Hezkuntza hizkuntzen kabi

10 hizkuntza gutxitutako 16 ordezkarien erronka handienetarikoa da hezkuntza. Horri buruz mintzatzera etorri zaigu hain zuzen Karmele Perez HUHEZIko irakaslea. Nola heltzen gara elebidun izatera? Hezkuntza eredu elebidunek beti bermatzen al dute ikasleek eskola bukatzen dutenean bi hizkuntza horiek menperatuko dituztela? Horra hor sortutako bi galdera.

Perezek ezetz dio, hezkuntza elebiduna positiboa izateko ezinbestekoa dela hizkuntza bakoitzari trataera berezia ematea. Eskolan errefortzua behar duen hizkuntza zein den identifikatu beharra dago beraz, eta haren beharrei egokitutako eredua planteatu.

Gure ordezkariak luzez aritu dira Andoni Barreñarekin batera haien komunitateetako hezkuntza ereduak partekatzen. Oso esperientzia emankorra izan da, bai horixe! Besteak beste, hezkuntza eta hizkuntzaren estandarizazioaren arteko harreman estuak agerian geratu dira: batak bestea behar du aurrera egiteko. Erronka handia dugu beraz!

Hezkuntzaz ari garela… A, B eta D ereduak ezagunak ditugu, baina ba al dakizue zergatik ez dugun C eredurik?

Ez, ez da euskal alfabetoan C hizkirik ez dugulako… C eredua zena galdu egin zelako baizik!

Hezkuntzatik komunikabideen mundura egingo dugu salto hurrengoan.

Yayoecha piareve!


Hitzez hitz estandarizazioa helburu

Igandean Kilometroetan egindako jai eta dantzak gogoan, Andoni Barreñarekin hasi dugu astea. Corpusaren garapenerako estrategiak izan ditu hizpide Barreñak. Corpusa zer den argitu eta gero, estandarizaziora bideratu du eztabaida. Zergatik eta zertarako estandarizatu hizkuntza bat? Barreñak argi du: haren ustez, hizkuntzaren estandarizazioa herria batzeko ezinbestekoa da, herriak bat egiteko oso tresna indartsua.

Hitzak nola sortzen diren ere ikusi dugu. Nawat, nasayuwe, k’iche’… hainbat hizkuntzatako adibideak ikusiz baieztatu ahal izan dugu hizkuntza guztiek dituztela hitzak sortzeko mekanismoak.

Bide batez, hona bitxikeria bat: ba al dakizue “tomate” hitzaren jatorria zein den?

Bada, nawat hizkuntzatik dator! Izan ere, hemen ez genuen horrelakorik kolonizazioan zehar espainiarrek Mexikotik ekarri zuten arte.

Gordintasunez beteriko testigantzak ere entzun ditugu gure partaideen eskutik, komunitate konkretu batekoak izateagatik pairatutakoak.

Estandarizazioa hezkuntzarekin lotuko dugu hurrena.

Al azkka!

Emozioz beterik, aurrera doa #ikastaldia2019

Pasa den asteburuan heldu ziren ikastaldiko kideak Euskal Herrira. Garabideren eta parte hartzaileen aurkezpenak eginda, Iñaki Arrutik eman dio hasiera Hizkuntza Biziberritzeko Gidaritzari buruzko ikastaldiari. Hizkuntzen desagertze eta biziberritze prozesuen inguruan aritu zaigu Arruti. Parte hartzaileak nork bere autobiografia linguistikoa egitera gonbidatu ditu Arrutik, haren ustez, eta zenbait soziolinguistaren lanetan oinarrituz, interesgarria baita norbanakoaren esperientziatik abiatzea hiztun komunitate osoaren joerak identifikatu eta biziberritzeko estrategiak martxan jartzeko.

Barre egiteko momentuak ere izan ditugu gurean. Yukatango maiak
“Waye” dokumentalaren proiekzioa aurkezten izan dira Miarritzen. Bertan zeudela, euskal komunikabide batekoa gerturatu zitzaien bere burua aurkeztuz: bera Maia (izena) zela esan zien, eta gure kideek haiek ere maiak zirela erantzun zieten barrez.

Xabier Payak, eskuak gora, mugiarazi egin ditu kideak bere ekoizpen kulturalari buruzko hitzaldian. Kultur ekoizpenean hizkuntza estandar idatzia izatearen garrantzia azpimarratu du Payak. Horrez gain, euskal kulturaren ingurukoak partekatu ditu, eta parte hartzaileek ere izan dute haien esperientziak elkarbanatzeko tartea, zein baino zein hiztunago.

Lehenengo ateraldia ere egin dugu jada. Bilbon izan gara hain zuzen ere, Euskaltzaindia eta Zenbat gara ezagutzen. Euskararen akademian, haren sorreraren eta zereginen nondik norakoak ezagutu ditugu Xabier Kintanaren euskaltzainaren eskutik. Zenbat gara kultur elkarteko kideek ere besoak zabalik hartu gaituzte berean. Haien lana gertutik ezagutzeko aukera izan dugu, ikasgelan lehenik eta mahaiaren inguruan gero. Esperientzia guzti hauek entzun eta gero, erremintaz beteriko kaxa batekin etxera joango dela adierazi du parte hartzaileetako batek.

Bihar Zarautzen izango gara, gu ere… Ikastolen mundura!