Txinparta piztu da gugan!

Ikastaldiari amaiera eman diogu jada. Zenbat urduritasun eta emozio azken egun hauetan!

Oso azkar pasa da, bai, trinkotik asko izan duen ikastaldi hau. Badakizuenez elkarlanean aritu dira 10 hizkuntza gutxituetako 16 ordezkariak: Amazigh (Rif, Maroko), Nawat (Mexiko), Mapunzugun (Wallmapu, Txile),  Yukatango Maia (Mexiko), Aimara (Bolibia), Guarani (Bolibia), Kaqchikel (Guatemala),  K’iche’ (Guatemala), Nasayuwe (Kolonbia) eta Kichwa (Ekuador).

Astelehenean Ikastaldiaren agur ekitaldia ospatu genuen Aretxabaletako Arkupe aretoan. Giro goxo eta alaia 10 hizkuntza gutxituetako 16 ordezkariek eta gainerako gonbidatuek sortu zutena.

Hona agur ekitaldiko laburpen bideoa:

Azken egunetan nork bere herrialdean aurrera eramango duen hizkuntza biziberritzeko proiektuaren prestakuntzan jardun dute buru-belarri. Eta atzo izan zen, hain zuzen ere, proiektuen aurkezpena.

Koba bateko iluntasunetik gutxi dute lan horiek, kolore guztietako proiektuak baitira sortu dituztenak. Amazigh hizkuntza eta kultura garatzeko, esaterako, idazle eta artisten elkarte bat sortuko duela erabaki du Amazigh hizkuntzako ordezkariak. Aimara (Bolivia) komunitateko kideak, berriz, bere hizkuntza sare sozialetan sustatuko du. Hezkuntza arloan esku hartuko duenik ere badago.

 “Orain inoiz baino argiago daukat nire herriarentzat baliagarri izan nahi dudala” esan zuen proiektua aurkeztu ostean Wallmapu (Txile) komunitateko ordezkarietako batek. Transmisioaren garrantzia azpimarratu du Kchwa hiztunetako batek: “Nire komunitatera iritsi orduko denak batuko ditut, nik hemen ikasitakoa haiekin partekatzeko”.

Hitz beste egin eta Guarani komunitateko ordezkariek utzitako azken agurrarekin emango diogu amaiera Ikastaldiaren edizio honi:

“Guaranien nazioaren izenean, Garabide eta Euskal Herriari helarazi nahi diogu gure eskerrik beroena, euskararen biziberritze prozesua ezagutzeko aukera emateagatik. Eta izan dezazuen seguru, munduan gutxituak diren gure hizkuntzengatik borrokatzeko gugan piztu den txinparta horrek pauso erraldoiak emango dituela.”

Laster arte eta…

Eskerrik asko – Tanmmirt – Tasohkamatik – Chaltumay – Nibóolal – Yasoropai – Maltyox – Pay – Ninantayupaychani – Matiox – Yuspagara !!!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude