue zergatik ez dugun C eredurik?

Ez, ez da euskal alfabetoan C hizkirik ez dugulako… C eredua zena galdu egin zelako baizik!

Hezkuntzatik komunikabideen mundura egingo dugu salto hurrengoan.

Yayoecha piareve!


Hitzez hitz estandarizazioa helburu

Igandean Kilometroetan egindako jai eta dantzak gogoan, Andoni Barreñarekin hasi dugu astea. Corpusaren garapenerako estrategiak izan ditu hizpide Barreñak. Corpusa zer den argitu eta gero, estandarizaziora bideratu du eztabaida. Zergatik eta zertarako estandarizatu hizkuntza bat? Barreñak argi du: haren ustez, hizkuntzaren estandarizazioa herria batzeko ezinbestekoa da, herriak bat egiteko oso tresna indartsua.

Hitzak nola sortzen diren ere ikusi dugu. Nawat, nasayuwe, k’iche’… hainbat hizkuntzatako adibideak ikusiz baieztatu ahal izan dugu hizkuntza guztiek dituztela hitzak sortzeko mekanismoak.

Bide batez, hona bitxikeria bat: ba al dakizue “tomate” hitzaren jatorria zein den?

Bada, nawat hizkuntzatik dator! Izan ere, hemen ez genuen horrelakorik kolonizazioan zehar espainiarrek Mexikotik ekarri zuten arte.

Gordintasunez beteriko testigantzak ere entzun ditugu gure partaideen eskutik, komunitate konkretu batekoak izateagatik pairatutakoak.

Estandarizazioa hezkuntzarekin lotuko dugu hurrena.

Al azkka!

Emozioz beterik, aurrera doa #ikastaldia2019

Pasa den asteburuan heldu ziren ikastaldiko kideak Euskal Herrira. Garabideren eta parte hartzaileen aurkezpenak eginda, Iñaki Arrutik eman dio hasiera Hizkuntza Biziberritzeko Gidaritzari buruzko ikastaldiari. Hizkuntzen desagertze eta biziberritze prozesuen inguruan aritu zaigu Arruti. Parte hartzaileak nork bere autobiografia linguistikoa egitera gonbidatu ditu Arrutik, haren ustez, eta zenbait soziolinguistaren lanetan oinarrituz, interesgarria baita norbanakoaren esperientziatik abiatzea hiztun komunitate osoaren joerak identifikatu eta biziberritzeko estrategiak martxan jartzeko.

Barre egiteko momentuak ere izan ditugu gurean. Yukatango maiak
“Waye” dokumentalaren proiekzioa aurkezten izan dira Miarritzen. Bertan zeudela, euskal komunikabide batekoa gerturatu zitzaien bere burua aurkeztuz: bera Maia (izena) zela esan zien, eta gure kideek haiek ere maiak zirela erantzun zieten barrez.

Xabier Payak, eskuak gora, mugiarazi egin ditu kideak bere ekoizpen kulturalari buruzko hitzaldian. Kultur ekoizpenean hizkuntza estandar idatzia izatearen garrantzia azpimarratu du Payak. Horrez gain, euskal kulturaren ingurukoak partekatu ditu, eta parte hartzaileek ere izan dute haien esperientziak elkarbanatzeko tartea, zein baino zein hiztunago.

Lehenengo ateraldia ere egin dugu jada. Bilbon izan gara hain zuzen ere, Euskaltzaindia eta Zenbat gara ezagutzen. Euskararen akademian, haren sorreraren eta zereginen nondik norakoak ezagutu ditugu Xabier Kintanaren euskaltzainaren eskutik. Zenbat gara kultur elkarteko kideek ere besoak zabalik hartu gaituzte berean. Haien lana gertutik ezagutzeko aukera izan dugu, ikasgelan lehenik eta mahaiaren inguruan gero. Esperientzia guzti hauek entzun eta gero, erremintaz beteriko kaxa batekin etxera joango dela adierazi du parte hartzaileetako batek.

Bihar Zarautzen izango gara, gu ere… Ikastolen mundura!

Ikastaldia besterik ez da bukatu

Behin ikastaroa bukatuta, hamaika amets eta baten bat gehiago baditugu betetzeko, eta hortan gabiltza. Eskoriatzan paper-lanetan murgilduta gabiltzan bitartean, Paula Huenumilla, ikastaldiko parte-hartzaile maputxearen bisita jaso dugu, gurean egiten ari den lan apartaren berri izateko. Etxera itzuli aurretik ,Dotb Durangoko telebistan eta Anbotoko komunikabide zein AEK-n ikusi ahal izan dugu azken egun hauetan Paula, beste hainbat tokiren artean.

Bestalde, Boliviatik iritsi berri den Iker Legarra ere gaur izan dugu bisitan, bertan 20 egunetan zehar ezagututako egoera linguistikoaren gainean jarduteko. Erreleboa hartu eta gaur bertan, Garabideko bi kide Ekuadorrera joango zaizkigu, hiru astez, bukatu berri den ikastaldiaren jarraipena egitera.

Azken momentura arte lanean

Azken bi egun hauetan ere ez dugu denbora galdu, bilera txiki, eztabaida amankomunak, proiektuak garatzeko talde zein bakarkako lana, ikastaldiko agurraren prestaketa, sentsibilizazio ekintza, elkarrizketa eta abar luze batetan ibili dira ikastaldiko partaideak. Hainbatek beren komunitateetan gauzatzen ari diren proiektu motibatzaileen gainean hitz egin digute ere. Esate baterako Pula Huenumilla Herrerak Mapusumuna biziberritzeko Guaimapun egiten dituzten barnetegien inguruan hitz egin zigun.

Mapusumuna biziberritzeko mugimendu honetan, jende gazteak eta batez ere ikasle mugimenduak duen garrantzia azpimarratzen zuen Paulak. Hainbat unibertsitate ikasle hasi dira hizkuntza ikasi eta erabiltzen, espazioak berreskuratzen. Honek hizkuntzari estatusa itzultzeaz gain, hiztun komunitateari ere konfidantza itzultzen dio.

Paulak kontatzen zigun, duela bi urte hasi zela Mapusumuna ikasten, zazpi hilabete beranduago, hasiberrie irakasten ere hasi zela. Autobus geltokian telefonoz mapusumunez hitz egitea ekimen eraldatzailea dela azaltzen digu, toki publiko batean, hizkuntza gutxituan neska gazte unibersitario “maputxe berri” batek hizkuntzarekiko konpromezu eta arrotasuna erakusten duelako. Horrela, arritutako jendearen artean kontaktu sareak ere eratzen direla azaltzen digu Paulak, gogoeta bultzatzen dela.

Gaur Nahuat hizkuntzaren ordezkari diren Leonardo Durán eta Lizbeth Sanchezek beren komunitatean bertako hizkuntzan oinarritutako heziketa programan lanean ari direla erakutsi digute. Komunidadea, irakasleak eta ikasleak konprometitzen ditu programa honek. Irakasleek beraiek osatzen dituzte materialak eta ikasleek teknologia berriak Nahuat hizkuntzaren kosmobisioarekin bateratzeko aukera dute.  “Nahuatpedia” osatzen ari dira guztien artean, hizkuntzaren bitartez kultur aniztasuna barneratzen dute ikasleek, baita Nahuat hizkuntzak berak barnebiltzen dituen balioak ere. Esaterako, zenbaketa sistemari dagokionean, Nahuat hizkuntzan hogeinaka zenbatzen da, 23 literalki “hogei eta zure hiruak” delarik, euskareren antzera.

 

Bestalde, datorren astean Nekane Muñozen eskutik 9 hizkuntza gutxituetako ordezkariekin batera egindako elakarrizketa laburrak izango ditugu.

  

Esperientzia eta aholkuak bilduz

Hizkuntza gutxituen “sintomak” aztertu ondoren, kontuan hartzeko esperientzia eta gomendioak bildu genituen asteartean Txerra Rodriguez eta Aitzpea Otaegirekin.

Txerrak Zeelanda Berriko esperientzia maoriaren berri eman zigun, Hokitika eta Kaikoura lurraldeena hain zuzen ere. Aitzpeak berriz, feminismoa eta hizkuntzaren biziberritze prozesuaren arteko harreman estuaz hitz egin zigun.

Hizkuntza sozializazio prozesuaren erdigunean kokatzen da, eta sozializazio prozesu honen ondorio da generoa bera ere, horregatik garrantzitsua da hizkuntza biziberritze prozesuan faktore hau kontuan hartzea.

*ekofeminismoaren inguruan gehiago sakontzeko laburpen lagungarria gazteleraz, ECOFEMINISMO. Bestalde ekologia linguistikoa, hemen.

 

Hizkuntza gutxituen gaixotasuna

Astearte eta asteazkenean “hegoaldeko esperientziak” saioak izan ditugu. Jon Sarasuak hizkuntza gutxituek duten “gaixotasuna” osatzeko “sintomak” aztertzeko gonbita luzatu zuen asteartean:

Hizkuntza gutxituak igelaren metaforarekin irudikatu zituen. Igela ur berotan sartzen badugu, honek salto egin eta bere bizitza salbatuko du. Bestalde, ur hotzetan sartu eta gutxinaka berotzen badugu, igela hil egingo da. Beraz, ura berotzen doan heinean, zein izango da gure jarrera?

 

Azken asteko ekimenetan murgilduta gabiltza

Ikastaroaren zati handiena igaro dugu dagoeneko. Egun hauetan Jon Sarasuaren eskutik,  lehenik eta behin hizkuntza gutxituen biziberritze prozesuak kontutan izan behar dituen balio eta faktoreak azaleratu ditugu proiektu berriak hastera begira:

 

Ondoren, hizkuntzaren biziberritzearen zuhaitzari lotuta, beharrezkoak diren instituzio/ sektoreetaz hitz egin genuen, ondorengo galdera planteatze aldera:

“Pensar en los agentes de mi sociedad. ¿Cuales pueden participar en la revitalización de la lengua? ¿Cómo? ¿Cómo hacer alianzas, nuevos aliados…?”

(Nire gizarteko eragileetan pentsatuta, zeintzuk dira hizkuntzaren biziberritzean parte hartu dezaketenak? Nola? Nola egin ditzakegu hitzarmenak, lankide berriak…?)

 

Eneko Barberena (Txatxilipurdi) gurean egon zen hezkuntza ez formalaren gainean hitz egiteko. Haurrek beren denboraren %15a hezkuntza formalaren esparruan igarotzen dute, beraz, hezkuntza ez formalak berebiziko garrantzia du hizkuntzari dagokionean. Bere saioan eztabaida piztea ere lortu zuen, hizkuntza gutxituen inguruko politiken inguruan. Bestalde, guztiz gomendagarria den dokumentala ikusi genuen: “Hesiak Gainditzen” frankismo garaian euskal lurraldeetara inmigratu zuen jendearen inguruan.

 

Gogoeta mahai gainean

Jasone Mendizabalek Topagunea asoziazioaren inguruan hitz egin zigun pasaden ostiralean. Euskalzaleen elkarte honek bi funtzio nagusi ditu bere lan eremuan, komunidadea sarean bildu, mugitu eta antolatzea batetik, eta euskara bultzatzea bestetik. Auzolanaren filosofia honetatik sentsibilizazioa, hizkuntza, elkarbizitza eta dibertsitatea lantzen ditu bereziki. Hala ere, etorkizunera begira, hainbat erronka ere badituztela agertu zigun Jasonek: emakumezkoen ahalduntzea, gazteen parte hartze zabalagoa edo web gunea hizkuntza gehiagotan izatea esaterako.

 

Jasoneren ekarpenaren ostean, hizkuntza biziberritze proiektuak garatzera begira, landutako materialen errepaso eta gogoeta egin genuen Jon Sarasuarekin. Galdera nagusia ondorengoa izan zen: Nola kudeatu behar ditugu ezberdintasun sozial, erlijioso, politiko, ideologiko, interesak eta gainerakoak hizkuntza biziberritze prozesuan? Batzen gaituena hizkuntza izanik, honek gainerako guztiak baino garrantzia gehiago izan beharko luke. Baina, ezberdintasunak zilegizkoak eta beharrezkoak dira.