Albisteak

BIHAR kongresuaren aurkezpena (Hendaia, 2026-05-11)
BIHAR kongresuaren aurkezpena (Hendaia, 2026-05-11)

Zabalik dago BIHAR kongresurako izena-emateko aukera

2026/05/11

Pasa den apirilaren 15ean, Bilboko Euskararen Etxean egin bezala, gaur Hendaiako Borderline Fabrikan aurkeztu dugu BIHAR egitasmoa, hizkuntzak biziberritzeko kontakizunak edo diskurtsoak erdigunean jartzen dituen ekimena. Egitasmo hau datorren irailaren 23tik 26ra Bilbo, Irun eta Hendaia artean burutuko den Nazioarteko Kongresuaren bidez burutu eta plazaratuko da.

Hain zuzen, gaurtik aurrera, zabalik dago kongresura etorri ahal izateko izena emateko aukera, https://bihar.eus/ webgunean.

Egitasmo honen baitan, hainbat erakundek hartu dugu parte: Soziolinguistika Klusterrak, Taupa Euskaltzaleen Mugimenduak, Plazara Kolektiboak eta Garabide Elkarteak. Gaurko aurkezpenean bertan izan dira:

  • Imanol Larrea Mendizabal (Soziolinguistika Klusterra)

  • Jasone Mendizabal Altuna (Taupa Euskaltzaleen Mugimendua)

  • Xan Aire (Plazara kolektiboa)

  • Gorane Ayesta Maidagan eta Iñaki Martinez de Luna Perez de Arriba (Garabide Elkartea)​

BIHAR egitasmoak biziberritzen ari diren hizkuntza komunitate gutxituak ekartzen ditu erdigunera, hizkuntzak biziberritzeko diskurtso edo kontakizunetan jartzen delarik fokua. Bi urteko prestaketa lanen ondoren aurkeztutako proiektu hau hiru fasez osatu da: Nazioarte mailako diagnostikoa, Euskal Herri mailako sozializazio ariketa, eta arestian aipatu den, irailean eskainiko den Nazioarteko Kongresua

Ezohiko dimentsioko proiektua da: munduko hizkuntza komunitate gutxituak erdigunean jarriz, hizkuntzen biziberritzearen inguruko kontakizunen eguneraketan jartzen du fokua.

Kongresuaren egitaraua honakoa izango da:

  • Irailak 23, asteazkena (Bilbo, Euskalduna jauregia): Kongresuaren hasiera ekitaldia
  • Irailak 24 eta 25 (osteguna eta ostirala)

    • Irun, Ficoba: kongresuaren muina osatuko duten hitzaldiak, mahai-inguruak eta tailerrak

    • Hendaia: programazio kulturala osatuko duten ekintzak

  • Irailak 26, larunbata (Hendaia): manifestuaren aurkezpena eta itxiera ekitaldia

​Esan bezala, kongresuaren bidez, aurreko bi faseetan (diagnostikoan eta sozializazioan) bildutako irakaspen, diskurtso eta esperientziak erdigunera ekarriko dira. Kongresua adierazpen parte-hartzaile baten argitalpenarekin eta sare global berri baten eraketarekin amaituko da. 

Egitasmo honek erakunde hauen babesa du: Eusko Jaurlaritzako Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentzia, Beasaingo Udala, Bilboko Udala, Bizkaiko Foru Aldundia, Euskal Kultur Erakundea, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saila, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Nafarroako Gobernua.

BIHAR ekimenaren informazio zabalagoa ekimenaren webgunean duzue ikusgai: https://bihar.eus 

Erlazionatutako proiektua

facebook
0
twitter
Iruzkinak
0
Lagun bati bidali

 

 2020 Garabide

Larrin Plaza 1, 20550 Aretxabaleta, Gipuzkoa
688 63 24 33 / 943 250 397
garabide[arroba]garabide[puntu]eus