Albisteak

Partaideak EHUko Letren Fakultatean
Partaideak EHUko Letren Fakultatean

Martxan da HIGA, 68 hizkuntza gutxitu bildu dituen gazte-topaketa

2025/07/17

Gasteizen dira, igandetik, munduko 85 gazte inguru, 5 kontinenteetako 68 hizkuntza gutxitu ordezkatzen dituztenak. Uztailaren 14tik 18ra egongo dira bertan, hizkuntza gutxituen biziberritzearen gaineko formazioan. Hainbat hitzaldi, mahai-inguru eta tailer izango dituzte aukeran, eta topaketa eta jardunaldi batez haragoko esperientzia pilatuko dute bertan. Aurten, gainera, Kataluniako Linguapax elkartearen Nazioarteko Saria jaso du HIGAk bosgarren edizioan, 2011tik egindako ibilbidearen aitortza modura.

Antolatzaile taldea barruan dela, ia 100 gazte dabiltza uztaileko hirugarren aste honetan Gasteizko hirian barrena. Bost eguneko kurtsoan, HIGAk (Hizkuntza Gutxituetako Gazte Hiztunen Topaketa) formazio akademikoa eta praktikoa eskainiko du. Hizkuntzaren biziberritzeaz ariko dira funtsean, gaitegi zabal bat eskutan hartuta: hizkuntza aniztasunaren promozioa, teknologia berrien inpaktua hizkuntza gutxituetan, hizkuntzaren biziberritzea eta artearen arteko zubiak, hizkuntzaren intersekzionalitatea, hizkuntza gutxituen egoera orokorra Abya Yalan... Formazioa EHUko udako ikastaroen barruan dago, nazioarteko komite akademiko baten bermearekin eta udako ikastaroen ziurtagiria dauka. Ikus, aurtengo programa: https://www.higatopaketa.eus/copy-of-editing-de-higa-2025

HIGA formazioaren antolaketan gazte batzorde bat ari da talde motorrean, Gasteizko udaleko Gazteria eta Euskara Zerbitzuarekin elkarlanean.  Horrez gain, laguntzaile eta babesle talde bat ere badauka HIGAk, tartean Garabide elkartea.

Nazioarteko Linguapax Saria HIGArentzat

Aurten bosgarren edizioa du HIGAk (urte biz bat egiten da) 2011an sortu zenetik, eta hasiera ekitaldi berezia izan du. Izan ere, Kataluniako Linguapax erakundeak 2024ko Nazioarteko Linguapax Saria HIGAri eman zion, eta aurtengo edizioan, preseski, sari hori ematera etorri dira Gasteizera. Linguapax erakundeko lehendakariak, Monica Pereñak eman zien saria HIGAko lehenengo edizioetako talde motorraren buru-belarri aritu zen Beñat Garaiori eta Gasteizko Udaleko Euskara zinegotzi Maria Nanclaresi.

facebook
0
twitter
Iruzkinak
0
Lagun bati bidali

 

 2020 Garabide

Larrin Plaza 1, 20550 Aretxabaleta, Gipuzkoa
688 63 24 33 / 943 250 397
garabide[arroba]garabide[puntu]eus