Aditu formazioak eta GARABIDE elkarteak Aretxabaletan daukate gunea, eta lehen egunetan bertatik igaro dira euskararen eta biziberritzeari buruzko gako ugariren berri eman dituzten hainbat lagun Belen Uranga, Ane Ortega, Iñaki Arruti, Jon Sarasua, Andoni Barreña, Gatxi Arexolaleiba, Gorane Ayesta… Gari Iturbe alkateak ere goxo hartu gaitu beste urte batez udaletxean.
Astean aurrera, Debagoien eta Gipuzkoa utzita Nafarroara joan zen taldea. Sakanan bertako mankomunitatea eta eskualde horretako eta Pirinioetako euskara zerbitzuen funtzionamenduaz ikasi zuten Castillo Suarez, Idoia Zabaltza eta Tere Iribarrenen eskutik. Guaixe Sakanaz Sarean hedabidea bisitatu ondotik Iruñerantz abiatuta, Paula Kasaresekin familia-transmisioaz belaunaldien arteko hizkuntza-jarraipena bermatzeko duten prozesuak aztertu zituzten.
Biharamunean Tafallako Garces de los Fayos ikastolan egin zieten harrera, eta Xabir Alcuaz Tafallako alkatearekin ere bildu ziren; gero Errigora esperientzia ezagutzeko aukera izan zuten elikadura-subiranotasunaren eta hizkuntzaren arteko lotura ikasteko.
Asteburuan taldea erabat osatu da, Australiatik etorritako bi bisitariak batu baitira taldera. Tafallaraino joan ezinik, Bilbon eman zuten euren formazio laburtuaren hastapena, Urretxindorra ikastola, Kafe Antzokia eta Euskararen Etxea ezagutuz. Larunbatean, elkar ezagutzeko eta Aretxabaletako herritarrekin harremanak estutzeko parada ezin hobea izan zuten Sanmigel jaietako bazkarian.
Datozen egunak Aretxabaletan eta Gipuzkoako beste zenbait txokotan emango ditugu.
Astelehenean, ingurune digitalez eta hedabideez mintzatuko dira, eta genero-tailerra ere izango dute goizean. Bihar asteartea, Andoainen izango da taldea. Bertan bisitatuko dituzte Euskalgintzaren Kontseilua, Soziolinguistika Klusterra eta BERRIA egunkaria.
Urria hasteko, corpusaz, idazketaren estandarizazioaz eta sorkuntza terminologikoaz euskararen esperientziatik norbere hizkuntzaren erronkei helduko diete Aretxabaletan. Segidan, aktibazio sozialaz ariko dira, eta TELP tailerren berri izango dute arratsaldean. Eskolako tartea amaituta, ilunabarrean Aretxabaletako herriarekin topaketa tartea izango da erakusketaren bidez.
Ostegunean goizean goiz abiatuko da taldea Donostiarantz, Gipuzkoako Foru Aldundia bisitatzeko. Jarraian, UZEIn egingo dute geldialdia. Arratsaldean, kostaldetik barnealdera, Aralarko magalera, kultura eta mitologiaren arteko uztarketa egiteko Ataunen Barandiaran museoan Sara Etxetik abiatuta. Jentilbaratza Kultur Elkartean amaituko da osteguneko jardunaldia.
Ostiralean ere Gipuzkoan gora eta behera ibiliko da Aditu formazioko taldea. Arrasaten Goiena taldera egindako bisitan hasiko da eguna. Goizeko hamaiketan, Beasaingo udaletxea egingo digute harrera, eta Tolosa izango dugu zain bazkalostean. Galtzaundi kultur elkartea ezagutu ostean, sentsibilizazio saioa izango dugu jarraian Tolosan bertan.
Larunbata libre hartuta, igandean Aditu formazioko lagunak Elgoibarren izango dira ikastolen aldeko Kilometroak jaian.