Formazioko laugarren astean Euskal Herria bazterrik bazter ibili dira mundu osotik etorritako lagunak. Aretxabaletan hasita, Gasteizen jarraitu eta Lapurdirantz jarraitu. Bizkarsoro filman Ipar Euskal Herrian euskararen galera eta lehen ikastolen sorrera nola izan zen ezagutzeko aukera izan ostean, Hendaian gaur eguneko ikastolen lanaren eta erronken berri izan zuten.
Jarraian Baiona Ttipian Plazara! Kooperatibako lagunekin Kalostrapen bazkaldu eta Patxa plaza ezagutu zituzten, eta Atturriaren beste aldean Zizpa gaztetxean Ipar Euskal Herriko euskalgintzaren egoera soziolinguistikoaren berri izan zuten. Egun luzea amaitzeko, aldameneko Atalante zineman “Runa Simi” dokumental ketxua ikusi genuen, eta ADITUko parte-hartzaile ketxuek herritarren galderei erantzun zieten.
Saran jarraitu zuen Lapurdiko bigrren egunak, haur eta gazte-literaturako azokan. Galtzagorriko lagunek emandako hitzaldiak interes handia piztu zuen. Lapurdi eta Nafarroako muga etxe erditik pasatzen den Urtxola jatetxean bazkalduta, bertan egoitza daukan Eskutik Lantegian Ellande Alfarok eta Claire Grillardek pilotak, xisterak, eskularruak eta xareak nola egiten dituzten erakutsi ziguten.
Nafarroa Garaian sartuta, Elizondon guaraniera, kitxuera eta Yucatango maiari buruzko solasaldia izan zen; biharamunean berriz, Euskal Herriko historiara sarreratxo bat izan Amaiurko gazteluan.
Bilbora bisita
Asteon ADITU programak Aretxabaletan jarraitu du, Imanol Igeregi, June Fernandezek, Ander Bolibarrek, Jon Sarasuak, Esther Lakastak eta Paula Laitak emandako eskolekin.
Asteazken goizean programatutako jarduerak bertan behera geratu ziren Palestinaren aldeko lanuzteagatik. Era berean, agur hunkigarria egin genien Adituan parte hartu duten Sylvia eta Laureni. Garabide-ren esperientzia eta elkarlana Australiako hizkuntza-komunitate indigenetaraino eramango dute, eta gure artean ere utzi dute arrastoa.
Hala, asteazken arratsaldean berriz ekin diogu Adituari, Bilbora iritsita. Zenbat Garako lagunek Bilbo erdiguneko elkarte horren eta Kafe Antzokiaren esperientzia azaldu digute. Bizkaiko hiriburuko programan EuskarAbentura egitasmoa ezagutu eta Euskararen Etxea bisitatu ditugu, eta Zazpikaleetan amaitu dugu eguna. Han, AEKren egoitza bisitatu eta Korrikaren berri izan dute, euskararen aldeko herri ekimenen garrantzia eta nazioarteko proiekzioa aztertzeko.