Albisteak

Martinez de Luna saria jasotzen
Martinez de Luna saria jasotzen

Manuel Lekuona saria jaso du Iñaki Martinez de Lunak

2024/04/16

Euskal komunitateari egindako ekarpena aitortzen dion saria jaso du Garabideren lehendakari den soziolinguista arabarrak.

Erakundeetako ordezkaritza zabal batek zein euskalgintzako erakunde ugaritako ordezkariek babestuta, Iñaki Martinez de Lunak Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona saria jaso zuen apirilaren 11n, Gasteizko Ignacio Aldekoa kultur etxean.

Edurne Begiristain kazetariak gidatutako ekitaldian, Barandiaran Fundazioko lehendakari Abel Ariznabarretak epaimahaiaren erabakia irakurri ondoren, Eusko Ikaskuntzako Ana Urkiza lehendakariaren eskutik jaso zuen euskal komunitatearen alde egindako lana aitortzen dion saria. Urkizak honela definitu zuen Martinez de Luna: "Begirada zabaleko intelektual bat, hizkuntza-egitateaz ikuskera integrala duena. Gaur egungo euskal soziolinguistikako eragile nagusietako bat. Hizkuntzaren alorreko lider eta bultzatzaile bat". Ildo beretik, Arabako diputatu nagusiak, Ramiro Gonzálezek, Martinez de Lunak Araban euskara biziberritzeko egin duen ekarpena azpimarratu zuen; izan  ere, 1980an %4 ziren euskara ulertu eta erabiltzeko gai zirenak, eta  gaur egun %50 baino gehiago dira.

Bere hitzartzean, Martinez de Lunak jasotako babes eta zorion mezu guztiekiko esker ona adierazi zuen. Bizi osoan euskararekin izandako harremanaz zein euskarak Araban izandako bilakaeraz jardun zuen eta gaur egungo erronkei ere erreparatu zien. Gizartearen euskararekiko atxikimendua aktibatu eta zabaltzen joateko beharra nabarmendu zituen. Huts bakarra saria jasotzeko ekitaldia Izaskun Arrue Kulturgunean egin ezin izana aipatu zuen sarituak.

Zorionekoak gara Garabiden horrelako lehendakaria izateagatik, eta halaxe adierazi zuen Eñaut Agirre koordinatzaileak ere, ekitaldian abestutako bertsoan:

Lagun handi bat goraipatzeko

hartu nahi nuke aitzaki

Garabideko lehendakaritzan

hainbat urte daramaki

ideien txingar taldeko hauspo

edo liskarren tapaki

zeinahi lanetan moldatutzen da

bat arabarra izaki

zenbat denbora zenbat bilera

zenbat mila erabaki

ez dakienak zail da jakiten

(e)ta dakienak badaki

zenbat denbora zenbat bilera

zenbat mila erabaki

bejondeizula merezi duzu

mila zorion Iñaki

facebook
0
twitter
Iruzkinak
0
Lagun bati bidali

 

 2020 Garabide

Larrin Plaza 1, 20550 Aretxabaleta, Gipuzkoa
688 63 24 33 / 943 250 397
garabide[arroba]garabide[puntu]eus